"Egungo gaixotasun nagusien %80 saihestea edo, behintzat, ahal beste atzeratzea oso egingarria da"
Alex Arrate Urkixa dibulgatzaile markina-xemeindarrak nutrizio eta osasunari buruzko berbaldi dibulgatiboa emango du zapatuan [azaroak 7] kiroldegi alboko gelan, 11:00etatik 13:00etara bitartean.
Alex Arrate Urkixa markina-xemeindarrak hamaikatxo lan egin du, nutrizioa eta osasuna batzeko dibulgazio alorrean. Bere kasa egiten duen beharraz harago, Ekin zein Geroa osasun zentroetan dihardu dietista eta adituak, baita 2025ean estreinakoz egin zuten Lea-Artibaiko Osasun Biltzarraren antolakuntzan ere. Oraingo honetan Ereñon bilduko da herritarrekin, zapatu honetan [azaroak 7]. 11:00etatik 13:00etara bitartean, osasunagaz eta bereziki nutrizioagaz lotutako berbaldi dibulgatiboa emango du kiroldegi aldameneko gelan.
Zabala da osasun berbak dituen esanahien itzala.
Oso zabala. Nik, funtsean, nutrizio edo elikaduragaz erlazionatutakoak landuko ditut Ereñon, baina baita bestelako zenbait alderdi ukituko ere: alde batetik, loaren osasunari edo atsedenari erreparatuko diogu, osasun sozialari ere bai; bestetik, ariketa fisikoari buruzkoak ere jorratuko ditugu. Fokua bizi ohitura osasuntsuetan ipiniko dugu, bereziki nutrizioari erreparatuta.
Nola bideratuko duzu hitzaldia?
Lehenik, intzidentzia maila handiena duten lau gaixotasun edo planoak zeintzuk diren argituko ditut, eta horiek ahal beste ekiditeko lau ohitura eredu emango dizkiet bertaratzen direnei. Lau gaixotasun multzook honakoak dira: minbiziak, gaixotsun metabolikoak, kardiobaskular zein zerebrobaskularrak eta arnas aparatuagaz lotutakoak.
“Gaixotasun nagusiak saihesteko gakoak lau dira, funtsean: elikadura patroi egokia, ariketa fisiko erregularra, tabakoa ekiditea eta alkohola sailhestea”
Ez da sorta makala.
Ez, baina herritarrek argi eta garbi eduki behar dutena da horien %80 saihestea edo, behintzat, ahal beste atzeratzea oso egingarria dela. Horretarako gakoak beste lau dira, funtsean: elikadura patroi egokia, ariketa fisiko erregularra, tabakoa ekiditea eta alkohola sailhestea. Azken horregaz lotuta, adibidez, aspaldikoak diren eta oraindik errotuta dauden zenbait mito gezurtatuko ditut. Esate baterako, lehen beti esan ohi zen egunen basobete ardo edo bi hartzea ia-ia ezer ez hartzea baino osasungarriagoa zela. Alde horretatik, edalearen sailkapen akats modura ezagun dena azalduko dut. Adineko jendea egotea aurreikusten dudanez, edate patroia kontrolpean edukitzeko aholku praktikoak emango dizkiet.
Nutrizioa, beraz, patologia horien markora egokituko al duzu?
Gaixotasun horien arriskua hauspotzen duten faktore dietetikoak azalduko dizkiet, baina hori galdera bidez egingo dut: zein elikagai duzue zuon osasunarentzat kaltegarrientzat? Horren erantzuna, gehientsuenen ustez, argia da: elikagai ultraprozesatuak. Baina kontua da kaltegarrienak diren hamar faktoreen zerrendan bakarra baino ez dela elikagai jakin bat larregi kontsumitzea. Gainontzeko bederatziek, hain zuzen, zerbait gutxiegi kontsumitzeagaz dute lotura: barazkiak, frutak, lekaleak, zerealak, fruitu lehorrak, haziak edota kalitatezko arrain zein okelak.
Alde horretatik, bada plater osasuntsua deritzon banaketa praktikoa.
Bai, eta banaketa hori argitzea funtsezkoa da. Plater osasuntsua zelan banatzen den azalduko dut, baina bertaratutakoei gogoratuko diet egun gutxiengoa dela hori ondo betetzen edo errespetatzen dutenak. Erresuma Batuan egindako ikerketa batek, kasurako, frogatu zuen biztanleriaren %1ak soilik jagoten duela distribuzio hori, alegia, ehun herritarretik batek. Beraz, edozeinek ohitura hori ahal beste kontrolatzeko neurriak har ditzakeela helarazten saiatuko naiz, sarritan elikagaien merkatuteknia horren aurkakoa den arren.
“Ikusi beharrik ez dago ospitaleetako edota hezkuntza zentroetako salmakinetan zer saltzen den gehien: jaki ultraprozesatuak nagusi dira, eta naturalak edo, sikiera, gutxiago tratatutakoak direnak, ostera, gutxienak”
Zer dela eta?
