Auzolanetik kultur eskaintza aberasten
Errigoraren dokumentalaren proiekzioagaz eta produktuen dastaketagaz hasiko dute Azaroko Asteburuak Natxituko Kultur Agenda, bariku honetan.
Datozen asteetarako Azaroko Asteburuak kultur agenda prest daukate natxituarrek. Natxituko Jai Batzordearen eta Eako Udalaren eskutik, asteburuetarako askotariko proposamenak edukiko dituzte aukeran herritarrek: “Adin desberdinetarako eskaintza egin nahi izaten dugu; umeetatik hasi eta jende helduarengana heldu nahi dugu, denek parte hartzeko aukera izan dezaten”. Beraz, beste behin ere, Natxituko Bolatokia izango da kultur-topagune.
Lehenengo egunean, bariku honetan [azaroak 6] Errigora proiektuagaz daukate hitzordua. Hain zuzen ere, Sustraitik espaziora dokumentala proiektatuko dute 19:30etik aurrera, eta horrez gain, Errigorako produktuak dastatuko dituzte. “Sortu zenetik, Errigorak pisu handia eduki du hemen, batez ere Natxituan. Bertoko jendea auzolanera joan izan da, eta Errigoraren hainbat sarekide daude, tartean, Natxi Aranburu guztiz sartuta dago”. Horrenbestez, proiektuagaz bat egiten dutela adierazteagaz batera, proiektua bera eta bere esangura ikusaraziko dituzte. Euskarari Puzka lelopean, Nafarroa hegoaldeko produktuak Euskal Herri osoan zabaltzen ditu Errigorak, “euskarari lagunduz, euskarari arnasa emanez” eta horren garrantzia plazaratuz.

Argazkia: Natxituko Jai Batzordea
Biharamun arratsaldean, berriz, Gorka Ganboak sukaldaritza ikastaroa eskainiko du: “Orain dela hilabete inguru jubilatuekin saioa egin zuen, eta prest agertu da”. Gabonetara begira, oinarrizko elikagaiekin egin daitezkeen hainbat plater azalduko dizkie. Ikastaro amaieran, prestatutakoa dastatuko dute elkarrekin.
Bestalde, aurtengo berrikuntzetako bat herritarren artean prestatu duten kontzertua izango da. Domekan, 18:00etatik aurrera eskainiko dute elizan: “Lehenengoz antolatu dugu. Natxituko elizan organoa zegoela esan ziguten, eta gero jakin genuen harmonium bat zela”. Gitarra ikastaroan dabiltzan herriko gazteek ikasturte amaieran beti eskaintzen dute emanaldia, eta horiekin hitz egin, eta ikasturte hasiera honetan elizan kontzertua eskaintzeko prest agertu dira. Horrez gain, egitarauko berritasunetako bat ere bada azaroaren 22an edukiko duten umeei zuzendutako Txepeldunak bertso antzerkia.
Bigarren asteburuari dagokionez, Goazen telesailaren denboraldi berriaren aurrestreinaldian elkartuko dira Bolatokian. Horrenbestez, aurreko urteetako hitzorduari eutsi diote. Izan ere, Udalerri Euskaldunen Mankomuniteak (UEMA) EITBrekin daukan hitzarmenari esker, UEMAko udalerrietan aurrestreinaldiak egiteko aukera daukate.
Hilaren 14rako, berriz, Txalainak taldearen kontzertua lotu dute, eta beraz, Ertzainak taldearen abestiak gogoratuko dituzte, hirukote akustikoaren eskutik. Biharamunean ere musikaz beteko dute Bolatokia, herriko bi musikarigaz; azken urteetan bezala, Kitarra jo eta kantuz emanaldia prestatu dute. Ileon taldeko abeslaria ohi eta egun Lekeitioko Nabil taldeko gitarra elektriko jotzailea den Kanak eta Amaiur taldeko abeslari ohi Naroa Gaintzak eskainiko dute kontzertua.
Era berean, txotxongilo ikuskizuna ere bada hitzordu kuttunenetakoa. Bilboko Nazioarteko Txotxongilo Jaialdiaren testuinguruan (azaroaren 19tik 22ra da), Konpañia Lapouet taldeko kideek geldialdia egingo dute Natxituko Bolatokian, azaroaren 18an. “Jaialdiaren barruan sartzen da bira hau. Eskaintza ederra da. Oraingoa hirugarren aldia da, eta aukera hori edukitzea izugarria da”, azaldu dute kultur agendaren arduradunek. Bestalde, asteburu horretan Haizeder Trail ibilaldian eta talo janean elkartuko dira: “Eskola eta herria batzeko asmoagaz hasi ginen Haizeder Trail antolatzen, eskolan bertoko, Elantxobeko eta Ibarrangeluko umeak daudenez, guraso zein ume, denok ezagutzeko eta herrira zabaltzeko, ume eta gurasoen ekintza bakarrik ez izateko. Adin guztietarako egokia da ibilaldia”.
