Greba orokorrera batzeko beharra izango du hizpide Etxebizitza Sindikatu Sozialistak
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak etxebizitzaren problematikaren eta azaroaren 11an [eguaztena] greba egiteko arrazoien berri emateko hitzaldia antolatu du domekan [azaroak 8], 12:30ean, Pasealekuan.
Greba orokorra lantzako asanblada irekiak egin ditu Busturialdeko Kontseilu Sozialistak. Busturialdeko Kontseilu Sozialista Aste bat baino gutxiago falta da azaroaren 11rako [eguaztena] euskal gehiengo sindikalak —ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru— eta etxebizitza sindikatuek —Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatuen Sareak— deituta duten greba orokorrerako, eta grebagaz bat egiteko beharraz ohartarazten jarraitzen dute deitzaileek. Horretarako, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak etxebizitzaren problematikaz eta greba batzeko beharraz mintzatzeko hitzaldia antolatu du domekan [azaroak 8]. 12:30etan dute ipinita hitzordua, Pasealekuan.
Etxebizitza eskubidea bermatu eta espekulazioari ezetz esateko greba ze testuingurutan antolatu den azalduko diete bertaratzen direnei; izan ere, azaroaren 11an “langileon pobretzearen aurka eta soldatak igotzearen alde eta denon eskubideak bermatuko dituzten kalitatezko zerbitzu publikoak aldarrikatzera” ere aterako da kalera Etxebizitza Sindikatu Sozialista: “Egoera jasanezina da, langile klasea pobretzen ari da enpresariak eta espekulatzaileak irabaziak handitzen dituzten bitartean”.
Langileriaren egoera arindu dezaketen neurriak hartzerik badagoela deritze sindikatu sozialistakoek; besteak beste, etxegabetze guztien etetea eta etxebizitzen prezioen jatsiera. Gaur gaurkoz baina, “ez dago horrelako neurririk hartu duen gobernurik”. Hala, alderdi politikoen, gobernu eta instituzioen eta patronalaren jokaerak ere izango dituzte hizpide.
Era berean, ikuspegi sozialitatik etxebizitza nola ikusten duten azaldu eta bai greba testuinguruan bai orokorrean identifikatu dituzten hiru erronka nagusiak mahaigaineratuko dituzte: “Espekulazioaren debekua, espekulatzaileen espropiatzea eta etxebizitza langileriaren beharrizanen arabera antolatzea eta ez merkatuaren interesen arabera”.
Asanbladak. Greba orokorrari begira ikuspuntu ezberdinak jaso, informazioa zabaldu eta prestaketa lanak egiteko hainbat asanblada ireki antolatu ditu Busturialdeko Kontseilu Sozialistak, eta deitzaileek balorazio positiboa egin dute, 60 lagunetik gora batu baitira saio bakoitzean: “Jende ezberdina batu gara, gazteak, helduak, nagusiagoak…”.
Sindikatutik etxebizitza eskubidea bermatu eta espekulazioari ez esateko domekako hitzaldira zein greba orokorrera batzeko deia egin die herritarrei. Modu berean, azaroaren 11n Gernika-Lumoko beste greba deitzaileekin egingo duten manifestaziorako deia ere zabaldu dute. Merkurion ipini dute hitzordua, 18:00etan.