Azaroaren 11ko greba orokorra lantzeko elkarguneak deitu ditu Ernaik
Gazte antolakundeak greba orokorraren deialdiarekin bat egin du eta bariku (urriak 30) honetan elkarguneak antolatu ditu Bermeon eta Gernika-Lumon. Bermeon, Kabidxen bilduko dira; Gernika-Lumon, ordea, Astran. Biak ala biak 19:00etan izango dira.
Gernika-Lumon egindako 'Pauso bat aurrera' dinamikaren saioa. Argazkia: Ernai. Ernaik bat egin du azaroaren 11rako deitutako greba orokorraren deialdiarekin, eta mobilizazioa lantzeko elkarguneak antolatzen hasi da Hego Euskal Herriko herri eta eskualdeetan. Gazte antolakundeak bariku honetan, (urriak 30), elkarguneak deiu ditu Bermeoko Kabidxen eta Gernika-Lumoko Astra-n, 19:00etan.
Ernaik ikasturte hasieran aurkeztu zuen ‘Urrats bat aurrera’ proposamena, eta bertan jorratzen dituzten gaien artean dago etxebizitzarena. Azken asteetan gai horrek hartu duen “zentralitatearen” harira, gazte antolakundeko kideek “hainbat ekimen eta proposamen” egin dituzte etxebizitzaren inguruan eztabaida sustatzeko.
Gazte antolakundearen arabera, etxebizitza “gazteen artean eta, oro har, herri sektorean, ezberdintasun sozialak eta prekarietatea iraunarazteko elementu determinanteenetakoa” da. Hori dela eta, greba orokorrera eta haren antolaketara ahalik eta gazte gehien batzeko deia egin dute.
Barikuko elkarguneen helburua “etxebizitzaren auzia lantzea, grebaren inguruko markoa kokatzea eta azaroaren 11ko greba orokorrari buruz hitz egitea” izango dela azaldu dute, halaber. Bermeon bilera Kabidxen egingo dute, eta Gernika-Lumon, berriz, Astra-n, biak ala biak 19:00etan hasiko dira.
Bestalde, azken asteetan Ikamak heziguneetan batzar irekiak egin dituela jakinarazi dute Ernaitik. Ikasleen artean etxebizitzaren egoeraren inguruko azalpenak eman dituzte, eta, aldi berean, azaroaren 11ko greba orokorra antolatzeko lanketa egin dute.
Bestalde, LAB sindikatuak ere batzar irekiak deitu ditu Busturialdean, greba orokorraren inguruko lanketarekin jarraitzeko. Gernika-Lumoko LABen egoitzan egingo dute lehenengoa, gaur, urriaren 28an, 18:00etan.