Halloween Metal Fest jaialdiak metalzalez beteko du Bermeo
Bermeoko Kafe Antzokiak Bloodhunter, Rise To Fall, Quaoar eta Somnambula taldeen kontzertuak hartuko ditu zapatuan [azaroak 7]. Sarrerak 20 euroren truke daude eskuragarri.
Bermeoko metalzale talde batek aintzindari bihurtuko zen jaialdi bat antolatu zuen 2008an. Guturalak, erritmo azkarrak eta soinu gogorrak toki berean batzeko helburuagaz, Halloween Metal Fest jaialdiak Bermeo hartu zuen lehen aldiz. 18 urte beranduago, zapatuan [azaroak 7] hartuko du jaialdia Bermeoko Kafe Antzokiak.
Zaletasun askoren babesleku da kostaldeko herria, eta metalzaletasuna horietako bat dela azaldu du jaialdiko antolakuntzak. Bizitzeko era bat eta egunerokotasunean lagun den musika da metala petsona askorentzat, hala ere, ardura batek aurtengo jaialdiaren atea jo du: «Metalzaleok komunitatea osatu izan dugu beti, eta oraindik ere badago, baina gazte metalzale gutxiago dago gaur egun».
Bermeon, musikaz gain, zinema ere bada elkarregaz gozatzeko arrazoia. Halloween Metal Fest Spookypheria Produktions kultur elkarteak sortu zuen; beldurrezko zinemaren bultzatzaile den Gorefest Bermeoko Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaldia antolatzen den elkarte bera. Urte luzez daramate maite duten horren alde lanean, eta oraindik ere badute jarraitzeko indarra: «Zeozer antolatzen dugunean gogo askogaz egiten dugu. Asko gustatzen zaigun zinema eta musika estiloa da, eta zailtasunak zailtasun, jaialdiak antolatzen jarraitzen dugu».
Sonambula taldeak lehen aldiz joko du Bermeon, hala, taldea eskualdean bertan ikusteko aukera paregabea eskainiko du jaialdiak. Quaoar taldearen estiloa definitzea «zaila» dela aitortu dute antolatzaileek, baina soinu progresibo eta grunge estiloaren artean badutela zerbait berezi egiten dituena. Raise to Fall taldeak death metal melodikoa ekarriko du Kafe Antzokira. 20 urte bete ditu taldeak, eta aukera bikaina izango da taldeagaz batera ospatzeko. Bloodhunter taldeak sortu du ikusmin handiena: «Metala beti izan da oso genero maskulinizatua, eta Bloodhunterreko abeslaria emakume bat da. Gutural eta soinu gogorrez betetako musika egiten dute».
Antolatzaileek gogotsu begiratzen diote biharko egunari, izan ere, «pozgarria» izaten da betiko jendeagaz batzea. Hala ere, «gazteak eta Bilbo aldetik jende berria erakartzea» ere bada jaialdiaren helburua: «Metala oso genero interesgarria eta aberatsa dela erakutsi nahi dugu».
Sarrerak Bermeoko Kafe Antzokiko webgunean erosi daitezke 20 euroren truke. Leihatilan, 22 euro ordaindu beharko dira.