"Euskararen egoeraz konturatu behar gara, baina ez negar egiteko, ekiteko baizik"
Euskararen oraina eta geroa izango dituzte hizpide zapatuan, Bermeon, 'Esnatu ala hil' jardunaldiaren barruan. Garikoitz Goikoetxeak bere liburuaren inguruko hausnarketa plazaratuko du Nestor Basterretxea aretoan, 11:30ean. Ondoren, UEMAren 'Esnatu' dinamikaren berri emango du Arritxu Zelaiak. Bertsoa eta musika ere ez dira faltako, euskara epizentro bihurtuko den goizean zehar.
Argazkia: Mikel Albisu - Goierriko Hitza. Esnatu ala hil: esangura handiko berbak dira. Zer adierazi nahi dute?
Momentu historikoaren garrantzia adierazten dute. Uste dut dagoeneko nahikoa adostasun zabala dagoela Euskal Herrian, eta euskararen indarberritze prozesua ziklo baten amaieran dagoela, horren zantsuak geroz eta argiagoak izanik. Momentu giltzarri batean gaudela adierazten du, beraz, izenburuak: euskara normalizatzeko bidean aurrerapauso bat emateko momentuan gaudela. Bestalde, pauso horiek ez badatoz, datozen hamarkadetan orain arteko erritmoari eusteko arazo handiak izan ditzakelgula ere adierazten du.
Esnatzeko, zer da aldatu beharrekoa?
Esango nuke arlo askotan egin behar ditugula aldaketak, baina seguruenik abiapuntuan aldatu behar duguna ikuskerak direla. Aipatu dudan ziklo aldaketa horri lotuta, nabarmena da Euskal Herriak eta munduak aldaketa handiak izan dituztela azkeneko urteetan, eta datozenetan ere aldaketa handiak izaten jarraituko dugula. Beraz, aztertu behar dugun gaien baitako puntu garrantzitsuena, aldaketa horren aurrean nolako Euskal Herria irudikatzen dugun, euskarak Euskal Herrian nolako presentzia izatea nahi dugun, eta zelan ez, hori lortzeko zeintzuk pauso eman behar ditugun identifikatu beharko genituzke. Uste dut oinarria, behintzat, argi dagoela, eta da orain arte egindakoarekin honarte iritsi garela; beraz, aurrera egin nahi badugu, pauso berriak, bide berriak eta ikuskera berriak behar ditugu.
Zein izan zen Esnatu ala hil. Euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan liburua sortzearen helburua?
Alde batetik, helburu nagusia kaleko euskaltzaleei argi apur bat ematea zen. Liburua diagnostiko bat da, momentuko egoeraren eta azken hamarkadan bizitako bilakaeraren diagnostikoa, hain zuzen. Beraz, aurrera begirako zantsu eta gogoetak partekatu nahi izan ditugu horretan, eragiteko helburu batekin, noski. Bestalde, liburu honen jatorrian Iñaki Iurrebasoren doktore tesia dago. Helburua, beraz, doktore tesi horretatik irakurri daitekeen zerbait egitea izan da, datu eta interpretazio errealekin. Ze, liburu honen publiko xedea, nolabait esanda, ez dira euskara teknikariak edo egunerokoan euskararekin lan egiten dutenak soilik; baizik eta, kaleko euskaltzaleengana, eta euskararekiko kezka edo atxikimendu bat baduten horiengana heltzea da liburuaren asmo nagusia.
Liburuan diagnostiko bat egiten dela aipatu duzu. Zeintzuk dira horren ondorioak?
Ondorio nagusietan nagusia garai aldaketa batean gaudela dela esango nuke. Hau da, ibilbide bat egin dugu, bere ongai guztiekin, baina aurrera begira, beste bultzada baten premia daukagu. Hitz gutxitan esanda, alde batetik aurrerapenak izan ditugu eremu askotan, ze, nabarmena da euskaraz dakien geroz eta jende gehiago dagoela. Bestalde, txanponaren beste aldea ere ikus dezakegu: gaitasunean oraindik hutsune handiak dauzkagu, eta erabileran ere geldialdi bat izan dugu azkenengo hamarkadetan. Hori horrela, atxikimendua izan da azken hamarkadetan izan dugun gasolina nagusia. Izan ere, atxikimendurik gabe oso gaitz azaldu daiteke azken hamarkadetan zer egin dugun. Baina, egia da horretan ere badauzkagula zenbait hutsune edo galdera ikur. Esatetako, datozen urteetan nola mamituko den euskararen aldeko atxikimendu edo hautu hori. Horren aldean, baditugu ibilbide honetan zerikusi zuzena duten fenomeno batzuk. Batetik, guk, hiztun gehienok, gure bizitzan aurrera goazenetan hizkuntza gaitasunean atzera egiten dugula, eta euskara gaitasuna kamustu egiten zaigula. Demografiaren ikuspegitik, gainera, aldaketa ugari jasan ditugun garaiak pasatu ditugu, eta horrek ere badu hizkuntza honen errealitatean eraginik. Bestetik, lurralde aldetik eremu batzuen eta besteen artean dauden desberdintasunak ere kontuan hartu behar ditugu. Euskal Herrian badauzkagu eremu batzuk, non euskararen osasun egoera ahulagoa den, baina hala ere azken urteotan aurrera egin dugun, baina kontrara ere gertatu zaigu: euskara osasuntsu zegoen eta dagoen eremuetan arrisku sintomak dauzkagu. Beraz, esango nuke badauzkagula indargune batzuk, baina badauzkagula egiturazko oztopo batzuk eta atzerantza egitearen sintomak ere.
