Auzoetako argazkien bilduma osatu gura du udalak
Argazki lehiaketa deitu du Muxikako Udalak, 2027ko egutegia osatzeko. Azaroaren 20ra [barikua] arte parte hartu ahal izango da.
Muxika, Ibarruri eta Gorozikako argazkiak bildu nahi ditu Muxikako Udalak eta, horretarako, argazki lehiaketa bat martxan ipini dute. Argazkiak 2027ko egutegia osatzeko erabiliko direla jakinarazi dute.
Lehiaketan parte hartzeko azken eguna azaroaren 20a [barikua] da, beraz, herritarrak mugikorra edo kamara hartu eta argazkiak ateratzeko sasoiz daude oraindik. Parte hartzaile bakoitzak lau argazki aurkeztu beharko ditu, edozein teknika eta kolore erabilita. Argitu dutenez, argazkiak formatu horizontalean, JPG formatuan eta “ahaik eta kalitate handienean” aurkeztu beharko dira nahitaez.
Zubieta Errota liburutegira helarazi beharko dira aukeratutako lau argazkiak. Bertara joanda zein posta elektronikoz aurkezteko aukera edukiko dute egileek: USB memoria batean eraman daiteke galeria liburutegira edo, nahiago izanez gero, liburutegia@muxikakoudala.eus helbide elektronikora bidali daiteke.
Horrez gain, argazkia atera duen pertsonaren izen-abizenak eta harremanetan jarri ahal izateko datuak adierazita agertu beharko dira, baita argazki bakoitza noiz eta non ateratakoa den ere.
Parte hartzaileak bi multzotan banatuko ditu udalak: 16 urtetik beherakoak gaztetxoen lehiaketa deitu duten kategoria batean eta, 16 urtetik gorakoak, beste batean.
Sariak.
Sarien berri ere eman dute, eta lau sari izango dira banatuko direnak: lehiaketako argazki onenak 150 euroko saria izango du; lehiaketako bilduma onenak eta muxikarrek ateratako argazki onenarentzat ere 150 euroko sariak egongo dira. Gaztetxoen lehiaketako argazki onenak, ostera, 100 euroko saria eskuratuko du. Oinarrietan jaso legez, “partaideek ezingo dute sari bat baino gehiago jaso”.
Lehiaketara aurkeztean parte hartzaileek oinarriak onatzen dituztela interpretatuko dela zehaztu dute. Eta, oinarrietan jasota dago, besteak beste, argazki guztien eskubideak udalaren esku geratuko direla eta, egilearen izen-abizenak aipatuz, horiek erabiltzeko aukera edukiko duela. Halaber, argazki guztiak Muxikako argazki-artxiboaren parte izatera igaroko dira.
Lehiaketa amaitzen denean, jasotako argazkiekin Zubieta Errotako aretoan erakusketa bat egiteko asmoa dauka udalak.