73 proposamen, herritarren aukeran
Bermeoko Udalak 2027ko parte-hartze bidezko aurrekontuen prozesuaren hirugarren faseari ekin dio: herritarrek azaroaren 22ra arte izango dute aukeratutako proposamenen artean bozkatzeko aukera.
Bermeoko Udalak urrian abiatu zituen 2027ko aurrekontu parte-hartzaileak, prozesuaren lehenengo faseari ekinez. Fase horretan, herritarrek aukera izan zuten udal aurrekontuaren zati bat (50.000 euro) nora bideratuko den erabakitzeko, eta horrekiko proposamenak aurkezteko. Behin udalak proposamenak jaso eta baliazkoak diren aztertu dituen, prozesuaren hirugarren faseari eutsi diote.
Hala nola, aurretiaz herritarrek aurkeztutako proposamenen artean 73 aukeratu ditu udalak, eta orain herriari dagokio horien artean aukeratzea. Azaroaren 22ra arteko epea zabaldu dute bozkatzeko. “Aurretik jasotako proposamenak aztertu ditugu, eta sei kategoriatan banatu: kirola; familia; umeak eta gazteak; mugikortasuna eta ibilgailuak; herriko hobekuntzak; zaharren egoitza eta seniorrak; eta azkenik, gai anitzak”, nabarmendu dute. Errepikatutako proposamenen kasuan, proposamen horiek bateratu egin ditu udalak, aditzera eman dutenez.
Horrez gain, baldintzak bete dituen arren proposamen zerrendatik kanpo geratu den proiektu bat dagoela gaineratu dute: Jose Done ikastetxeko patioetan padel-pistak egitea. Izan ere, udalaren berbetan, proiektu hori “dagoeneko onartuta” dago, eta gauzatzeko lanak ere abian daude: “Hori dela eta, udal ordezkari politikook salbuespenez erabaki dugu proposamen hori bozketa-zerrendatik kentzea, 50.000 euroko aurrekontua oraindik gauzatzen ari ez garen beste ekimen batzuetara bideratu ahal izateko”.
Bi modutara
Gauzak horrela, herritarrek bi modutan bozkatu ahal izango dute 73 proposamenen artean gogokoen dutena. Alde batetik, aurrez aurre, Berhaz bulegoan, Gizarte eta Kultura Etxean, liburutegian, Areneko Kiroldegian eta Zaharren Egoitzan jarri dituzten kutxetan —horretarako, udalak prestatutako boto-orrian proposamenaren zenbakia, eta NAN agiria adierazi beharko dira, eta orria bera aipatutako kutxetan sartu—. Bestalde, online bozkatzeko aukera ere ahalbidetu dute, esan dutenez: ESAIZU plataformaren bidez egin daiteke, NAN agiria sartuz eta bozkatu nahi den proposamena aukeratuz.
Proposamen guztiak, halaber, herritarren eskura jarri ditu udalak, hala udalaren webgunean, nola sare sozialetan. Gogoratu dute bozkatzeko Bermeon erroldatuta egotea beharrezkoa dela, eta pertsona bakoitzak proposamen bakarra bozkatzeko aukera duela. Bide batez, Bermeoko Udaletik herritarrak prozesuan parte hartzera animatzeko deia zabaldu dute, ze, euren ustez, “herriaren ekarpenak eta inplikazioa funtsezkoak dira herriko beharrak eta lehentasunak jasoko dituen aurrekontua osatzeko”.