Bermeoko Berbalagunek hurrengo ekintzak jakinarazi dituzte
Alde batetik, udazkeneko lehiaketa martxan dagoela eta parte hartzeko azken eguna azaroaren 13a izango dela esan dute. Bestetik, zapatuan (azaroak 7) Bermeotik Burgoara, Burgoatik Matxitxakora eta Matxitxakotik berriro Bermeora itzultzeko irteera aurreikusi dute.
Martxan da Bermeoko Berbalagunen udazkeneko lehiaketa, eta parte hartu gura dutenek azaroaren 13ra arte [barikua] izango dute galderak entzuteko aukera.
Aurreko urteetan egin legez, interesatuek antolatzailearen sare sozialetan zein blogean aurkitu dezakete galdetegirako esteka zuzena. Bestalde, galdera sorta eskuz betetzeko aukera ere egon badago. Galdetegia (Gizarte eta Kultura Etxea, liburutegia, euskaltegian… jaso eta bete ahalko da, eta, ostean, argazkia atera eta 607 60 95 80 telefono zenbakira bidali beharko da.
Jasotako erantzun guztien artean Bermeoko produktu sorta zozkatuko dute. Irabazlearen izen-abizenak eta galderen erantzun zuzenak Bermeoko Berbalagunen eta egitasmoaren sustatzaileen sare sozialetan jakinaraziko dituztela iragarri dute antolatzaileek.
Horrez gain, zapatu honetarako irteera aurreikusi dute berbalagunek: Bermeotik Burgoara joango dira, handik Matxitxakora, eta berriro ere Bermeora. Antolatzaileek esan dute 14 kilometroko “ibilbide erosoa” izango dela, “lagunartean egitekoa”. Zapatuan, beraz, 09:30ean jarri dute hitzordua, Taraskan, handik abiatzeko.