Erantzunkizunak eta baliabideak modu "bidezkoagoan" banatuz beharrei erantzungo dien zaintza-eredua helburu
Herriko zaintza egoeraren diagnostiko partekatuaren ondorioak izango ditu abiapuntu ekintza planak. Ez dute Gernika-Lumoko Zaintza Mahaian inplikatutakoen proiektua bakarrik izatea nahi, "Gernika-Lumon bizi edota lan egiten dutenek partekatutako ekimena" izatea baizik. Ekintzetan parte hartzera deitu dituzte interesdunak.
Gernika-Lumoko Zaintza Mahaiak herriko zaintza egoeraren diagnostiko partekatuaren ondorioak aurkeztu zituen ekainean eta orain, hori abiapuntu hartuta, lehen Zaintza Ekintza Plana ipini dute martxan, zaintzaile zein zainduen beharrei erantzuna emateko asmoz, tokiko eragileen eta herritarren parte hartzearekin garatuko dutena.
Zaintza lanen “dimentsio publikoa eta komunitarioa indartu” eta arlo horretako eragileen arteko koordinazioa hobetzera bidean, Zaintza Ekintza Plana lau hausnarketa saioren bidez garatzea erabaki dute. Saio horietan udalerriko “funtsezko eragileek” parte hartuko dute eta, aurreratu dutenez, planaren garapenean “aktiboki inplikatzera” animatuko dituzte. Saio horietan antzemandako behar ezberdinak partekatu, egungo gabezia edo beharrizanak aztertu eta tokiko zaintza sistema hobetzea ahalbidetuko duten proposamenak zehazten jarraitzea izango dute helburu nagusi.
Bosgarren saio bat ere egingo dute, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako beste udalerri batzuekin “esperientziak trukatu” ahal izateko. Azaroaren 18an [eguaztena] egingo dute topaketa eta, zehaztu dutenez, hiru herritako ordezkariak gonbidatuko dituzte beraien udalerrietan zaintza arloan egingo lana azaldu, ekimenak partekatu eta “erronka amankomunei heltzeko beste modu batzuk ezagutzeko”.
Helburu partekatua.
Gernika-Lumoko Zaintza Mahaia Gernika-Lumoko Udaleko, Sare Feministako, pentsiodunen mugimenduko, erizain komunitarioetako, alderdi politikoetako, sindikatuetako eta Ideasur elkarteko ordezkariek osatzen dute eta “helburu partekatua” du: “Herritarren beharrei erantzungo dien eta erantzukizunak eta baliabideak modu bidezkoagoan banatuko dituen zaintza eredu baterantz aurrera egitea”.
2025ean garatu eta herritarrei ekainean aurkeztutako diagnostikoak “lau arazo nagusi“ identifikatu zituen: batetik, zaintza lanen banaketak “desorekatua” izaten jarraitzen duela, lan gehienak “emakumeen gain” baitaude; bestetik, zaintzaileen lan-baldintzak “prekarioak” eta emakume migratzaileek etxeko zaintza lanetan duten “funtsezko zeregina”. Gainera, diagnostikoak egungo zerbitzu publikoak zaintza arloko beharrezinak asetzeko “nahikoak ez direla” ere azaleratu zuen. Ondorio horietatik abiatuta, zaintza mahaiaren lehen ekintza planak zaintzaileen zein zaintza behar dutenen beharrak kontuan hartuko dituela azpimarratu dute.
Zaintza Mahaia osatzen duten eragileek ez dute plana soilik inplikatutako erakundeen proiektua izaterik nahi, “Gernika-Lumon bizi edota lan egiten dutenek partekatutako ekimena baizik”. Horregatik, urritik abendura bitartean egingo dituzten ekintzetan parte hartzeko deia egin die interesdunei.