Zaintza eta mobilizazioa oinarri, 'Zainduz' izeneko ekimenean
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak mendekotasun-egoeran dauden pertsonen zaintzan laguntzeko eta senideen eguneroko lana errazteko bi tailer antolatu ditu azaroan zehar. Izena emateko epea urriaren 28ra arte dago zabalik.
Mendekotasun-egoeran dauden pertsonen zaintzan laguntzeko eta senideen eguneroko lana errazteko bi tailer antolatu dituzte Gernika-Lumon. Zainduz programaren barruan, zaintza eta mobilizazioari lotutako oinarrizko teknikak landuko dira, bai zaintzaileentzat, bai mendekotasun-egoeran dauden pertsonen senideentzat.
Lehenengo tailerra, Zaintza eta mobilizaziorako oinarrizko teknikak, mendekotasuna duten pertsonen familia-zaintzaileei zuzenduta dago. Bertan, gorputz-kontzientzia, autozaintza eta jarrera-higienea lantzeaz gain, mobilizazio eta transferentzia seguruak egiteko teknikak eta eguneroko zaintza-egoeretan aplikatzeko baliabide praktikoak azalduko dituzte.
Bigarren saioak, berriz, Teknika basikoak zaindu eta mobilizatzeko izenburua du eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonen senideei zuzenduta dago. Gorputzaren kontzientzia, zaintzailearen autozaintza eta higiene posturala jorratuko dira, baita mobilizazio eta transferentzia seguruak ere. Helburua da parte-hartzaileek ikasitakoa eguneroko zaintza-egoeretan praktikan jarri ahal izatea.
Bi tailerrak azaroaren 3an, 10ean, 17an eta 24an egingo dira, 18:00etan, Gernika-Lumoko ElkarHazi Zentroan (Bekoibarra 35, 1.5). Jarduerak Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak antolatu ditu. Parte hartu nahi dutenek urriaren 28ra arte eman dezakete izena: horretarako, 94 625 51 22 telefono zenbakira deitu edo 688 635 548 WhatsApp zenbakira idatzi beharko dute.
Zainduz ekimenaren bidez, zaintza-lanetan dabiltzan pertsonentzat egunerokoan erabilgarriak izan daitezkeen tresnak eta ezagutzak eskaintzea eta, aldi berean, zaintzailearen beraren ongizatea eta segurtasuna indartzea bilatzen dute.