Bada, adibidez, ez da bidezkoa ahabia eskukada baten eta donut zein bestelako gozoki ultraprozesatuen pakete handi baten prezioa parekoa izatea. Elikadura politikek ingurugiro obesogenoa sustatzen dute askotan. Ikusi beharrik ez dago ospitaleetako edota hezkuntza zentroetako salmakinetan zer saltzen den gehien: jaki ultraprozesatuak nagusi dira, eta naturalak edo, sikiera, gutxiago tratatutakoak direnak, ostera, gutxienak. Industriak ondo daki ultraprozesatuak oso erakargarriak direla, eta, beraz, erabat eskuragarri —klik bakar batera— ipintzen ditu. Guztia esku-eskura edukitze horri geure jardun fisikoa gutxitzen duten neurriak eransten zaizkio, batik bat, eskailera mekanikoak edonon izatea; esfortzurik ez egite horrek esparru obesogenikoak bultzatzen ditu, eta, plater osasuntsuagaz zuzen-zuzeneko loturarik ez edukitzeagatik ere, pisu osasuntsuan eta bizi esperantzan badu eragina.
Badira, beraz, horri bultzaka ari den eredu, industria eta sistemak.
Noski. Elikadura politiken ondorioz diruz hornitzen dituzten zereal ereduei erreparatzea baino ez dago: artoa eta garia jaun eta jabe dira. Beste zereal batzuen sustapena ez da inondik ere hainbeste babesten, eta bultzatzen den ekoizpen hori, jakina, giltzarri da ultraprozesatuen industria indartze aldera. Argi dut, frutak eta barazkiak lantzen dituzten laborari edo nekazariak gehiago babestuz gero, ereduak bestelako noranzkoa hartuko lukeela, eta produktuok erosleentzako merkeagoak liratekeela.
Hau dena egunean-eguneangora eroatea ez da erraza izango.
Ez, baina saiatuko naiz gomendio eta gidalerro praktikoak ematen. Urratsez urrats, komenigarrienak eta ahal dela alboratu beharrekoak diren elikagaiak zeintzuk diren azalduko dut. Izan ere, zuri eta beltzen dinamika barik, elikadura grisen eskala baten parekoa izan beharko litzateke, baina, hori bai, gehiago al gutxiag kontsumitzea komeni diren elementuez osatua.
“Adin jakin batzuetatik gorakoek uste dute harrezkero ezin daitekeela onura osasuntsurik bilatu. Baina ez da hala: bizi esperantza eta zehazki bizi osasuntsuaren esperantza luzatzeko hamaikatxo bide daude”
Adinean nagusienak direnentzako gomendioak ere eroango al dituzu Ereñora?
Hein batean, bai. Adin jakin batzuetatik gorakoek uste dute harrezkero ezin daitekeela onura osasuntsurik bilatu. Baina ez da hala: bizi esperantza eta zehazki bizi osasuntsuaren esperantza luzatzeko hamaikatxo bide daude. Adibidez, frogatuta dago 40 urte inguruko norbanakoak, patroi osasuntsuak aplikatuz gero, hamarkada batez luza dezakeel bizi osasuntsua; 70 urtegaz hasten denak ez du, noski, hain erraz izango, baina zientziak frogatu du hamarkada erdi inguru luzatzea posible dela. Sekula ez da berandu. Gakoa ez datza analitiketan izartxoak errotik kentzea, izartxo horiek balio osasungarrietatik hurrago kokatzen joatean baino.
Jarduera fisikoagaz lotutakoak lantzeko asmorik baduzu?
Bada, arinean nagusiak direnen kasuan, landu beharreko alorra da hori, eta espero dut horretarako tartetxoa hartzea. Ikerketa bat plazaratzea espero dut: 450 laguneko lagin bat hartu zuten, eta 150eko hiru multzotan banatu. Bati paseatzean oinarritutako entrenamendu patroia ipini zioten; beste bati, beren gorputz pisuagaz indarra lantzean oinarritua, kargarik gabe; hirugarrenak indarra kargekin landu zuen. Urtebetez entrenatu zuten, eta gero prozesua hiru urtez eten egin zuten. Ikerketak argiki erakutsi zuen paseatzen ibilitako taldeak aurretiaz izandako gabeziekin jarraitzen zutela; beren gorputz pisuagaz indarra landutakoek sasoiari eusten zioten, edo pixkatxo bat galdu; indarra kargekin lantzen zutenek, azkenik, lortutako onurak mantentzeko adaptazio fisikoak erakusten zituzten edo behintzat ez zeuden hasierako egoeran baino txarrago.
“Nork bere helburuak ipini behar ditu: izan indarra lantzen hastea, izan egunerokoan gehiago mugitzeari ekitea”
Mezua oso argia da, ezta?
Bai. Batetik, indarra landu dezaketenei horri ekiteko gonbita dago. Bestetik, mezu orokorrago bat: eguneroko keinurik txikienekin ere hobekuntzak lor daitezke. Nork bere helburuak ipini behar ditu: izan indarra lantzen hastea, izan egunerokoan gehiago mugitzeari ekitea. Entrenamendu horrekiko atxikidurak markatuko ditu epe luzeko helburuak, alegia, entrenamenduaren interbentzioa denboran aurrera eroateko gaitasunak.