Garia berreskuratzeko, ingurumen hezkuntza ereiten
Garile proietuak gariaren berreskurapenarekin lotura duten komunitate eta hezkuntza jarduerak bultzatzen ditu, baina, berreskuratzeagaz batera, hori ez galtzeko bermeak jarri behar direla aintzat hartuta, proiektu bat abiatu du Barrutia Eskolan, ingurumen hezkuntza sustatzeko.
Bizkaiko baserrietan garia ereiten zen duela ez asko. Gaur egun, baina, garia ez da gure paisaiaren parte, eskualdeko gari barietateak desagertuta baitaude. Hala, Maddi Amezaga Errigoitiko ekoizle eta okinak eskualdeko gari haziak berreskuratzeari ekin dio, Errigoitiko andren laguntzagaz. Proiektu horri Garile izena jarri dio, gariaren eta garia beraren inguruko kultura balioan jartzea helburu hartuta. Zeregin horretan, inguruko gaztetxoengana jotzea erabaki zuen, gariari behar duen balioa eman eta txikienek garia nola ereiten den, hazten den eta moldatzen den jakin dezaten. Hala, Barrutia eskolara jo zuen, eta eskola inguruko baratzean, garia ereiteari ekin zioten ikasturte hasieran.
Garile proiektuak gariaren berreskurapenarekin lotura duten komunitate eta hezkuntza jarduerak bultzatzea, ondare ez-material horren balioa handitzea eta haren transmisioa sustatzea ditu helburu. Horretarako, belaunaldien arteko transmisioa, ingurumen-hezkuntzako ikuspegiak, agroekologia eta memoria historikoa ditu oinarri. Izan ere, Maddi Amezaga ekoizle eta Garile proiektuaren ekoizleak dio garia berreskuratzeko prozesuan garrantzitsua dela landarea bera ekoiztea, baina gehitu du landaketen besteko garrantzia duela garia balioan jartzeak. “Horretarako, garia eremu desberdinetan landu behar da, tartean hezkuntzan”, dio. Are gehiago, jakinda, duela ez horrenbeste urte, eskualdea garia ereiteko gunea izan zela. “Berreskuratzeagaz batera, bermeak jarri behar dira berriro ez galtzeko. Eta horretarako ingurumen hezkuntza ezinbestekoa da”.
Duela bost urte ekin zion proiektuari. “Eskualdeko garia berreskuratzeari ekin genion, izan ere, gari haziak Errigoitiko bi baserritan topatu nituen, baina ez zuten erne. Ernaltzeko gaitasuna galduta zuten”, kontatu du. Hala ere Bizkaiko hainbat barietate mantentzen dira oraindik, eta barietate horietako hiru berreskuratzen ari da Amezaga: Bizargari —nongoa den ez daki, izena gariaren ezaugarriena baita—, Zornotzako garia eta Gordexolakoa. Horiek hazten ari direla dio, apurka-apurka: “Apurka-apurka egiten den bidea da, gariak ere egokitu egin behar baitira horiek landatzen dituzun eremu edo lurrera, eta egia esan emaitza oso onak jasotzen ari gara”.

Baina ikasturte honetan beste pauso bat eman du proiektuak, izan ere, ikasleekin lanean hasi da, gariaren balioa horiei transmitituz. Horretarako, garia eskolako kanpoaldeko ortuan landatu dute eta aktibitate ezberdinen bitartez garia bera ezagutu eta horri buruzko hainbat ezaugarri jorratu dituzte eskola komunitatean. Lehenengo zikloko ikasleekin —6 eta 8 urte bitartekoekin— aurrera eroan dute egitasmoa, eta Amaia Obre irakasle eta berrikuntzako arduradunak onartu du “esperientzia oso aberasgarria” izan dela honakoa: “Garia ereitearen eta horren hazkundearen prozesua bizi dugu, baina eskualdean galdutakoa berreskuratzeko ahalegina egin dugu, garia ezagutuz eta horren ezaugarriak ikasiz. Ze, gure eskola nekazal eremukoa da, herri txikietakoak dira ikasleak, eta horietan duela mende batzuk labore hau baserri guztietan egiten zen, eta denbora oso gutxian galduz joan da”. Horretarako, herrietako nagusiekin solasaldiak egin dituzte, memoria ariketa aurrera eroanez. Izan ere, horren bitartez gariari buruzko hiztegia ere ikasi dute: bankala, meta, txola, azaue, mutxurixue galbahea, irina… “Garia eta inguruko guztia berreskuratzea ekarri du proeiktuak, kontakizunetatik ikasiz eta konexio berriak ahalbidetuz”, dio Orbek.
Diziplinartekotasuna.
Guzti hori disziplinarteko proiektu baten bidez egin dute, azarotik ekainera bitartean, hiru lanketa ardatz barne hartuta: gariaren ereinketa (aurre prestaketa, ereinketa bera, hilabeteetako behaketa eta jarraipena…), erlazionatutako biodibertsitatearen ezagutza (berariazko ekosistemak, fauna, paisaia…) eta gariaren eraldaketa (gari jotzea, gari buruen manipulazioa, irinaren transformazioa, elikagai bihurtzea…). “Garia berreskuratzeko zientzietako ikerketa prozesu bat egin dugu. Goiko terrazan, bankaletan eta atzeko patioko zoroan ereindako gari aleen prozesua jarraitu ahal izan dugu. Horrekin batera, gari zoro inguruko animaliak ezagutu eta hauen kontakizuna asmatu ditugu”, gogoratu du Orbek. Eta, ezustekoak ere eroan dituztela onartu dute, izan ere, habia batzuk aurkitu dituzte bertan: “Lan honetan, behaketa zuzena eta ikerketa aurrera eroaterakoan, kabia berezi batzuk agertu dira eta sorpresaz hartu digu. Ikerketa bat zabaldu genuen, ze animalia izan ahal zen jakiteko, eta uste dugu sagu batena dela. Bizia sortu da, eta hori ederra da”. Eskuak zikindu dituzte gaztetxoek, eta aberasgarria “ederra” izan da.

Garia batu eta eraldatu ostean, jaialdi bat antolatu zuten, lortutako hirinarekin taloak eginez, besteak beste. “Azken fasean, gari horren prozesuaren ondoren, eraldaketa hori aztertu dugu, garia batzeagaz eta eraldatzeagaz, gari garautik irina nola lortzen den ikusteko eta jateko”, onartu du Orbek.
Emaitzak ikusita, argi dute aurtengoa lehen urratsa izan dela, eta proiektuagaz aurrera jarraitzeko asmoa dute bai Amezagak, bai Orbek. “Etorkizunera begira ere jarraitutasuna izan behar duen proeiktu bezala ikusten dugu. Pentsatzen genuena baino prozesu aberatsagoa izan da eta oso pozik gaude emaitzagaz”, diote. Komunitate konprometitua dira, eta transmisio hau komunitatean ematen jarraitu behar dutela uste dute: “Ingurune pribilegiatu batean bizi gara, lurragaz konektatuta dagoenean, herri nekazarietan, eta hau eskaintzen jarraitu behar dugu, bilakaera ikusteko. Ondarea berreskurapenean apur bat baino ez dugu egin, eta jarraituko dugu. Guk sinisten dugu modu honetako ikaskuntzak direla benetan geratzen direnak, eta gainera, egunerokotasunagaz zerikusia dute. Dena dago konektatuta”.