Gernika-Lumoko zerbitzu publikoen eskaintza ez da heltzen herritarrek dituzten zaintza beharrak asetzera
Gernika-Lumoko Zaintza Mahaiak herriko zaintza egoeraren diagnostiko partekatua aurkeztu du gaur (ekainak 11). Esan dutenez, diagnostiko hau abiapuntua izango da herrian hurrengo urteetan zaintzaren alorrean egingo diren urratsak irudikatzen hasteko.
Gernika-Lumoko Zaintza Mahaiak herriko zaintza egoeraren diagnostiko partekatua egin du eta gaur (ekainak 11) aurkeztu du kultur etxean. Zaintza diagnostikoa egiterakoan, udalerrian zelan zaintzen den jakin gura izan dute, baita nork eta zelako egoeretan zaintzen duten eta zainduen errealitatea zein den. Hala, ondorioztatu dute, zaintza lanak emakumeen bizkar jausten direla nagusiki, zaintza langileen egoera “oso prekarioa” dela orokorrean, migratutako emakumeak direla “gehienbat” etxeko zaintza lanak ziurtatzen dituztenak eta zerbitzu publikoen eskaintza ez dela herritarrak dituzten beharrak asetzera ailegatzen.
Gernika-Lumoko Zaintza Mahaiak bultzatu du diagnostikoa, eta hori 2023ko udazkenean sortu zen, azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorraren ondoren gernika-lumotarrek egindako herri akordioaren harira. Egitura horretan udalak, alderdi politikoetako ordezkariek, sindikatuek, pentsiodunen mugimendukoek eta Gernikako Sare Feministak hartzen dute parte. Hala, mahai horrek hasi berri duen bide horretan lehenengo erronka izan da zaintza egoeraren ezagutza “sakonagoa eta partekatua” egitea, eta hala egin dute, Elhuyarren laguntzarekin. “Diagnostiko hau abiapuntua izango da herrian hurrengo urteetan zaintzaren alorrean egingo diren urratsak irudikatzen hasteko”, azaldu dute gaurko aurkezpenean. Izan ere, identifikatzen dituzten gabeziei edo beharrei aurre egiteko planak proposatzeko asmoa dute.
Esan dute zaintzak bizitza osoan zehar ematen eta jasotzen direla, bizitzaren arlo guztiak gurutzatzen dituela. Ondorioz, zaintza diagnistikoa egiterakoan, eremu zehatz batzuk aukeratu behar izan dituzte. Hala, aurkeztu duten diagnostikoan adin nagusikoen eta erabateko menpekotasuna duten herritarren zaintzen inguruko datuak jaso dituzte.
Eta analisia hiru esparrutan egin dute: batetik, etxean ematen diren zaintzetan, izan senideek edo kontratatutako zaintzaileek emandakoak; bestetik, zerbitzu publikoak eskaintzen dituztenak; eta, hirugarrenik, sare komunitarioaren egoera. “Arreta jarri dugu zainduen eta zaintzaileen bizipenetan, horiek guztiek dituzten beharrak eta proposamenak erdigunera ekarriz”, nabarmendu dute.
Prozesuak hiru oinarri nagusi izan ditu hasieratik: paradigma feminista batetik abiatzea; genero ikuspegia lanerako metodologia gisa hartuta lan egitea; eta ikuspegi intersekzionala ardatz izatea, hau da, diskriminazio mota ezberdinak kontutan hartzea.
Guztira, 23 elkarrizketa egin dituzte, banaka edo taldeka; hala, 34 pertsona elkarrizketatu dituzte guztira. Elkarrizketatuen erdia baino gehigo 50 eta 65 urteen artekoak izan dira, eta %23, berriz, 35 urtetik beherakoak. Beste horrenteste izan da 65 urtetik gorakoen ehunekoa. Guzti horietatik %76 emakumeak izan dira.
Hiru esparru.
Zaintza beharrez hitz egiterakoan, bizitza duin bat izateko beharrezkoak diren zaintzei buruz ari dira. Zaintza lanei buruz berba egitean, ordea, bizitza sostengatzeko beharrezkoak diren lanez ari dira. “Zentzu horretan, ongizatea ez da bakarrik fisikoa, ongizatea emozionala, psikologikoa eta soziala ere bada, eta hori bermatzeko askotariko ekintzak beharrezkoak dira. Hala bada, zaintza ez da mendekotasunarekin eta zaurgarritasunarekin bakarrik lituta egongo, nahiz eta dependentziaren bat tarteko dagoenean jaso/eskaini beharreko zaintzak beste dimentsio bat hartzen duen”, argudiatu dute diagnostikoan.
Eta, hiru esparrutan banatuta, hainbat ondorio atera dituzte. Etxean ematen diren zaintzei dagokienez, ondorioztatu dute zaintza lanak “gehienetan” familia barruan antolatzen direla, eta horiek emakumeek burutzen dituztela bereziki. “Zaintzaileek, gainera, gainkarga fisiko eta emozionala, isolamendua eta gizarte harremanen galera adierazten dute”, azaldu dute.
Familia zaintzei dagokienez, “askok” lan eszedentziak edota lanaldi murrizketak eskatu behar izaten dituztela gogoratu dute, “horrek dakarren pobretze arriskuagaz”. Eta, zaintza lanak kontratatzerakoan, nagusiki migratutako emakumeak kontratatzen direla berretsi du azterlanak, baita horien “zaurgarritasuna oso handia” dela eta lan baldintza “oso eskasak” izaten dituztela ere: “Ordutegi amaigabeak atseden eza, lankarga fisiko eta emozional oso handia eta soldata oso baxuak izaten dituzte, batez ere interna erregimenean aritzen direnek. Horrez gain, egoera administratibo irregularrean daudenak eskubide eta baliabide askorik gabe bizi dira”.
