"Inoiz euskaraz bizi izan ez diren lekuetara heldu gara"
Errigora ‘Sustraitik Espaziora’ dokumentala aurkezten ari da Euskal Herriko hainbat txokotan. Euskarari Puzka kanpaina abiatu dute udazkenerako, eta euren lana erakusteagaz batera, herri baten indarrak gauzak aldatzeko ahalmena duela frogatuko dute. Bihar [azaroak 6] 19:00etan, Ean dute hitzordua, Natxituko bolatokian.
«Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra» da Errigora. Urteetako lana ikus-entzunezko baten betikotzea erabaki dute, eta hainbat txokotara eramaten ari dira. Bihar [azaroak 6] 19:00etan, Ean dute hitzordua, Natxituko bolatokian.
Sustraitik Espaziora izena jarri diozue dokumentalari.
Peru Aranburu: Dokumentalean Euskarari Puzka dinamika bezalako kanpaina batek atzetik duen lana erakusten dugu, beraz, izenburuak Errigoraren lan guztiari egiten dio erreferentzia. Lur barik ez dago Errigorarik; horren gainean eraikitzen da produktoreen partea eta baita euskararena ere; euskarak lur bat behar duelako. Espazioari dagokionez, dokumentalak azaldu nahi digu oinarri bat izan behar dugula. Argi daukagu euskararen alde ari garela eta produktuak nondik datozen badakigula, baina baita amets egin behar dugula ere. Euskararen egoera, nekazaritzaren egoera eta herri bezala ditugun harremanak beste maila batera eraman nahi baditugu, espaziora begira jarri eta amets egin behar dugu. Dokumentalean ondo azaltzen da zegaitik sortu ginen eta nondik sortu ginen, baina Errigoraren etorkizuna zabalik dagoela azaldu nahi dugu.
Urte luzez aritu zarete lanean, eta aldaketa askoren lekuko izan zarete.
Angel Iturri: Lurrak ematen duen produktuaren eta euskararen arteko harremana handitzen ari gara. Produktuen etiketak euskaraz eta gaztelaniaz idazten ditugu, eta honen bitartez Errigorak gauza handi bat lortu du: euskarazko berba batzuk zer esan nahi duten ez badakigu ere, behintzat arrotz ez izatea. Inoiz euskaraz bizi izan ez diren lekuetara heldu gara. Arronizen, esaterako, jende asko hasi da euskaltegira joaten Errigorra ezagutu eta gero. Arronizen, nire herrian, askok uste genuen gure ilobek ez zutela inoiz euskaraz egingo. Gaur, aitite esaten digute, eta urtu egiten gara.
P.A.: Gaur egun 23 ekoizle daude Errigoragaz lanean, baina hasieran bost baino ez ziren. Errigorak hasiera-hasieratik eskatzen zien ekoizleei produktuak euskaraz etiketatzea. Ekoizleak gehitzen joan diren heinean, konpromisoak ere sakontzen joan dira. Orain, ekoiztetxe bakoitzak, bere erritmora bada ere, euskara plan bat du, eta argi dago Nafarroa erdi eta hegoaldeko lantokiek euskararekiko konpromisoak hartzea lorpen handia dela. Denok irabaztearen eta euskarazko merkatu bat sortzearen alde, jende asko dabil gutxinaka konpromisoak hartzen.
Zergatik dokumental bat?
P.A.: Errigora zer den azaltzeko balio duen bitarteko bat behar genuen. 10.000 familia baino gehiagok parte hartzen dute kanpaina bakoitzean, eta mila tokitara heltzen dira Errigoraren produktu eta mezuak. Hala ere, titularretatik eta bideo laburretatik haratago joan nahi genuen, eta dokumentala sortzeko ideia izan genuen, dena bere osotasunean erakusteko. Errigoraren parte diren elementu eta pertsonak agertzea nahi genuen: ekoizleak, euskalgintzako jendea, herrietan kanpainetan lanean aritzen diren boluntarioak, zonaldeko ikastolak, euskaltegiak… euretako bakoitzak Errigora nola bizi duen erakutsi nahi genuen.
Norengana edo noraino heldu nahi duzue?
P.A.: Batetik, dokumentalagaz Errigora ezagutzen duen jendearengana heldu nahi dugu, proiektua sakonago ezagutu dezaten. Bestalde, ahalegin berezia egingo dugu Errigora ezagutzen ez duen edo urrunetik ezagutzen duen jendearengana heltzeko. Nafarroako hegoaldera heltzeko saiakera egingo dugu, baina iparralderago ere heldu nahi dugu, kanpaina eurengana eraman eta eskariak egin ditzaten.
Nekazariek bizi dituzten zailtasunak azaleratuko ditu, ezta?
A.I.: Ekoizle txikiak gara, bertakoagaz lan egiten dugunak, eta gero eta mundu globalizatuago bati aurre egiten diogunak. Produktuak garaiaren arabera batzen ditugu, eta gaur egun garai horrek gero eta aldakorragoak dira. Zainzurien kanpainak laburragoak izan dira; ia ez dago udaberririk, eta negutik udara egiten dugu salto. Hori dela eta, askotan barazki asko galdu egin daitezke. Euskarari dagokionez, euskalgintzako proiektuek ingurua kontran izaten dute askotan.
Zer eskatzen diozue instituzioei?
P.A.: Herritarren, euskararen eta nekazarien beharrei erantzun praktiko bat emateko sortu zen Errigora; ez zen erakundeei ezer eskatzeko sortu. Hala ere, euskalgintzan eta nekazaritzan jarduten duten pertsonen beharrei entzuteko eskatuko genieke, baita behar horiei herri logika bategaz erantzuteko ere. Eguneroko lana errazteko neurriak eta egoera iraultzeko erabakiak hartu behar dira. Baina eskatzea ez da gure lehentasuna. Azken urte luzeetan ez da inoiz gure asmoa izan instituzioei begira ezer egitea; ikusten genuen herriak baduela indar bat, eta posible da indar horregaz arazo bati irtenbidea ematea beste aukera berri batzuk sortzeko.