Esker onez jositako maillota jantzi du Pello Bilbaok
Gernika-Lumoko txirrindulariaren 16 urteko ibilbideari omenaldia egin diote gaur [urriak 31]. Eredu izan den kirolariak "herri baten harrotasuna" eraiki du azken urteetan, eta "errepidean dena eman" izana eskertu nahi izan diote lagun, familiarteko eta zaleek.
Gernika-Lumon kulturak, kirolak eta lagun arteko momentuek topo egiten duten plaza txirrindulariz bete da gaur goizean [urriak 31]. Hitzordu berezietan bereziena hartu du Pasealekuak, bertan hasi baita bere jaioterria txirrindularitza munduaren gorenera eraman duen kirolariari egindako omenaldia. Munduko txapelketarik garrantzitsuenetan lehiatu da Pello Bilbao; gaur, pantaila txikitik atera eta herritarrekin batera ospatu du inoiz ahaztuko ez duen 16 urteko ibilbide profesionala.
Goizean goiz ginkanara hurbildu dira txirrindulari txikienak. Maldan gora, behera eta oztopo txiki zein handiak gainditzen aritu dira guraso eta lagunekin. Hasieran begira bakarrik bazeuden ere, beteranoenek ere batu dute Pasealekuko erronka txikira batzeko ausardia. Bertaratu diren guztien begiradapean jartzea kosta bazaio ere, bertan egin diote Bilbaori berba ederrez osatutako lagunarteko omenaldia: “Hemen batu gara zure betiko lagunak, zure benetako jendea. Ibilbide luze honetan asko gozatu duzu, eta jende askok zugaz gozatu du”. “Herriko jendearen maitasuna” jasotzearen garrantzia azpimarratu du gernika-lumotarrak, eta maitasun hori berretsi diote bizikletekin egindako korridoreagaz. Aurreskua egin ostean, nork bere bizikleta hartu eta pelotoi handia osatu dute, Gernika-Lumo inguratzen duten bideak gaurko omenduaren atzetik egiteko. Hala, esker onez jositako maillotagaz egin du Pello Bilbaok gaurko itzulia.

Pello Bilbao Pasilekuko omenaldian.
Ezin izan dute ibilbidea nahi bezain beste luzatu, izan ere, omenaldi handia izan du zain Lizeo antzokian. “Lombardian baino urduriago” egon dela aitortu du Bilbaok oholtzara igotzean, hala ere, harrotasunez betetako begiradak izan ditu gainean, eta etxean bezala sentiarazteko babesa eman dio jendeak. Pello gazte baten hasierak pantaila handira eraman dituzte bideo bategaz, hala, bere ibilbideko momenturik handienen lekuko izan dira, beste behin, lagun eta zaleak. Alpeetatik hasi, Amurriotik pasa eta Turkiaraino heldu den txirrindulariak egindako itzuli eta garaipenen zerrenda luzea irakurri dute, aurreskua egin diote bigarrenez, eta Iñaki Aurrekoetxeak bere miresmena erakutsi eta aitortza berezia egin dio bertso bategaz: “Amurrioko Monte Avenako/Issoireko garaipenez/zenbat emozionau ginan zugaz/ez dogu ahaztuko errez”.
Une pozgarriak elkarregaz bizitzea baino gauza ederragorik ez dago. Frantziako Tourreko Issoireko garaipena jarri dute Lizeoko pantaila handian, jarraitzaile guztiak hunkitu zituen momentu hura berriro bizi izan dute, eta merezitako txalo zaparrada eskaini diote oholtza gainean bere burua ikusten egon den txapeldunari.

Issoireko garaipena gogoratu dute.
Jendeak eskaini dion maitasuna barru-barruan gorde eta eskerrak emanez bueltatu die Pello Bilbaok berea: “Nire lagunei esker nago hemen; eurek izan ziren txirindularitzara hurbildu nindutenak. Jende askoren lanari esker hasi nintzen ni, eta hor jarraitzen dute oraindik”. Bere ibilbidea eta garaipenak gogoratzean eta Aritz Arberas entrenatzaileari eskerrak ematean malkoei eusteko lan handia egin behar izan du Bilbaok. 2025eko Itzuliko etapa “gogorra” gogoratu du, bere jaioterrian amaitu zena eta berak diseinatu zuena: “Amaitu baino zer edo zer gehiago egin nahi nuen. Ikusi nuen aukerarik onena ihesaldia egitea izango zela, eta pelotoiak amore emateko itxaropena nuen. Ez zen horrela izan, baina ihesaldian maila handia egon zen eta irabazi ez banuen ere, pozik geratu nintzen. Ez nintzen nire momenturik onenean egon, baina aurreikuspenak gainditu nituen. Herriaren babesa sentitzea eta etxeko errepideetan lehiatzea sekulako esperientzia izan zen”.
“Txirrindulari maitatua eta gizartearentzako eredu” izan da Pello Bilbao. Hori adierazi diote Gernika-Lumoko itzulia beragaz batera egin duten txirrindulariek, lagunek, familiak eta Lizeoa bete duten zaleek: “Ez dugu ahaztuko Pello Bilbao txirrindulari bezala, eta ez dugu ahaztuko pertsona bezala”. “Beti isilean egindako lan handiagatik” egin diote gaurko omenaldia, hala, opari berezia jaso du Urdaibai Txirrindulari Eskola, Aixerrotape Elkartea eta bere lehen pedalkaden lekuko izan zen Gernikesa Txirrindulari Elkartearen eskutik. Lagunek ere eman diote mezu berezi bat txapela: “Gernikako txirrindulari eta kirolarien partez, zure ereduaz herri baten harrotasuna eraiki duzulako”.
Opariak jaso bakarrik ez, banatu ere egin ditu Bahrian Victoriouseko txirrindulariak. Bere taldeko botilak eta sinatutako oroigarria banatzen aritu da minutu luzez, inor esku hutsik utzi barik. Amaitzeko, argazkia atera du bertaratu diren guztiekin, ekitaldi berezi hori inork inoiz ez ahazteko.
Itxierako mezuak bereziki hunkitu ditu Pello Bilbao eredu izanda txirrindu bat hartu eta euren bidea zabaltzen hai diren pertsonak: “Zure garaipenak beti geratuko dira gure oroimenean, baina batez ere, txirrindulari zintzo, kide bikain eta eredu baten ondarea utzi duzu pelotoian. Eskerrik asko errepidean dena emateagatik eta euskal txirrindularitza gorenera eramateagatik”. Ibilbide profesionalari “agur” esan badio ere, “beste bizimodu bati ongietorria” eman dio Pello Bilbaok: “Telebistan ez banaiz agertuko ere, momentu gehiago partekatzeko aukera izango dugu aurrerantzean”.
