Arimen Gaba Baltza: beldurrak uxatu, kalabazak piztu eta Gau Beltza argitzeko deia
Seber Altube Ikastolako Seberbaz euskara batzordeak Arimen Gaba Baltza antolatu du biharko [urriak 30], bigarren aldiz. Ikastolako komunitatea osatzen duten ikasle, irakasle eta familiek elkarlanean prestatu dute ekimena.
Geroz eta esanguratsuagoa bilakatzen ari da bertokoa, oinarrizkoa, sustraietakoa dena aldarrikatzea, eta herriarena dena ondare hori berriro herritartzea. Helburu horrekin eta euskararen, kulturaren eta transmisioaren koordenatuetan, Seber Altube Ikastolako komunitatearen katebegietako batek, Seberbaz euskara taldeak, Arimen Gaba Baltza izeneko ekimena antolatu du, bigarren urtez jarraian.
Hain zuzen ere, Seberbazen lantaldeak —ikaslez, irakaslez eta gurasoz osatuta dagoenak— Arimen Gaua edo Gau Beltza modura ezagutzen den tokiko ospakizunari interpretazio edo kolore propioa emango dio bihar [urriak 30]. Maila denetako ikasleek, beren guraso zein senideek, lagunek, ikastolako langileek eta “herriak berak” galdu ezinezko hitzordua edukiko dute, 18:00etan, Europako Herrien Parkean. Gau Beltzean oinarritutako ibilbide tematikoa egingo dute, bertan hasita; tartean, zenbait geldialdi egingo dituzte, eta, zelan ez, kantuak, dantza, mozorroak, txokolatada, jolasak eta zuzeneko musika ez dira faltako.

Iaz egin zuten estreinakoz kanpora begirako jarduera modura, eta erabat “arrakastatsua” izan zen: jendetza bildu zen ibilbide osoan. Aurtengo aldirako aurreikuspenak, alde horretatik, “baikorrak” dira: “Ikastolaren komunitatean sortutako zerbait izanagatik ere, herritarrak parte hartzera deituak daude, ohitura hauek geure-geureak baitira, guztionak”. Beldurren inguruan pibotatuko du bigarren ekitaldiak: “Batu arimak, aldendu beldurrak, eta goazen kalabazak piztera lelopean lerratuko da egitasmoa. Iazko langaia galdutako umeen arimen bilaketa izan zen, eta aurten beldurren auziari foku desberdinetatik helduko diogu bidean zehar: ikastolan beldurren kudeaketa landu da, baina ibilbidea ez da inondik ere inor beldurtzeko diseinatua izango”.
Europako Herrien Parkeko lehen geralekuaren ostean, Andra Mari elizan edukiko du bigarren mugarria Arimen Gaba Baltzak, eta jarraian Foru plazara joko dute; helmuga, iaz bezalaxe, Pasealekuan izango dute. Ibilbidean zehar, asko eta asko izango dira parte hartzaileek topatuko dituzten “sorpresak, jokoak eta kantuak”.
Kalabazak piztea izango da partaideen lelo edota egitekoetako bat. Hain zuzen, ibilbidea egiteko material guztia propio sortu dute ikasleek: “Kalabazetatik hasita, mozorroetara arte: dena eskuz egindakoa da. Ibilbidean zehar esanguratsuak izango diren testuak edo zuzeneko musika, prestatu edo entseatutakoak izango dira. Denon artean, erabateko borondate onez atondu dugu”.
“Ikastolan bada errotuta dagoen eta guztiz arrakastatsua den ohitura bat: ikasbidaian doazen ikasleek gazta erdi bat eroan ohi dute ikastolara, eta jendearen egitekoa haren pisua asmatzea edo, behintzat, ahalik eta gehien hurreratzea izaten da; parte hartzeko, jendeak borondatea ematen du trukean. Bada, Arimen Gaba Baltzan pareko zerbait egingo dute DBHko laugarren mailako ikasleek, gaztagaz barik, kalabazagaz: kalabazaren pisua zein den asmatzen duenak edota pisu horretara gehien hurbiltzen denak sasoiko produktuz osatutako saskia jasoko du sari. Beraz, gazteak eskean ariko dira, jolas horretarako parte hartzaile bila”.
Mozorroturik parte hartzeko deia da, hain zuzen, ardatz nagusietako bat: “Eta deialdi hori ez dago bakarrik gaztetxoenei bideratuta, baita nagusiei ere”. Bertoko Arimen Gauean oinarri hartutako mozorroak egin eta jantziko dituzte: “Kontua da pixkanaka-pixkanaka Gau Beltzaren ohitura berreskuratzen eta atzera sendotzen joatea, mozorroetatik euretatik abiatuta. Gainera, prestatzeko mozorro oso-oso errazak dira, edonork etxean egiteko modukoak”.
Urte osoko programazioa.
Arimen Gauaz harago, ikaslez, irakaslez eta senidez osatutako taldeak urte osoan kultur, hizkuntz eta auzolan egutegia josten du, denetariko jardueraz osatuta: “Programazio horrek hainbat adar ditu. Horietako batek euskalgintzagaz eta kulturgintzagaz erlazionatutako bertoko eragileen hartu-emanarekin lotura du: ikasleek Gernika-Lumoko Berbalagunek, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzak edota Mobidu euskara taldeak zelan funtzionatzen duten bertatik bertara ezagutzeko aukera dute; tankerako egitasmoek euskalgintzaren inguruko eragileen arteko elkar elikatzea sustatzen dute, eta haurrentzat oso baliagarriak dira”.
Horren adibide da Seberbametroa: “Euskarak ikastolako komunitatean erabilera aldetik duen tokia zehazteko eta hausnarketara begira, neurketa egin genuen hainbat eremutan”. Korrika Kulturalaren egitarauaren parte ere izan ziren, Astra kultur faktorian.
Seberbaz euskara taldeak urte bi daramatza martxa bete-betean, eta orain arteko bidearen balorazioa “ezin hobea” da: “Izenetik bertatik hasita, talde dinamika adostasunean eta komunitatea osatzen duten alde guztien inplikazioan oinarritzen dugu; horrek kohesio handia sortzen du, denak Seberbazen parte sentitzen baitira”. Erein, erain eta ebatu leloak biltzen du taldearen izaera edo sena.
Euskara pintzela eta kulturgintza mihisea izanik ere, kolore paleta zabala du Seberbazen helburu sortak: “Esaterako, familien ekosistema zelanbait geroz eta anitzagoa da, eta, alde horretatik, jendea hezkuntza komunitatera zelan erakarri eta denon artean nola saretu lantzen ari gara. Ateak zabal-zabalik ditugu”.