Erakusketa. Azaroko kultur egitarauaren barruan, iaz lehenengoz erakusketa prestatu zuten, eta aurten ere proposamen horri eustea erabaki dute. Beraz, Natxituko antzinako argazkien erakusketa ikusgai egongo da azaroko azkenengo asteburuan. Gainera, hori osatzeko, berbaldia antolatu dute azaroaren 29rako.
Iaz herritar bik hainbat urtez Natxituan egindako materialak bildu eta ikusgai ipini zituzten: “Karterak, txapelak, kamisetak… egon ziren, eta oso polita eta arrakastatsua izan zen. Etxez etxe ibili ziren materiala batzen; lan itzela egin zuten. Aurten urte tarte bat aukeratu, eta gaika antolatuko dute erakusketa, esate baterako, gari jotzean eta txerriak hiltzen zelan batzen ziren herritarrak ikusi ahalko da”.
Bestalde, mus txapelketa jokatuko dute hilaren 28an, eta txapelketa “indarra hartzen” doala eta gero eta bikote gehiagok parte hartzen dutela azpimarratu dute antolatzaileek.
Egitaraua borobiltzeko, berriz, abenduaren 12an bertso afarian bilduko dira, Oihana Bartra eta Igor Elortza bertsolariekin.
Bizirik dagoen herri txikia da Natxitua. Urtean zehar beste hainbat gauza modura, auzolanean egiten dute azaroko kultur egitaraua ere: “Bakoitzak bere ekarpena egiten du, eta horrela da posible hau aurrera ateratzea. Ilusioz antolatzen dugu, eta uste dugu jendeak ere ilusioz hartzen duela. Gustura ari gara”. Horrenbestez, antolakuntza lanetan aritzen diren boluntarioen lana eskertu eta goraipatu dute kultur agendaren arduradunek; izan ere, Natxituko Jai Batzordeko kideek daukate antolakuntzaren ardura nagusia, baina jardueretan herritar askoren laguntza edukitzen dute. Belaunaldi desberdinetako herritarrak ibiltzen dira elkarlanean: “Iaz 60-70 lagun batu ginen; bakoitzak bere ale txikia edo handia ipini arren, alde horri bere balioa eman nahi izan diogu beti, eta iaz egitaraua amaitzean, hamaiketakoan elkartu eta talde argazkia atera genuen. Adierazteko horrelako gauzak auzolanean aurrera ateratzen ditugula eta horri balioa emateko”.
EGUTEGIA:
- Azaroak 6, barikua
- 19:30: Errigoraren Sustraitik espaziora dokumentala eta dastaketa, Bolatokian.
- Azaroak 7, zapatua
- 18:00: Sukaldaritza ikastaroa, Gorka Ganboarekin eta ondoren afari-merienda, Bolatokian.
- Azaroak 8, domeka
- 18:00: Herriko ume, gazte eta helduen kontzertua, elizan.
- Azaroak 13, barikua
- 20:00: Goazen telesailaren XIII. denboraldiaren estreinaldia, Bolatokian.
- Azaroak 14, zapatua
- 21:30: Txalainak taldearen kontzertua, Bolatokian.
- Azaroak 15, domeka
- Eguerdian: Kitarra jo eta kantuz, Bolatokian.
- Azaroak 18, eguaztena
- 18:00: Konpañia Lapouet txotxongilo ikuskizuna, Bolatokian.
- Azaroak 21, zapatua
- 10:00: Haizeder Trail.
- 13:00: Talo jana, Bolatokian.
- Azaroak 22, domeka
- 18:00: Txepeldunak haurrentzako bertso antzerkia, Bolatokian.
- Azaroak 28, zapatua
- 17:00: Mus txapelketa, Bolatokian.
- Azaroak 29, domeka
- 18:30: Natxituko antzinako argazkien erakusketa, Lehengo eta oraingo kontuak berbaldia eta txokolatea, Bolatokian.
- Abenduak 12, zapatua
- 21:00: Bertso afaria Oihana Bartragaz eta Igor Elortzagaz, Bolatokian.