"Ameslarien bandora batzeko" deia: Errigoraren udazkeneko kanpaina abian da
Euskarari Puzka Errigoraren udazkeneko kanpaina martxan da, eta azaroaren 12ra bitartean egin daitezke eskariak. 'Sustraitik Espaziora' dokumentala ere aurkeztu dute, eta Lodosako Ibaialde Ikastola lagunduko dutela iragarri.
Landareak fruitua, gerizpea eta bizia eman dezan, ezinbestekoak ditu zuztar sendoak. Errigorak Nafarroa Garaiko Ager eremua osatzen duten erdialdean zein hegoaldean euskararen zuztarrak sendotzeko egitekoa du, tokiko laborari, ekoizle nahiz nekazarien produktu salmenta oinarri. Nafarroa Garaiko Goi-Erriberan euskara “ereiteko eta loratzeko” helburuz, Euskarari Puzka udazkeneko kanpaina abian ipini zuen atzo, Auzolanean Euskara Sustraitik Espaziora lelopean. Kanpaina Nafarroako eremu horretan euskara sustatzeko eta bultzatzeko helburuduna da, eta eskatzaileek produktuak eskatzeko aukera dute dagoeneko, azaroaren 12a bitarte.
Gaurko [urriak 22] aurkezpenean, etorkizun hurbilean “argia ikustea” nekez den garaiotan, euskal herritarrei “ameslarien bandora batzeko” deialdia luzatu zien Errigorako kide Adriana Urmeneta Castillok: “Euskarak belaunaldiz belaunaldiz biziraun eta aurrera egin badu, dagoenarekin konformatu ez, eta konbentzimendua ez zen beste bermerik gabe pausoak egin zituzten horiengatik izan da”. Modu hartara sortu ziren, 2013. urtean, “ikastolak, euskaltegiak, D ereduko lerro berriak edota euskara taldeak”.
Jendartearen sostengua, baina, “ezinbestekoa” izan da urtez urte, euskarak, “den-dena behar” izatetik, “den-dena merezi” baitu: “Beraz, deskonformismoaren eta amets egitearen apologia egitera gatoz, euskara Nafarroa erdi eta hegoaldera sustrai sendoekin lurrera lotu dadin, eta hortik izarretaraino eramateko elkartasuna ehuntzeko”.

Beste behin, udazkeneko kanpainak “auzolanari lotzeko”, Euskal Herriko “lurraldeen arteko joskurak” indartzeko eta “herri honen hizkuntza” zaintzeko balioko du. Ager eremuko produktuz osatutako saskiak eskuratu ahalko dituzte eskatzaileek, eta hiru aukerako eskaintz edukiko dute: saski beltza (60 euroren truke), berdea (65 euro) eta gorria (75 euro).
Produktu sorta horiek lotzeko biderik “sinpleena eta eraginkorrena” Errigoraren web orrialde bidezkoa dela adierazi dute, eta lehentasunez “bide hori sustatzen” ahaleginduko dira aurtengoan ere, azken ekitaldietan bezalaxe. Hori bai, Internet bidez erosketak egiteko zailtasunak dituzten herritarrek eta, beraz, “ohiko bideak” lehenetsiko dituztenek kanpainaren eskuorriak dakarren inprimakia bete dezakete, eta hori herri bakoitzeko arduradunari helaraziz eskaera egin. Eskatzaileak azaroaren amaiera eta abenduaren hasiera bitartean hasiko dira produktu otzarak jasotzen, “bakoitzaren herrian, eskaera egiterakoan aukeratutako gunean eta zehaztutako egutegi zein ordutegian”.
Kanpainaren dokumentalaz.
Aurtengo udazkeneko kanpainaren berezitasun azpimarragarriena Sustraitik Espaziora izeneko ikus-entzunezko dokumentala izango da; etzi [urriak 24] estreinatuko dute, Lazkaon. Jarraian etorriko da aurkezpen bira: hogei herri ingurutan proiektatzea aurreikusten dute.

Dokumentalaren hazia duela urte bikoa da, 2024ko udazkeneko kanpaina “oso-osorik eta barrutik” grabatu baitzuten. Ondoren, “ekoizleen bizipenak eta Errigoraren barne hausnarketak” biltzen ibili dira, eta dokumentala eduki horren guztiorren emaitza da.
Halaber, Errigorak Lodosako Ibaialde Ikastola laguntzeko egutegia ere bultzatu gura du aurten. Ikastola horrek “lan ederra” egin du hamarkadetan, Goi-Erriberan “euskara erein eta loratzeko” bidean. Azaldu dutenez, Hezkuntza Sailaren “erabakiak” medio, ikastolaren bideragarritasuna “are gehiago zaildu” da, eta, Euskarari Puzka tankerako zailtasunak gainditzen laguntzeko “aukera paregabea” denez, udazkeneko kanpainako ohiko produktu saskiekin batera egutegi “berezia” osatu dute: “Landatu daitezkeen orriz eratutako egutegia izango da, hamar euroren truke eskuratu ahalko dena; horietako bost euro zuzenean bideratuko zaizkio Ibaialde Ikastolari”.
Azaroaren 7rako, bestalde, hitzordu oso berezia luzatu du Errigorak, auzolanaren koordenatuetan. Auzolan Erraldoia egingo dute Ablitasen: “Aurtengo auzolana bikoitza izango da, 9.000 saski egitera goaz. Horrenbestez, herritarren laguntza eta esku hartzea ezinbestekoak izango dira. Goizean zehar egingo dugu auzolana, eta elkar ezagutzeko aukera aparta izango da. Hori bai, iluntzean Tuteran giro bikaina egongo da”.