500 gimnasta baino gehiago hartu ditu XXVIII. Xixili Torneoak
Maila handikoa izan da Xixili Torneoaren hogeitazortzigarren aldia. Gimnastika erritmikoak talentua eta lehiakortasunaz gain, pertsonak batzeko eta elkarlanean jarduteko gaitasuna ere baduela erakutsi zuten, zapatuan, Jai Alai Pilotalekuan.
Argazkia: Xixili Taldea. Xixili Taldea eskualdeko gimnastika erritmikoaren bilgune den heinean, taldeak dituen baloreak ikusarazteko hitzordua izan zuten, zapatuan, Gernika-Lumon. Hala nola, hogeitazortzigarrenez antolatu zuen taldeak Xixili Torneoa, foru-herriko Jai Alai Pilotalekua Espainiako komunitate desberdinetako gimnasten epizentro bihurtuz: 500 gimnasta baino gehiago hartu zituen, oro har, Gernika-Lumok, zapatuan. Antolatzaileek gaineratu dute, besteak beste, Kanarietako, Gaztela-Mantxako, Gaztela eta Leongo, Kantabriako, Asturiasko, Madrilgo, Errioxako eta Nafarroako gimnastak bertaratu zirela.
“Oso pozik” agertu dira, gainera, Xixili Taldetik, izan ere, torneoa “oso ondo” joan zen. “Lehenengo mailatik federatu baseetara arte maila oso altua erakutsi zuten parte hartzaileek, orokorrean”, esan dute, eta gehitu dute Xixili Taldetik “pozik eta harro” daudela hala torneoaren joanagaz, nola taldeko gimnastek erakutsitako mailagaz. Nahiz eta torneoa Sakoneta Klubak irabazi, etxeko gimnasten lana “txalotzekoa” izan zen, antolatzaileen hitzetan.
Bestalde, inklusioaren erakusle ere bihurtu zen Xixili Torneoaren hogeitazortzigarren aldia, ze, parte hartzaile guztien artean, Sakoneta Klubeko Eider Atxalandabaso izan zen protagonista. Desgaitasuna duen kirolariak emanaldia eskaini zuen Jai Alaien; antolatzaileek “une oso hunkigarria” izan zela nabarmendu dute. Bere parte-hartzeak “emozio berezia” sortu zuen, halaber, eta agerian utzi zuen gimnasia erritmikoa emaitzetatik harago doan kirola dela. Atxalandabasoren emanaldiak “balio handia” hartu zuen, Xixili Taldekoen ustez, eta “inklusioa, ahalegina eta norberaren mugak gainditzeko gaitasuna” erdigunean jarri zirela azpimarratu dute.

Argazkia: Xixili Taldea.
Elkarlana
Xixili Taldetik torneoa gauzatzeko urte guztian zehar egiten duten lana goraipatu nahi izan dute antolatzaileek: “Torneoan parte hartu zuten gimnastez gain, beste hainbat kirolari, guraso eta entrenatzaile aritu dira antolakuntza lanetan, tankera honetako torneo bat aurrera atera dadin. Elkarlanean eratutako ekitaldia izanik, gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu laguntzaile guztiei”.
Gauzak horrela, XXVIII. Xixili Torneoak “kirol ikuskizun bikaina” eskaini zuen Gernika-Lumon, baina baita emozioz beteriko bidaia ere. Xixili Taldeak, Busturialdeko gimnasia erritmikoaren alde egiten duen lanari esker, beste behin erakutsi du kirol honek talentua eta lehiakortasunaz gain, “pertsonak batzeko eta elkarlanean jarduteko gaitasuna” ere baduela.