Azaroaren 23a, udal argazki lehiaketan izena emateko epemuga
Nabarnizko Udalak abian ipini du 2027ko egutegia osatuko duten argazkiak hautatzeko lehiaketa herrikoia. Herritarrek azaroaren 23a izango dute beraien proposamenak aurkezteko epemuga, 14:00ak bitartean. Aurtengo gaiari dagokionez, Urtaroak Nabarnizen izango dela argitu dute.
Argazkiak egilearen izen, sinadura “edo bestelako identifikaziorik” gabeak izan beharko dira. Bakoitzak gehienez hiru aurkeztu ahalko ditu, baina bakarra hautatuko da. Edozelan ere, parte hartzaile kopurua beharrezko argazki kopurua baino txikiagoa balitz, “bigarren argazki bat ere” aukeratu ahalko litzateke. Bestalde, egutegirako aukeratutako argazki bakoitzaren egileak 50 euroko saria jasoko du.
Neurriei dagokienez, argazki horizontalak onartuko dituzte, “koloretan zein zuri-beltzean”: “Bereizmen handikoak izan beharko dira, gutxienez 2 Mb edo 4000×3000 pixelekoak”. Erretokeak egitea onartuko dute, baina ez, ostera, jatorrizko irudia aldatzen duten elementuak “gehitzea edo kentzea”.
Argazkien hautatzea “udalaz kanpoko aditu talde baten” ardura izango da, eta haren erabakia udalaren weborrian argitara emango dute; epai hori apelaezina izango da. Parte hartzaileek argazkiak udala@nabarniz.eus posta elektronikora bidali beharko dituzte, .jpeg formatuan.