Bermeok egonaldi turistikoen gaineko zerga ezarriko du 2027ko urtarriletik aurrera
Bermeoko Udalak 2027an indarrean sartuko diren hainbat ordenantza fiskaletan aldaketak onartu ditu urriko osoko bilkuran. Besteak beste, egonaldi turistikoen gaineko zerga berria arautzea, eta Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergan (EIOZ) hobari bat ezartzea onartu dituzte.
Bermeoko Udalak jakinarazi du 2027ko urtarrilaren 1ean jarriko duela indarrean egonaldi turistikoen gaineko zerga berria. Udalbatzak 2027rako ordenantza fiskaletan “hainbat aldaketa” onartu ditu urriko osoko bilkuran, tartean ostatu turistikoen gaineko tasa arautzea. Neurria Bizkaiko Batzar Nagusiek 2026ko ekainaren 17an onartutako 3/2026 Foru Arauari jarraituz hartu dutela aurreratu dute, “turismo-jarduerak udalerrian eragiten dituen ondorioei aurre egiteko eta turismo jasangarriagoa sustatzeko” helburuagaz.
Zergaren zenbatekoak zehazteko, udal gobernua osatzen duten hiru alderdien arteko adostasuna lortu dute, Bizkaiko Foru Aldundiak emandako tauletan oinarrituta. Udalak “Bermeoko errealitate ekonomikoa eta etxebizitzaren egoera” hartu ditu kontuan, eta tokiko jarduera ekonomikoan garrantzia duten ostatu-establezimenduei tarteko zenbatekoak ezartzea erabaki du.
Horrela, hotel bakoitzaren kategorien arabera, “gau eta pertsona bakoitzeko 1,25 eta 5 euro artean” ordaindu beharko dela nabarmendu dute: “Pentsioek, kanpinek eta aterpetxeek 1,25 euroko tasa izango dute; apartamentu turistikoek eta turismo-ostatuko beste establezimendu batzuek, 2 eurokoa. Nekazaritza-turismoko establezimenduetan 0,50 eurokoa izango da, eta landetxeetan 0,75 eurokoa”. Nekazaritza-turismoko establezimenduek gutxieneko tasa izatearen arrazoia “lehen sektorearekin lotutako jarduerak direla eta sektore hori sustatzeko laguntza publikoak jasotzen dituztela” dela azaldu dute.
Zenbatekorik handiena, baina, erabilera turistikoko etxebizitzei ezarriko diete: 6,50 euro gau bakoitzeko eta pertsona bakoitzeko, “etxebizitza osorik zein logelaka alokatzen den kontuan hartu gabe”. Udalaren arabera, erabakia hartzeko kontuan izan dute “Bermeok etxebizitza-eremu tentsionatu izateko duen egoera eta etxebizitza turistikoek merkatuan duten eragina”, batik bat.
Salbuespenak
Zenbait egonaldi zerga ordaintzetik salbuetsita egongo direla gaineratu dute udal ordezkariek, halaber. Besteak beste, helburu turistikoekin antolatutako gizarte-programek diruz lagundutako egonaldiak; 18 urtetik beherako pertsonenak; %65eko desgaitasuna edo handiagoa dutenenak; eta II. edo III. graduko mendekotasuna dutenenak. “Era berean, ez dute tasa ordaindu beharko ikasketekin, ikerketa akademikoarekin edo talentu-programekin lotutako egonaldiek, osasun-arrazoiengatik egindakoek eta ezinbesteko kausengatik egin behar direnek, hala nola hondamendi naturalen edo larrialdi-egoeren ondoriozkoek”, adierazi dute.
Egonaldi turistikoen gaineko zergaz gain, Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergaren (EIOZ) ordenantza fiskalean bi aldaketa ere onartu zituzten urriko osoko bilkuran. Batetik, orain arte Elizarentzat indarrean zegoen salbuespena kenduko dute. Bestetik, Visesarekin sinatutako hitzarmenaren ondorioz, %95eko hobaria ezarriko dute zerga-kuotan, Bermeon alokairu babestuko erregimenean babes publikoko etxebizitzak sustatzeko eta eraikitzeko obretan. Udalak, bere gain, “interes berezikotzat edo udal-onurakotzat” joko ditu obra horiek, gizarte-interes handiko helburuak dituztelako.