Eusko Eresbatzaren lanari gorazarre egiten dion erakusketa, Mundakan
Eusko Eresbatzari eta haren zuzendari Juan Orue Matiari buruzko erakusketa ikusgai dago Mundakako Santa Katalina baselizan.
Eusko Eresbatza 1936ko azaroaren 11n, Santa Zezilia egunez, Bilboko Areatzako kioskoan.Musutruk Mundaka Eusko Jaurlaritzaren sorreraren 90. urteurrenaren testuinguruan, Jose Antonio Agirre Lehendakariak 1936ko urrian sortutako Eusko Eresbatza eta haren zuzendari Juan Orue Matia gogora ekarri ditu Musutruk Mundakak, Santa Katalina baselizan.
Musikari, pianista eta konpositorea izan zen Orue, eta haren biloba da Musutruk Mundaka taldeko Txabo Aragues Orue. “Bandako zuzendari izendatu zuten, kapitain karguagaz. Eusko Jaurlaritzaren sorreraren 90. urteurrenaren harira, ekitaldi asko egin dira, eta guk Eusko Eresbatzaren historian sakondu nahi izan dugu”, azaldu du Musutruk Mundakaren kideak. Hain zuzen ere, 70 bat kidek osatzen zuten abesbatza, eta mundakarren helburua izan da erakusketa baten bidez denak omentzea: “Gure helburua izan da bandako kideei errekonozimendua egitea; denei egindako aitortza da”.
1934tik Bilboko Udaleko funtzionarioa, Garcia Rivero eskola publikoko musika irakaslea izan zen Orue, eta bilobak kontatu legez, Ameriketako Estatu Batuetara erbesteratu zen 36ko gerran. Bertan, New York eta Habana lotzen zituen itsasontzi batean aritu zen beharrean, orkestraren zuzendari legez: “Gero, Euskal Herrira bueltatu zen, eta 80ko hamarkadan Bilboko Udalaren aintzatespena jaso zuen, baina ordurako hilda zegoen”.
Irakasle izan aurretik, zenbait orfeoi eta orkestra zuzendu zituen, baita pianista izan ere. Bilboko Santa Maria kaleko kontserbatorioan egin zituen musika ikasketak, eta Madrilen osatu zuen formakuntza. Gero, Euskal Gazteriaren Orfeoiaren zuzendaria izan zen, eta bertan ezagutu zuen Maria Iturregi emaztea. 1926an ezkondu ziren, eta urte horretan orfeoiko kargua utzi, eta Portugaleteko Ideal zinema aretoko pianista lanpostua hartu zuen. Handik gutxira, berriz, Elola Orkestran hasi zen pianoa jotzen, eta bertako zuzendari izatera ere iritsi zen. Horrela, Abrako Itsas Errege Klubeko zein Carlton Hoteleko saloietan gau-emanaldi eskaini zituzten.

Erakusketaren altxorren artean daude Orueren zenbait konposizio. Hainbat abesti ezagun konposatu zituen berak, tartean, Zazpi kaleak, Naste Borraste, Gabon Gabean, Euskal Pizkundea, Kaitarrak, El Vals del Riau Riau eta San Ferminetako diana. 300 bat pieza konposatu zituen, eta horien artean daude hainbat bilbainada, pasodoble, tango eta bolero ezagun. Araguesen hitzetan, material gehiago eduki dute, baina erakusketarako aukeraketa egin behar izan dute, eta Santa Katalina egunerako (azaroak 25) kenduko dute, egun horretan baselizan mezatan elkartzen baitira. Barikutik astelehenera bitartean, 11:00etatik 15:00etara eta 16:00etatik 18:00etara bitartean zabaltzen dute baseliza.

Besteak beste, erakusketa osatzeko, antzinako argazkiak, nominak eta egunkarietako artikuluak bildu dituzte. Esate baterako, zenbait argazkitan abesbatzako kideak ageri dira Bilboko Arriaga Antzokian eta Areatzan; 1936ko azaroaren 11n, Santa Zezilia egunez Areatzako kioskoan eman zuten kontzertuaren argazkia dago ikusgai: “Beste argazki batean, gerrarako hegazkin bat erosteko dirua lortzeko egin zuten kalejira agertzen da —Euskalduna frontoian, boxeo jaialdi batean ere elkartasun emanaldia egin zuten 1937ko otsailaren 21ean, Pro Avion Euzkadi kanpainarako dirua biltzeko—. Gure jardunagaz nolabaiteko konparaketa egin genezake; izan ere, guk doako ekintzak antolatzen ditugu, baina dohaintzak jasotzen ditugu, Santa Katalina baseliza konpondu nahi dugulako”. Hain zuzen ere, helburu horri helduta, orain dela urte eta erdi sortu zuten Musutruk Mundaka taldeko kideen asmoa da urtea amaitu aurretik konponketa lanen lehenengo fasea hastea.
Eusko Eresbatzak 1936ko azaroaren 1ean eskaini zuen lehenengo kontzertua, Abandoko Kuartel Nagusian, eta dauden erreferentzien arabera, 1937ko martxoaren 28an Bilboko Areatzako kioskoan egin zuten azken emanaldia jendaurrean, Aberri Egunean, Pazko-domekan.
