Mareak Jaialdia: dozena bat, "ezustean eta gustora"
Mareak Jaialdiak iraun dituen bost eguneko marea biziak baretu berri, MB2000 elkarteko kideak "asebeteta" amaitu dute hamabigarren aldia, eta martxoan hamahirugarrenari begira jarriko direla nabarmendu dute.
Argazkia: MB2000 elkartea. Bermeon dagoeneko errotuta dago herria musika eta kulturaz blaitzen duen Mareak Jaialdia. Hala nola, “tradizioaren eta abangoardiaren arteko lotura” landu duten bederatzi ekimen burutu berri dituzte bost egunetan, jaialdiaren hamabigarren aldian. MB2000 elkarteko kideak “asebeteta” agertu dira: “Oso pozik gaude. Dena ondo irten da, eta aurtengo aldiaa oso lasaia izan da aurrekoekin alderatuz. Ez dugu azken orduko aldaketarik izan, eta gustora aritu gara”.
Izan ere, askotariko ekintzez jantzi da Bermeo azken egunetan: dokumentalak, ipuin kontalariak, musika eta hitzaldiak izan dira nagusi, besteak beste, udalerrian. Orokorrean, “balorazio ona” egin dute, gainera, antolatzaileek. Aurreikusitako ekimen guztiak “arrakastatsuak” izan badira ere, Juan Carlos Lopez Quintanaren gidaritzapean egindako Santimamiñera bisita gidatua nabarmendu dute MB2000tik. “Aurretiaz izena ematea beharrezkoa zela adierazi genuen, eta minutu bitan emaila gainezka genuen. Izen mordoa heldu zitzaizkigun; uste genuena baino askoz gehiago. Beraz, talde bi sortu genituen bisita gidatuaz gozatzeko aukera emateko. Hala eta guztiz ere, hainbat jende kanpoan utzi behar izan genuen, talde bietako jendeagaz aforoa bete baikenuen”, azaldu dute.
Bestalde, estreinakoz erabili dute Bermeoko Musika Eskola ondoko Irakaskintzako karpa Mareak Jaialdiko eszenatoki gisa, eta antolatzaileak “berrikuntza ezin hobea” izan dela gaineratu, eta “musikoak zein publikoa oso gustora” egon diren espazioa izan dela azpimarratu dute, halaber.
Herriaren erantzuna “bikaina” izan zen, antolatzaileen berbetan: “Jende gutxien bertaratutako ekimena Arcadia dokumentala izan zen, agian, ze, jendeak etxean ere ikusi dezake dokumentala. Gainontzeko ekimen guztietan herriaren harrera beroa nabaritu izan dugu. Batez ere, musikaren inguruko ekimenetan. Nabari da Bermeon musikarekiko interesa oso altua dela. Oso pozik gaude, bene-benetan”.
Horrez gain, Mareak Jaialdiak dituen helburuen artean, emakumezkoen lana eta esfortsua balioan jartzea dago. “Erakutsi nahi dugu, gizonezkoen proposamenak ere txertatzen baditugu ere, abaniko zabala dagoela emakumezkoen artean, eta asko eta asko direla kultur ekintza desberdianak plazaratzen dituzten emakumeak”, eman dute aditzera.
Bidea eginda
Esan bezala, MB2000 elkarteak antolatzen du urtez urteko ekimena, Bermeoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz. Elkartekideek argi esan dute jaialdiak dagoeneko bere bidea eginda duela, Mareak herrian egonkortuta egon dadin: “Jendeak interes berezia izaten du jaialdiarekiko, urtez urte. Asko dira datak, kartela eta informazio gehigarria aurretiaz eskatzen dutenak”.
Dozenara ezustekoz heldu badira ere, hamabiaren atzetik hamahirua datorren bezala, datorren urtean Mareak Jaialdiaren 13. aldia ospatuko dutela baieztatu dute. Orain erritmoa baretu eta atseden hartzea dagokie horren atzean lanean aritu diren guztiei, baina aurreratu dute martxoan berriro ere buru-belarri jarriko direla hurrengoa aurtengoa baino hobeagoa izateko osagai aproposenak bilatzen.