Euskaraz aritzeko lehen bi ekimenak antolatu dituzte
Bermeoko Berbalagunek ikasturte berriari hasiera emateko bi ekimen antolatu dituzte. Urriaren 25ean ibilaldi bat egingo dute Laida eta Atxarre artean, eta hilaren 29an hitzaldi-tertulia izango dute Euskal Gunean. Bietan ala bietan izen ematea beharrezkoa izango da.
Bermeoko Berbalagunek bi ekimen antolatu dituzte urriaren amaierarako, euskaraz aritzeko eta aisialdia lagunartean partekatzeko helburu naguriari eutsiz. Alde batetik, ibilaldi bat egingo dute Laidatik Atxarrera joanez eta berriro Laidara bueltatuz; bestetik, ordea, hitzaldi-tertulia izango dute Bermeoko Euskal Gunean.
Lehenengo hitzordua domekan (urriak 25) izango da. 9:30ean abiatuko dira Laidatik, eta ibilbide zirkularra egingo dute Laida-Atxarre-Laida artean. Antolatzaileek azaldu dutenez, “zailtasun gutxiko ibilbidea” izango da, edonork egiteko modukoa. Jarduera doakoa izango da eta, besteak beste, inguruneaz euskaraz gozatzeko aukera eskainiko du.
Parte-hartzaileek, gainera, eguerdirako bazkaria eramateko gomendioa zabaldu dute Berbalagunetik. Ibilaldian parte hartu nahi dutenek urriaren 23a baino lehen eman beharko dute izena, 607 609 580 telefono zenbakira deituta edo WhatsApp bidez.
Bestalde, datorren eguenan (urriak 29), 18:00etatik 19:00etara, hitzaldi-tertulia egingo dute Euskal Gunean. Zelan hobetu gure egunerokoa? saioa izango dute aurretik, eta Julene Fernandezek hainbat gako azalduko dituela nabarmendu dute. Ondoren, parte-hartzaileek horren inguruan lasai hitz egiteko eta iritziak partekatzeko aukera ere izango dute, antolatzaileen hitzetan.
Ekimen hau ere doakoa izango da, eta Bermeoko Berbalagunek lagunarteko giroan euskaraz hitz egiteko eta eguneroko kezkak konpartitzeko espazio bat sortu nahi dute. Saioak harrera ona badu, azaroan beste topaketa bat egitea ere aurreikusi dute, lehenengoari jarraipena emateko. Hitzaldi-tertulian parte hartzeko izena urriaren 28ra arte eman daiteke, 607 609 580 telefono zenbakian.
Bi ekimenekin, Bermeoko Berbalagunek euskara praktikara eramateko, euskaraz aritzeko eta harreman berriak sortzeko aukerak eskaini nahi dizkiete herritarrei.