Pausoz pauso, mende erdiko bidea
Argazkia: Eibar Nabarniz elkartea. Athletic Nabarniz elkarteak Eibar-Nabarniz mendi ibilbidea egin du, 50. aldiz, joan den asteburuan. Iragan zapatuan [urriak 26], urtero modura, goiz-goizetik abiatu zuten Eibar eta Nabarniz mendirik mendi lotzen dituen ibilbide herrikoia. 06:00etan eduki zuten Nabarniztik irteteko hitzordua, eta autobusez egin zuten Eibarrerainoko bidea. Ordubete beranduago, hogei mendizale inguruko tropela martxan jarri zen.

Argazkia: Eibar Nabarniz elkartea.
Urtero bezala, Oizko San Kristobal baselizan ibilbideko ohiko geralekua eduki zuten. Anoa postuan bildu ziren mendi martxalariak, eguraldi ederraz, paraje apartez eta indarrak berritzeko jan-edanaz gozatzeko: “10:00ak aldera iritsi ziren lehendabiziko parte hartzaileak; denek ala denek salda beroa zain eduki zuten, indarberritzeko”. Oiztik Nabarnizko herrigunerako bideari heldu zioten jarraian, eta helmugan mokadua eduki zuten.

Argazkia: Eibar Nabarniz elkartea.
Eguna biribiltzeko, Nabarnizen elkartu ziren martxan parte hartutakoak, antolatzaileak eta Athletic Nabarniz elkarteko “beteranoak”. Talde bazkaria mendi eta herrigintza jardunaldi apartekoaren “gailurra” izan ohi da, eta aurtengoa ere halaxe izan zen. Aurtengo ekitaldiaren balorazio positiboa eginda, hurrengo urteko 51. aldiaren zain daude jadanik.