"Eragindako sutea" gertatu da San Katalinan
Santa Katalina baselizan "eragindako sutea" topatu dute goizaldean. Atea kiskali dute, baina kalteak "ozta-ozta" ez dira handiagoak izan. Udalak gertakariak "irmoki gaitzetsi" ditu, baina Musutruk Mundaka elkarteak "segurtasun neurriak hartzeko beharra" azpimarratu du.
Musutruk Mundaka elkartetik eta udaletik aditzera eman dutenaren arabera, domekatik astelehenera bitarteko goizaldean Santa Katalina baselizan “eragindako sutea” egon zen. Elkartetik argitu dute zenbait herritarrek ermitaren atarian “dirdira berezia” igarri zutela 04:00ak bueltan, eta atoan konturatu zirela hura “sute bat” zela. Suhiltzaileen eta ertzainen beharra “oso bizkorra” izan zenez, eragindako kalteak izan ahalko zirenak baino “txikixeagoak” izan dira: “Eraikinaren hezurdura diren habeak eta korua egurrezkoak dira; beraz, eraikin osoak su hartu ahal izango zuen, inor bizkor otu ez balitz”. Korua, hain zuzen, sarreratik oso hurre kokatuta dago, eta ozta-ozta libratu du eremu horrek suaren eragina. Hori bai, atea, kanpoko hesia eta ermitaren informazio plaka “guztiz kiskalita” daude: “Gainera, sua amatatzeko erabilitako metodoak beste kalte batzuk sortu ditu barrualdean”.

Argazkia: Musutruk Mundaka
Udalak “gertakariak gaitzetsi” egin ditu, “guztion ondarea errespetatzeko eta zaintzeko deia” luzatzeagaz batera. Musutruk Gernikan, baina, nabarmendu dute sutea ez dela “inondik inora lehenengo bandalismo ekintza”: “Santa Katalina herrigunetik aldenduta dago, eta ez du ez argiteria azpiegitura handirik, ez poliziaren zaingorik; beraz, sarritan geratu ohi dira ekintza bandalikoak“. Besteak beste, “zaborra lurrera botatzea, ermitaren atzealdeko eremuan suteak pizteko saiakerak, grafiti edota pintaketak eta trapitxeoak” azpimarratu dituzte.

Argazkia: Musutruk Mundaka.
Horrenbestez, udalari neurriak hartzeko eta herritarrek “duela denbora askotik” eskatzen dituzten “segurtasun eta babes neurriak hartzeko” eskatu dio Musutruk Mundakak: “Santa Katalinaren mantenu zein berreskurapenerako behar handia egiten ari gara, udalerriko nahiz inguruko ardatzetako bat baita; hortaz, tankerako erasoaldi gehiagorik ezin daiteke gertatu. Argi gehiago, kamerak edota pareko neurriren bat eskatzen diogu udal gobernu taldeari. Ertzaintzara behin baino gehiagotan jo izan dugu, eta esan digute udalaren aginduaren zain daudela, Santa Katalina inguruan zaintza erronda gehiago eta erregularragoak egiteko. Horrenbestez, udalari arduraz jokatzeko eta neurriak hartzeko eskatzen diogu”.