Ilusioaren harrobia isilean ustiatu duen meatzaria
Pello Bilbao Lopez de Armentiak merezitako agurra jasoko du zapatuan [urriak 31] gernika-lumotarren partetik. 10:00etan Pasealekuan bilduko dira txirrinduzaleak, eta Kanpantxuko Itzulia egingo dute erretiroa hartuberri den ziklistagaz. Lizeo Antzokian omenaldi beroa jasoko du, 12:00etan.
Argazkia: Sprintcycling. Gogoratzea itzultzea da. Ez ahaztea bertan geratzea da. Pello Bilbao Lopez de Armentia herrian eta herritarrekin hasi zen pedalei eragiten. Mareak legez behetik gora egiten duen indarrez, Euskaltel-Euskadi, Caja Rural, Astana eta Bahrain Victorious taldeetaraino iritsi da, 16 urteko bidean. Baina, urrunenetan urrunenera joanda ere, sustraiak ondo gogoan izan du lurra. Ze, gogoratzea, hein batean, maitatzea ere bada.
Liburuari amaitu zaizkio kapituluak, baina epilogoa zain du oraindik. Bilbaok dena hasi zen tokian eta dena hasi zen erara egingo ditu profesional mailako azken pedalkadak, zapatuan [urriak 31]: pertsona legez loratzen eta ziklista modura goia harrapatzen ikusi izan duten adiskide nahiz herrikideekin. Pello Bilbao Lagun Taldeak bat egingo du Urdaibai Txirrindularitza Eskolagaz eta Aixerrotape Txirrindulari Elkarteagaz, udalaren laguntzaz, eta merezitako omenaldia egingo diote Busturialdeak azken hamarkadan eman duen txirrindularirik apartenari.
Gazte zein nagusi 10:00etan Pasealekura —euria balitz, Merkatu plazara— bertaratzera deituak daude. Ginkana saioa egingo dute lehenik, eta, Bilbaori lehen omenaldia eginda, Kanpantxuko Itzulia bezala ezagun den barrutiari bira bat egingo diote. 12:00etan, Lizeo Antzokiak Bilbaoren ibilbidea omentzeko ekitaldi formala hartuko du. Sarrera doakoa izango den arren, 350 laguneko edukiera egongo da, eta, beraz, txartelak eskuratu beharko dira: bizikleta ibilbidera doazenek haren amaieran jaso ahalko dituzte; gainontzekoek, aretoko txarteldegian, 11:00etatik 12:00etara
Pello Bilbao: “Bizikletagaz erreta egon barik amaitzea ezinbestekoa zen, eta uste dut aurten iaz baino are gehiago gozatu dudala; ez dut inon irabazi, baina garaipena lortzeko besteko maila eta zenbakiak eduki ditut”
Gernika-lumotarrak “lasai” bizi ditu azken egunok. Jendearen “berotasuna inoiz baino gehiago” sentitzen ari da; “ez nuen uste nire agurrak herritarrei hainbeste eragingo zienik”, dio. Erabakia “unerik egokienean” hartu duen bermea du, alegia, “une fisiko eta mental aproposean”: “Bizikletagaz erreta egon barik amaitzea ezinbestekoa zen, eta uste dut aurten iaz baino are gehiago gozatu dudala; ez dut inon irabazi, baina garaipena lortzeko besteko maila eta zenbakiak eduki ditut”.
Laranja koloreko “tentazioa”.
Hori bai, bere agurra argitaratu ondoren, ezezkoa ematea “zaila den” aukera bat plazaratu zitzaion, aurkeztu zizkioten guztien artean: Mikel Landa Meanak egin modura, txirrindularitza profesionalaren zirkulua Euskaltel-Euskadin ixtea. “Tentazio handia izan zen; Donostiako Klasikoa orduko proposatu zidaten, eta hilabetez buruari bueltaka ibili nintzen. Dena dela, orain arte ziklismoaren aurpegi atsegina ezagutu dut, eta zapore horregaz amaitu gura dut nire ibilbidea, larregi luzatzearen sentipen mingotsik gabe; pena eman dit eskaintza atzera botatzeak, baina bizimolde aldaketa baterako une egokiena da”.

Bilbao eta Caruso, erretiroa hartuko duten bi taldekideak. Argazkia: Bahrain Victorious.
Bahrain Victorious etxe barruan ere, erretiro urte esanguratsua izango da: Bilbaoren taldekide eta lagun Damiano Carusok ere bere ibilbidea amaituko du. Biek ala biek “hamaikatxo abentura” bizi izan dituzte elkarregaz lasterketetan. Gernika-lumotarra giltzarri izan zen Ragusako eskalatzaileak 2021eko Italiako Giroan, etxeko itzulian, podiumeko bigarren postua harrapatu ahal izan zuenean: “Beragaz bizitako guztia oso berezia izan da. Gainera, biok pareko funtzioak eduki ditugu taldearen eskeman: ardurapean eta morrontzan ibili behar izan garenean, apal egin dugu; errematatzeko aukerak suertatu zaizkigunean, aprobetxatu ditugu”. Taldeak tankerako elementu bi urte berean galtzeak “igarriko” duen arren, belaunaldi berriei lekukoa hartzea dagokiela azpimarratu du Bilbaok: “Afonso Eulalio, Lenny Martinez edo Antonio Tiberi moduko liderrek urrats bat aurrera egin beharko dute”.
