'Elantxobe'-koak zein beste guztiak, denak gogoan
'Elantxobe' lurrunontzia itsas hondora joan zenetik 90 urte beteta, instituzioek bertan "eta gainontzeko gerretan" zendutako merkatal marinelak omentzeko plaka ipini dute Talan.
Ia mende bat, 90 urte luze, igaro dira Elantxobe lurrunontzia itsas hondora joan zenez geroztik. Bapore haren hondoratzea, itsasoan isla agerikoa zuen gerra eta tentsio testuinguru batean, oraindik argitu barik dago: batetik, badira mina flotatzaile batek leher egin zuelako hondoratu zela dioten teoriak; bestetik, itsaspeko baten torpedoak jota galdu zela diotenak daude; badira hondoratzea itsas kolpe baten ondorio zela dioten informeak ere. Edozelan ere,
Barakaldotik Cardiffera bidean zihoala hondoratu zen Elantxobe, errepublikaren bandera popan zeramala, eta 42 lagunez osatutako eskifaiatik bakarrak baino ez zuen lortu bizirautea. Hala, bizitza galdutako marinel haiek eta “garai oso zailetan” beraien bizitza galdutako “itsasoko jendea” omentzeko ekitaldia egin dute gaur [urriak 24] Elantxoben.
Agerraldian egon dira Eusko Jaurlaritzako, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko, Merkataritza Itsasketako Kapitainen Euskal Elkarteko eta Elantxobeko Udaleko ordezkariak, bertara hurreratu diren elantxobetarrez nahiz inguruko herritarrez gain. Aipatutako ontzian zendutakoez gain, 36ko gerran “zein bestelakoetan” hildako merkatal marinel “guzti-guztiak” aintzatesteko plaka ipini dute Talan. “Lehen Mundu Gerrak, esate baterako, 300 merkatal marineleko faktura laga zuen, eta bigarrenak, ostera, beste 500ekoa, bai Espainiako Merkatal Ontzidian, bai Erresuma Batukoan zein AEBetakoan. Merkatal marinelek, izan ere, ezinbesteko beharra egin zuten hainbat tokitako herritarren biziraupena bermatzeko. Erabat merezia dute, beraz, omenaldi hau”, azaldu du kapitainen elkarteko presidente Patxi Odiagak.

Elantxobe baporearen kapitainaren loba ere omenaldian egon da, eta bai lurrunontziari gertatutakoari, bai haren memoriari dagokienez egindako “lan zabala” azpimarratu du: “Gaur hemen dauden eragileek gogotik behar egin dute, historia zati hori gal ez dadin. Oraindik ez dakigu zer dela eta hondoratu zen lurrunontzia, pila bat argi-itzal dago, baina ondo baino hobeto dakiguna da 42 marinelak eta beren familiak gogoratuko ditugula, eta egin zuten ekarpena eskertuko diegula. Gaurkoa egun berezia eta hunkigarria da, baina ea gai honen inguruko azken omenaldia den”.
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburua, Amaia Barredo, agerraldian izan da, eta Elantxobe lurrunontziari gertaturikoa “lehenago” gogoratu behar zela aipatu du, sasoi hartan “bai Elantxobek, bai Euskadik” itsasoagaz zuten lotura “estua” azpimarratzeagaz batera. Eusko Jaurlaritzaren 1936ko sorrera ere ez du ahaztu, Jose Antonio Agirre lehen lehendakariak Itsas Armada Zibilaren arloko erantzukizunak “bere gain” hartu zituela adierazita.

Sailburuak, halaber, atzera begiratzen duten plakak zein omenaldiak “aurrera begiratzeko ere” balio izatea espero du: “Itsasoan edota errepresiopean hildako itsasgizonen eta haien familien oroimenezko eta errekonozimenduzko gisa, baina baita haien historia belaunaldi berriei helarazteko lanabes modura ere”.