Zerbitzu publikoen esparruari dagokionez, nabarmendu dute zerbitzu publikoetan “ez dagoela nahikoa aukerarik” prebentzioa lantzeko: “Baliabide eskasia dago eta ez dago koordinazio nahikorik”.
Covid-19ak eta aurreko krisiek sistema publikoa “ahuldu” dutela ondorioztatu dute, zerbitzuak ez baitatoz bat familien beharrekin eta erritmoekin. “Erabiltzaileen menpekotasun maila gero eta handiagoa da, eta horrek esku-hartze intentsiboagoak eskatzen ditu. Gainera, plaza gutxi daude, baliabide ekonomiko mugatuak eta koordinazio falta”, nabarmendu dute aurkezpenean.
Etxez etxeko zerbitzuaren eta eguneko zentroen funtzio “prebentiboan” ere begirada jarri dute, eta “funtzio prebentibo hori galdu” egin dela adierazi dute, “dependentzia gradu handiagoko kasuak artatzen dituztelako”. Jakinarazi dute etxez etxeko zerbitzuan itxaron zerrendarik ez izatea lortu dutela, baina, ordez, eguneko zentroetan plaza “eskasia” dagoela eta itxaron zerrenda luzea dela.
Nagusien egoitzen kasuan, udalerrian bi daude: bata pribatua; bestea publiko-pribatua. “Nagusi askorentzako ezinezkoa da horrelako kostu ekonomikoari aurre egitea. Plaza kopuru mugatua dute eta ratio handiak dira”, adierazi dute, horrek langileen “gainkarga” eragiten duela nabarmenduta. “Erabiltzaileek, gainera, gero eta menpekotasun handiagoa dute eta profil konplexuagoak dira”.
Dibertsitate funtzionala duten pertsonei zuzendutako zerbitzuek “baliabide gutxi” dituztela ere azpimarratu dute, aisialdian eta garraioan gabeziak daudela eta, orohar, gizarte eragileen eta boluntarioen boluntariotzaren menpekotasun handia dagoela esanda. “Dibertsitate funtzionala dutenentzat eskola garaian badaude baliabideak eta aukerak, baina gero baliabide gutxi daude edo eskualdetik kanpo kokatzen dira. Aldundiak egoitza eta eguneko zentroen sare bat du, baina eskaintza mugatua da herrian eta itxaron zerrendak luzeak dira”, argudiatu dute.
Sare komunitarioaren esparruari dagokionez, ondorioztatu dute zaintzarako sare komunitarioak indartzeko eta norbanakoen autonomia sustatzeko herriko antolaketa eraldatu behar dela, “komunitatea aktibatuz eta espazio publikoa zaintzaren zerbitzura jarriz”.
Izan ere, udalerrian belaunaldi desberdinen arteko jarduerak eta auzolana sustatzeko ekimen “oso gutxi” daude eta “oso momentukoak” dira. “Etorri berrientzako ez dago elkargunerik eta herriko dinamikak zein kuadrilla sistemak zaildu egiten du bestelako saretzea sustatzea”, diote. Bestetik, udalerrian irisgarritasuna hobetu bada ere, badagoela oraindik zer egin uste dute: oztopo arkitektonikoak, seinaletika sinpleagoa, garraio egokia eta behar kognitiboak kontutan hartzea, esaterako.
Etxeko lanak.
Zaintza Mahaia aukera estrategiko gisa antzematen dute, Gernika-Lumon zaintza ekosistema hobetzeko bidean. Eta, gaur aurkeztu duten diagnostikoa ez dutela helburu gisa ulertzen azpimarratu dute, “eraldaketarako abiapuntu gisa” baino. “Diagnostikoak erantzun praktikoak ekarri behar ditu, eta ezinbestekoa da jarraipen egituratua izatea. Hau da, zaintza mahaiak bertan identifikatutako lanketak izan beharko ditu, lantzeko erronka gisa”, esan dute.
Beraz, ulertzen dute diagnostiko honek etxeko lanak agintzen dizkiela herritarrei: instituzioari zein herri mugimenduari; kolektibo zein norbanakoei; alderdi, sindikatu eta kuadrillei; nagusi zein gazteei. “Bakoitzak berea baina denok daukagu ardura zaintza sistema publikoa eta komunitarioa hobetzen eta ehuntzen joateko”, nabarmendu dute.
Zaintza Mahaian, hasteko, erronka batzuei aurre egitea adostu dute, eta datozen hilabeteotan ekintzen plana egiten arituko dira. Hala, hainbat erronka dituzte mahai gainean: zaintza lanen feminizazioarekin haustea gizonen inplikazioa sustatzea; zaintzaileen isolamendua apurtzea saretzeko espazioak ahalbidetzea; zainduak diren pertsonak entzutea euren beharrak erdigunean jarriz; egoera administratibo irregularrean dauden emakumeen eskubideak ahalbidetu daitezen bitartekoak jartzea; aholkularitza juridikorako sarbidea izatea langile zein kontratatzaileek, beraien eskubide eta betebeharren berri izan dezaten; zerbitzua familien beharretara egokitzea haien erritmoekin eta erabiltzaileen menpekotasun mailekin bat egiteko; eredu asistentzial hutsetik eredu prebentibo eta komunitariora igarotzeko urratsak ematea; dibertsitate funtzionala duten pertsonen elkarteekin elkarlana sustatzea; eta baliabide eta eragileen arteko elkarlana eta ezagutza sustatzea.
Horretarako, baina, Zaintza Mahaitik herritar guztiei dituzten kezkak eta ekarpenak bideratzeko gonbidapena egin diete.