“Ez dut uste Ormaiztegikoa moduko ziklo-kros lasterketa gehiago egingo dudanik, baina egunaz pila bat gozatu nuen”
Ion Izagirre ormaiztegiarrak ere erretiroa hartuko du aurten. Iragan asteburuan, bere sorterrian egiten den ziklo-kros proban parte hartzeko gonbita luzatu zion Bilbaori, eta neumatiko lodiekin izan zuen zaleez agurtzen hasteko lehen abagunea: “Ez dut uste halako lasterketa gehiago egingo dudanik, baina egunaz pila bat gozatu nuen. Ionentzat oso berezia izan zen. Kirol aldetik, traba mekanikoak eduki nituen, baina emaitza gutxienekoa izan zen niretzat”.

Bilbao, Ormaiztegiko ziklo-krosean. Argazkia: Zabalafoto.
Agur urtea egutegiko probarik kolosalenean, Frantziako Tourrean, ospatzekotan zen Bilbao, baina gaixotasun batek Grande Boucle-tik kanpo utzi zuen. Espainiako Vueltan hartu zuen errebantxa. Hain zuzen, etapa irabaztea falta zitzaion hiru asteko itzuli bakarra Vuelta zen, eta, gogotik saiatu arren, “arantzatxo” hori sartuta geratuko zaio: “Dena dela, aitortu behar dut prestakuntza ez zela inondik ere egokiena izan. Burgosko Itzulian erokikoa izan nuen, eta jarraian makalik ibili nintzen. Azken etapara arte lehian ikusi nuen neure burua, eta hori ez da gutxi egungo txirrindularitzan. Gainera, Santiago Buitragogaz eta Jakob Omrzelegaz protagonismo handia izan dugu”.
Gaitza da Bilbaoren ibilbidean argi-itzalak detektatzea. Erregulartasunaren ordainsaria izan da bizitako dena. Sekula ez da suziri artean agertu, ezta putzu barruan ere: “Nire egitekoa zein izan den ikusita, ibilbide ederra eta emaitza politak lortu ditut”. Ehiztari sena izan du beti: bala gutxi, tiro gutxi, baina beti dianaren erdira. Hamazazpi garaipen ditu, baina ez edonon: Tourrean, Giroan, Itzulian, Dauphinen edota Espainiako Txapelketan, besteak beste.
16 urtetan, hamazazpi garaipen poltsikoratu ditu, baina ez edonolako probetan; besteak beste, Tourrean, Giroan, Itzulian, Dauphinen edota Espainiako Txapelketan gailendu da
Ziklista koherentea izan da beti, eta koherentea da hark egindako bidearen lorratza. Etxeko taldetik Caja Ruralera egitean, bere lehen mugarri handia iritsi zen: Zornotzako Udaberri Sarian palmaresaren estreinaldia. Gorka Izagirre menperatuz zabaldu zuen ezti potoa, eta haren anaia Ionegaz egin dizkio azken miazkadak profesional mailari. Handik goi mailako talde batera egin zuen jauzia, Astanara, eta bertan harrapatu zituen lehen emaitza potoloak. Bahrain Victorious etxean egin ditu urte gehien, eta bere konsistentziaren konfirmazioa bizi izan du bertan.
Oihartzunik handiena duen garaipena “zalantza barik Tourrekoa” izanagatik ere, badira bereziki Bilbaoren kirol ibilbidea markatu duten beste batzuk ere. Amurrioko helmugakoa, Itzulian; L’Aquila eta Monte Avenakoak, Giroan, biak urte berean; La Iruelakoa, Espainiako Erlojupeko Txapelketakoa; La Rosièrekoa, Dauphinen. Eta, ustez liderra “izan ez” arren, sailkapen orokorren galoiak ere eraginkor eroan ahal izan ditu soinean: Giroan bosgarren eta seigarren sailkatutakoa da; Tourrean, seigarren eta bederatzigarren.
Helburu txikien plazerra.
Amatatu dira argiak. Joana da tentsioa. Baina oraindik errepidea eta errepidekoak zain daude. Bilbaok ez dio “pretentsio handiegiz” begiratzen zain duen bizimoldeari, baina bere helburuak “erabat argi” ditu: “Familiagaz denbora gehiago egiteko unea da, eta bizikletaz beste era batera gozatzekoa. Inguruko txirrinduzalez osatutako talde polita dugu, hasieratik babestu nauena; zenbakiei begira egon barik haiekin errepidera ateratzeko unea da”.
Bere gisako txirrindulari batentzako ezinezkoa zirudiena lortu du 16 urtez Bilbaok. Zarata, iskanbila edota artifiziorik gabe. Erabateko erresilientziaz. Ilusioaren harrobia isilean ustiatu duen meatzaria legez.