Garaipena, baina kritika dosi batekin
Torrealday Gernika Rugby Taldeak borrokatutako garaipena lortu du Valencia RC-ren kantxan: 46 eta 48. Hurrengo domekan [azaroak 8], Steelphalt Getxo Rugbyren aurka jokatuko dute, 12:30ean hasita, Urbietan.
Bostetik bost. Torrealday Gernika Rugby Taldeak Ohorezko Elite Mailako bosgarren jardunaldiari zegokion norgehiagok poltsikoratu zuen iragan domekan [azaroak 1], Valentziko Quatre Carreres kiroldegian. Valencia RC moduko aurkari sendo baten aurka jokatzea egokitu zitzaien basurdeei, eta azterketa nota onagaz gainditu zuten, “baina ez bikainagaz”, taldeko ordezkaritzak aditzera eman duenaren arabera.
Partidu “estua” izan zen bere bigarren erdian, baina ez hainbeste lehendabizikoan: gernika-lumotarrak fase estatikoetan jaun eta jabe izan ziren, eta hark 10 eta 26ko markagailuagaz atsedenaldira joatea ahalbidetu zien. Valentziarrek presioa egin zuten, baina ez zen emaitza ezbaian jartzeko bezainbestekoa izan. Bigarren zatia hasteagaz batera, baina, dinamika errotik aldatu zen: “Valencia RCk ez zituen gauzak lehenengoan baino bereziki hobeto egin, baina gu askoz txarrago ibili ginen, zentzu guztietan”. Hain zuzen, lehen aldean lortutako errenta “gako” izan zen bigarrenean, ze, azkenengo jokaldian valentziarrek entsegu emendioagaz asmatuz gero, berdinketagaz amaituko genukeen”. 46 eta 48koagaz biribildu zuten neurketa.
Taldeko kideek ez dakite intentsitate jaitsiera hura “jarrera edota maila falta puntual batengatik” izan ote zen: “Partiduak zalantzak sortu dizkigu, taldea orain arte sendo eta egonkortuta ikusi baitugu. Valentziako partiduaren bigarren zatian hobetzeko hainbat gauza ikusi genituen, eta horiek konpontzea izango da taldearen helburu nagusi egunotan”. Ez dute atsedenerako tarte luzeegirik edukiko, datorren asteburuan Urbietako zaleen aurrean zelairatzea egokituko baitzaie: Steelphalt Getxo Rugby taldearen aurkako euskal derbia jokatuko dute domekan [azaroak 8], 12:30etik aurrera.
Partidu gogorra aurreikusten dute, batez ere, lantaldean zenbat hutsune “esanguratsu” daudelako: taldeko harroin gehienak ez dituzte eskura edukiko. “Harroin bi Zimbabweko selekzioagaz jokatzen ariko dira, eta beste bat min hartuta daukagu. Edozelan ere, derbiari inongo aitzakiarik gabe helduko diogu, bereziki etxekoen sakakada probestuta”. Getxo kategoriaz igo berri dago, eta orain arte partidu bakarra galdu du. Horrenbestez, “ez da erraza” iragarpenak egitea.
Errege Kopa, bigarren mailan.
Taldearen egoerari dagokionez, “momentuz pozarren” dago Gernika RTko ordezkaritza: “Zenbait partidu ozta-ozta libratu ditugu, baina ikusten ari gara egindako behar guztia zelaian islatzeko gai garela. Gaur-gaurkoz, lehen lau taldeen artean sailkatzea oso egingarri ikusten dugu, lehen itzuliaren amaierarako. Getxoren kontrakoaren ondoren, Barça Rugbiren aurka jokatuko dugu; goi mailatik jaitsitako taldea da, eta gauzak asko zailduko dizkigu”. Ligako hitzorduei ez ezik, Errege Kopari ere heldu beharko diote basurdeek. Iragan denboraldian bezalaxe, aurtengoan ere “ez da jomuga nagusia” izango: “Indarrak ligan ipinita edukiko ditugu. Errege Kopa ez dugu ahaztuko edo alboratuko, baina taldearen noranzkoa ez da bertara bideratuta egongo”.