Barandika eta Basque, Winter Seriesen poltsan akziodun nagusiak
Xabier Barandikak eta Thibault Basquek erabateko nagusitasunez, 2 eta 0ekoarekin, irabazi dute Eusko Label Winter Series txapelketaren bigarren jardunaldia. Ludovic Ladutxe eta Mikel Mantzisidor menpean hartuta, hautagai nagusiak B multzoaren buruzagi dira dagoeneko.
Argazkia: Eraman Jai Alai. Eusko Label Winter Series hasi orduko hautagai baldin baziren, haien alde eginiko apustu denek are zentzu gehiago hartu dute, txapelketaren atzoko [azaroak 2] bigarren jardunaldiaren ondoren. Xabier Barandika gernika-lumotarrak eta Thibault Basque bidartarrak osatutako bikote horia txapelak janzteko faborito nagusia da. Set bitan gailendu ziren atzo, Ludovic Ladutxe getariarrak eta Mikel Mantzisidor mutrikuarrak osatutako ekuazioa sendo eta lehiakorraren kontra, baina haien nagusitasunak ez zien areriei inongo zirrikiturik utzi. Garaipenak, gainera, B multzoko behin-behineko lidergora aupatu ditu Barandika eta Basque.
Horien estrategia oso argia izan zen: markagailuan tantoen pitzadura ahalik eta bizkorren zabaltzea, eta setaren azken zatian, ostera, aldeak kudeatzen saiatzea. Barandika alderdi fisikotik oso sendo kantxaratu zen: erremateetara doi-doi sartzeko eraginkortasunez, baina diferentzia markatzeko bezainbesteko abiadurarekin. Aurrelaria, Jai Alai Ligaren garailea eta egungo munduko txapelduna, une ezti-eztian dago, eta emaitzak lagun ditu. Konfiantza islatzen du pilotakada bakoitzean, horren erakusle, esate baterako, lehen seteko 11 eta 7koa ezarri zuen mozte txapagainekoa. Partiduko izarra izan zen guztiz, eta horrexegatik eman zion Eraman Jai Alaik, haren hondarrean, txapelketaren lehendabiziko MVP saria.
Bere aldamenean atzelarien zeruan distira berezia hartzen ari den konstelazioa du: Basque. Gaur-gaurkoz, Imanol Lopez zumaiarrak utzitako hutsunea betetzeko balentria gehien egiten ari den atzelaria da, eta atzo hori sobera frogatu zuen. Bere errebeskadak gako izan ziren partidu osoan, baina are giltzarriago izan zen bere eraginkortasuna: neurketa osoan huts bakarra egin zuen, kolore guztietako asmatzeen artean. Birdartarrak lana du bandera, atzelari jotzailea da, baina bereziki behargina, segurua eta alde fisikotik jauziak egiten dabilena.
Gura eta ezin.
Barandikak eta Basquek 15 eta 8ko nahiz 15 eta 6ko markagailuekin poltsikoratu zituzten setak. Ez zuten frontoian aurkaritzarik topatu, egon bazen ere. Ladutxeri eta Mantzisidorri dagokienez, aurtengo ekitaldian ezustekoa emateko aukeradun bikote legez abiatu zuten txapelketa, baina atzokoan hutsegiteen eta deskontrolaren artean igerian aritu behar izan ziren. Lehen setean, markagailuko aldea 8 eta 2raino marduldu zenean, beren zaurgarritasun denak bistaratu zitzaizkien. Ladutxe, 11 eta 4koarekin, lanak txukuntzen saiatu zen, baina Barandikak ez ziren ezertarako abagunerik ahalbidetu. Gainera, lapurtarrak belauna bihurritu zuen bigarren setaren 6 eta 2koan, norgehiagoka arazo barik burutu ahal izan bazuen ere.
Xabier Barandika: “Basque partiduko pilotari izarra izan da: hutsik gabeko parte hartzea eduki du”
Garaipenarekin, lehiak Barandika eta Basqueri aurkaritza sendoa plazaratuko dien bikote bat behar duela dirudi. Aukerak denetarikoak dira, eta txapelketa ia osoa dago aurretik. Hori bai, gernika-lumotarrak eta bidartarrak eska zitezkeen sentsaziorik onenak erakutsi zituzten. Kantxatik atera berritan, Barandikak lehen istanteetatik urratutako “aldeen garrantzia” nabarmendu zuen: “Hortik aurrera, ahalik eta erritmorik handiena ezartzeko eta inongo akatsik ez egiteko estrategia jarraitu dugu. Basque partiduko pilotari izarra izan da: hutsik gabeko parte hartzea eduki du”.
B multzoan ez ezik, A multzoan ere gernika-lumotar bat dago buruan momentuz: Unai Lekerika. Hark eta bere bikotekide Ekaitz Mendizabal Goixerri nagusi izan ziren lehiaren estreinaldian. A multzokoa izango da, hain zuzen, hurrengo jardunaldiko partidua: Jean Dominique Olharan pauetarrak eta Gorka Sorozabal miarriztarrak azken horren anaia Johan Sorozabalen eta Ion Ibarluzea markina-xemeindarraren aurka neurtuko dituzte indarrak, 19:30ean hasita.