Bermeoko Udalak tokiko merkataritza sustatzeko udazkeneko kanpaina abiatuko du
‘Bertokoa dalako… Bermeon erosi’ ekimena azaroaren 26ra arte egongo da martxan, eta parte hartzen duten establezimenduetan 20 euroko erosketak egiten dituzten bezeroek "harraskatzeko txartelak" jasoko dituzte.
Bermeoko Udalak, Behargintzaren bitartez, herriko merkataritza sustatzeko udazkeneko kanpaina jarriko du abian bihar. ‘Bertokoa dalako… Bermeon erosi’ lelopean, ekimenak herritarrak herriko saltokietan erostera animatzea du helburu, tokiko merkataritzak herriko jarduera ekonomikoan eta bizi-kalitatean duen garrantzia nabarmenduz. Kanpaina azaroaren 26ra arte egongo da indarrean, udal ordezkariek nabarmendu dutenez.
Azaldu dute, guztira, Bermeoko 60 establezimendu inguruk hartuko dutela parte ekimenean. “Besteak beste, harategiak, arropa-dendak, botikak, etxetresna elektrikoen dendak, liburu-dendak, oinetako eta osagarri-dendak, optikak, janari-dendak, koltxoi-dendak, ortopedia-dendak, etxerako osagarrien dendak, informatika-establezimenduak eta artisautza-saltokiak izango dira kanpainaren parte”, gehitu dute.
Kanpainarekin bat egin duten establezimenduetan 20 euroko erosketa egiten duten bezeroek “harraskatzeko txartel bat” jasoko dute. Guztira, 3.000 txartel banatuko direla esan dute, eta horietatik hiruretatik batek saria izango du. Sariak 10 edo 20 eurokoak izango dira eta txartela eskuratu den saltoki berean gastatu beharko dira. Sariak erabiltzeko epea abenduaren 10era artekoa izango dela gaineratu dute, bide batez.
Saririk lortu ez duten txartelak ere gorde ahal izango dituzte bezeroek, izan ere, Gabon azokan egingo den zozketan parte hartzeko aukera izango dute. Horretarako, kanpainarekin bat egin duten establezimenduetan horretarako prestatutako kutxetan utzi beharko dituzte txartelak. Zozketako sariak udazkeneko kanpainan parte hartu duten saltokiek emandako produktuekin edo sariekin osatuko dira: “Kanpainaren parte diren dendak identifikatzeko, establezimenduetan ekimenaren kartela egongo da ikusgai”.
Helburua
Bermeoko Udalaren arabera, ekimenaren bidez “bezeroak fidelizatzea eta herriko saltokien salmentak handitzea” da helburua, tokiko merkataritzak herriko eguneroko bizitzan duen garrantzia azpimarratzearekin batera. Udalak nabarmendu duenez, saltokiek jarduera ekonomikoa sortzeaz gain, “herriko kaleak bizirik mantentzen eta bertako bizi-kalitatea indartzen” laguntzen dute.
Ildo horretan, Bermeoko Udalak herritarrak herrian bertan erostera eta tokiko saltokien alde egitera gonbidatu ditu. Udalaren esanetan, Bermeon erosteak “herriaren esentzia bizirik mantentzen laguntzen du, eta elkar zaintzeko modu bat” ere bada.