Zein da zapatuan, Bermeo bezalako hsitorikoki herri euskaldunean transmitiu nahiko zenuken mezua?
Bermeon transmititu nahi dudan mezuaren lehenengo puntua egoeraz konuratzearen beharra izango litzateke, baina ez negar egiteko, ekiteko baizik. Ikustea zer gertatzen ari zaigun, eta horri buelta emateko abiapuntua bilatzea. Hau da, ikuspegi historiko batetik begiratzen badiogu orain arte egindakoari, nabarmena da azken urteetan egin dugun bidearen zimenduak 70. hamarkada hasieran jarri zituztela, eta nolabait orduan egindako apustuen errentetatik bizi izan garela hurrengo urteetan. Baina nabarmena da, baita ere, apustu horiek ematen dizkiguten errentaren edo olatuaren uhina geroz eta meharragoa dela. Beraz, hortik abiatuko gara zapatuan, eta besteak beste, hurrengo ideaiaren inguruan hausnartzeko tartea hartuko dugu: ze apustu egin dezakegu gaur, hemendik 20, 30 edo 40 urtera euskararen osasun egoera are sendoagoa izan dadin?. Horri helduko diogu, beraz, Bermeon, eta Euskal Herriko egoeraz harago, Bermeoko egoerara ere eramango dugu plazaratutako hausnarketa.
Gainera, Arritxu Zelaiak Esnatu dinamika aurkeztuko du gero. Ze garrantzia dauka Esnatu dinamikak berak, eta jendeak dinamika hori ezagutzeak?
Arritxu Zelaiak aurkeztuko duen dinamika lehen aipatutako diagnostikoaren bigarren zati gisa dator. Hau da, «egoera honelakoa da, ekin diezaiogun» esateko modu gisa aurkezten da Esnatu dinamika hori. Bermeoko saioak, hala nola, biak uztartuko ditu: alde batetik, egoeraren azterketa eta hasunarketa egingo da, bai, baina ekin ere egingo da. Ze, hemen badago puntu garrantzitsu bat. Askotan esaten da euskararen inguruko gogoeta anitz egite direla, eta hori, noski, ezinbesteko oinarria da. Baina, azken 40-50 urteetan gogoetek ez gaituzte honaino ekarri. Bereziki ekarri gaitu ekimenak: ekiteak ekarri gaitu hona. Eta gaur ere, biharkoari begiratuz, horixe da egin behar duguna: ekin. Lokatzetara sartu, jeitsi lurrera, eta bakoitzak bere esparrutik ekin.
Horrez gain, gero Triki-bertso kalejira ere antolatu dute. Bertsoaren eta musikaren bitartez mezu eraginkorrak zabaldu daitezke?
Dudarik gabe. Kasu honetan, mezuak zabaltzeko eta jendearengana iristeko era bat baino gehiago behar ditugu, eta gainera, esango nuke esploratu behar ditugula era berri horiek. Mugimendu euskaltzalean datozen urteetara begira dauzkagun erronketako bat hori da, halaber: jendearekin konektatzeko bideak bilatzea. Besteak beste, belaunaldi berriekin konektatu nahi dugu, eta horretariko askotariko formatuak behar ditugu. Akaso, hitzaldi tradizionalek bere onena eman dute orain arte, baina beste zubi batzuk ere bilatu behar ditugu, helduera zabaltzeko. Horrez gain, bertsoa, kultura, musika eta euskara uztartuko diren heinean, bete-betean eragiten dio gure helburuari. Askotan pentsatzen dugu hizkuntza komunikatzeko tresna soil bat dela, baina jakin badakigu hizkuntza hori baino dezente gehiago dela: hizkuntza bada gozamena, hizkuntza badira sentimentuak, eta hizkuntza bagara hiztunok, azken batean. Beraz, hori dena nahasten duen goiz osoko ekimen batean bikain sartzen dira, nire ustez, elementu horiek guztiak.orrum et re quiae et etur rendeliquam faccuptatiis nus, cum eaquasp editati urerum si doles dit quam voluptatem volupta is ut adisimolut et am delles et, quid essimag niatur sitisin ullena gr.
Amaitzeko, zein mezu bidaliko zenioke Bermeoko edo inguruko norbaiti zapatuko jardunaldira bertaratzera animatzeko?
Ez garela negar egiteko elkartuko, batez ere. Beraz, nahiko nuke jendea animatu dadin, eta etorri dadin, nolabait, abiapuntua bilatzeko helburu horrekin. Egongo dira atseginagoak suertatuko zaizkigun gauzak, eta kontrara, ezinegona eragingo digutenak ere egongo dira, bain abehar ditugu begiak zabalik, zer gertatzen ari zaigun konturatu behar gara, eta batez ere, hausnartu behar dugu gertatzen ari zaigun horren aurrean zer egin behar dugun, bakoitzak bere lekutik. Hala, gonbidapenarekin batera, eskaera hori ere zabalduko nuke: ez gaitezen elkartu negar egiteko, eta jarri gaitezen biharko eta etzirako nahi dugun Bermeori begira.