Aukeren Lurra programaren saria jaso du Garile proiektuak
Sarituak, Meñakan egindako ekitaldian.Urremendi Landa Garapen Elkartea Bizkaimendi Bizkaiko Landa Garapen Elkarteen Federazioaren eta Caixabank-en eskutik, CaixaBankeko Aukeren Lurra programaren sariak banatu zituzten atzo [azaroak 3], Meñakan. Bizkaian sei landa garapen elkarte daude, eta horiek hartzen dituzten eremuetako proiektuak saritu dituzte; beraz, sei proiektu saritu dituzte, eta horien artean dago Errigoitiko Garile. Udalerriko gari-ekoizpena eta barietate tradizionalak berreskuratzea helburu du Maddi Amezagaren proiektuak: “Artisau-okintzan eta okintza ekologikoan zortzi urteko esperientzia izan ondoren, bere lantegirako lehengai propioa ekoiztea erabaki zuen”. Gainera, talde-dinamikak garatzen ari da, ikastetxeetan nekazaritza-ekoizpenaren garrantziari buruzko lanketa egiteko eta sentsibilizatzeko.
Proiektu ekitzaileentzako zuzeneko laguntzak eta prestakuntza, aholkularitza eta laguntza programak eskaintzen dituzte Aukeren Lurra programan, eta Bizkaimendik eta Caixabank-ek Bizkaiko landa eremuen “garapen integrala bultzatzeko” sinatutako hitzarmenaren barruan banatzen dituzte sari horiek. Aintzatespen horiek emanez, “balioa eman” diote Bizkaiko proiektu ekintzaileen lanari. Hain zuzen ere, horien garrantzia azpimarratu dute; izan ere, bi erakundeen ordezkarien berbetan, enpleguak sortzeaz gain, “kultura ekintzailea eta lurraldean biztanleak finkatzea” bultzatzen dute horrelako proiektuek: “Erakundeok landa-ingurunearekin daukagun konpromiso orokorrari eusten diogu, lurralde osoko erronka demografikoarekin, landa-inguruneetan biztanleria finkatzeko irtenbideak bilatzen laguntzeko eta ekintzaileei proiektu berriak abian jartzen laguntzeko”.
Gainontzeko sariei dagokionez, Markina-Xemeingo Anton Gandiagaren Basoa +, Dimako Ekain Aurrekoetxearen Eteki, Meñakako Ane Iturbe eta Andoni Sarratearen Lastoetxe, Abadiñoko Patxi Gezuragaren Mariren Lurraldea eta Lanestosako Paula Martinezen Palmo proiektuak aintzatetsi dituzte.