Gernikako indaben ordua
Merkatu plaza baserritar, ekoizle eta artisauen topagune izango da etzo [azaroak 7], 09:00etatik 14:00etara bitartean, Azoka Bereziaren azaroko zitan.
Urteko zortzigarren hitzorduan heldu zaie Gernikako indabei protagonista izateko txanda. Merkatu plaza baserritar, ekoizle eta artisauen topagune izango da bihar, 09:00etatik 14:00etara bitartean, Azoka Bereziaren azaroko zitan; oraingoan, Gernikako indabaren eguna ospatuko dute.
Goizean zehar Merkatu plazara hurreratzen diren herritarrek Amurrioko Ibai-Gane jatetxekoek kozinatutako indabak dastatzeko aukera izango dute, baita lekalea erostekoa ere bai. Edonola ere, indaba ez da Azoka Bereziak eskaintzeko duen
elikagai bakarra: ardoa, gazta, ogia, euskal pastela, patea eta eratorriak, Muxikako Lazapazaran upategiko txakolia, gildak eta artisau hestebeteak ere egongo dira bertaratzen direnen eskura.
Ohi legez, artisauek ere beraien lekua izango dute Merkatu plazan eta, besteak beste, ehungintza produktuak, haurrentzako liburuak, lora-sortak eta arropa eta osagarri jasangarriak erosi ahal izango dira. Eskualdeko baserritarrek ere ez dute hitzordua galduko eta, beste zapatu batez, beraien produktuak betiko zein bezero berriei saldu asmoz hurbilduko dira. Gernika-Lumoko Maria Jesus Bidaguren, Fernando Olea eta Amaia Irazabal, Ajangizko Juan Felix Urrutia, Kortezubiko Ion Ras, Errigoitiko Bizkaigane, Arratzuko Maite Mestraituak eta Gautegiz Arteagako Concepción Ormaetxeak ipiniko dute postua bihar.