Bermeo, euskal dantzen epizentro
XXXVIII. Nagusien Busturialdeko Dantzari Eguna hartuko du Bermeok, zapatuan, Artza Frontoian. Ekimenak eskualdeko eta inguruko zazpi dantza talde elkartzeaz gain, Alkartasuna Dantza Taldearen 50. urteurren egitarauari amaiera emango dio.
Gaur goizean aurkeztu dute XXXVIII. Nagusien Busturialdeko Dantzari Eguna, Bermeon. Esaten dute dantzatzen duen herria ez dela inoiz hiltzen. Hala bada, Busturialdeko dantzariek eskualdea hilezkorra dela erakutsiko dute hogeita hemezortzigarrenez. Ze, Busturialdea zerbaitegatik aberatsa bada, euskal dantzaren eta kulturaren zabalkundean egiten duen etengabeko lanagatik da. Horren erakusle bihurtuko da Bermeoko Artza Frontoia, zapatuan, 18:30ean. Izan ere, urtez urte eskualdeko hainbat dantzari eta musikariren topagune izaten den Nagusien Busturialdeko Dantzari Egunak Bermeon egingo du geralekua aurten, Alkartasuna Dantza Taldearen 50. urteurren egitarauaren baitan.
Gaur aurkeztu dute ekimena Alkartasuna Dantza Taldeko ordezkariek eta Bermeoko Udalak, eta esan dute zapatuan 225 dantzari eta musikari inguru biltzea espero dutela. “Euskal dantzen eta dantza tradizionalen aberastasuna” erakutsi nahi dute, beste behin, eta aurtengo hitzordua “berezia” izango dela azpimarratu dute Alkartasunatik: “Aurtengo hitzorduak esanahi berezia du guretzat, ze, taldeak 50 urte bete ditu aurten, eta hori ospatzeko hamaikatxo ekimen antolatu izan ditugu urtean zehar. Zapatukoa izango da, alegia, egitarau horren amaiera; urte luze bezain polit baten amaiera”.
Dantzari eta dantza-zaleek egutegietan gorriz markatutako hitzordua ailegatzear da; Bermeo dantzaren epizentro bihurtzear da. Alkartasuna Dantza Taldeaz gain, eskualdeko eta inguruko beste 6 talde ere bertaratuko dira Bermeora, antolatzaileek aurreratu bezala: Bakioko Itxas Alde, Busturiko Irrintzi Alai, Foruko Urdaibai, Gernika-Lumoko Elai Alai, Gautegiz Arteagako Artie eta Ibarruriko Baso-Txoritxu.
Dantza taldeak azaldu du ekitaldiak bi zati nagusi izango dituela: “Lehenengo, talde guztiak batera dantzatuko ditugu Dantzari Dantza, Gipuzkoako dantzak, Fandangoa eta Arin-Arina eta Kaskarotak edo Sardinerak. Ostean, talde bakoitzak bere dantza-saioa eskainiko du, Euskal Herriko txoko desberdinetako dantza mota anitzak plazaratuz”. Hala nola, Itxas Aldek Bakioko polkak dantzatuko ditu; Irrintzi Alaik, Iribaseko ingurutxoa; Elai Alaik, Erronkariko Ttun Ttun; Baso-Txoritxuk, Lapurdiko polkak; Artiek, Kortesko dantzak; Urdaibaik, Sara eta Lekorneko dantzak; eta etxeko taldeak, Alkartasunak, Luzaideko dantzak.
Ekitaldia amaitzeko, halaber, zazpi taldeetako dantzariak berriz elkartuko dira, denek elkarrekin Larrain dantza dantzatzeko, eta “dantza bateratu bategaz” hogeita hemezortzigarrena borobiltzeko. Dantza-erakustaldia amaitutakoan, baina, jai giroak jarraipena izango du dantzari eta bertaratutakoentzat, aditzera eman dutenez. Izan ere, erromeriarekin dantzaz gozatzen jarraituko dute, arratsaldea “ezin hobeto” amaituz.
Esker oneko hitzak
Alkartasuna Dantza Taldeak, bide batez, eskerrak eman dizkie Bermeoko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiari, eskualdeko enpresa desberdinei, Bermeoko beste kultur eragileei, eta zelan ez, herritarrei: “Udalak zein Bizkaiko Foru aldundiak diruz laguntzeaz gain, Bermeoko Udalak behar izan ditugun erraztasun guztiak eman dizkigu beti; bereziki, urteurren egitaraua osatzeko. Bermeoko kultur eragileekin ere bat egin dugu sarri, ekitaldi desberdinak egiteko, eta oso eskertuta gaude. Azkenik, herritarren erantzuna bikaina izan da aurrera eraman ditugun ekimen guztietan. Jende mordoa etorri da antolatu ditugun ekintza guztietara”.
Udal ordezkariak “pozik” agertu dira zapatuko ekitaldiari begira, eta esan dute hitzorduak “dantza tradizionalen bizitasuna eta talde-lanaren garrantzia” agerian utziko dituela, “belaunaldiz belaunaldi transmititutako ondareari jarraipena ematen dioten dantzariak elkartuz”. Herriko dantza taldearen etengabeko lana ere erdigunean jarri dute udaletik, bestalde: “50 urtetan Bermeoko dantza eta kultura tradizionala sustatzen, belaunaldi berriei trnasmititzen eta herriko kultur bizitzan parte hartzen jardun du taldeak”.