Beste garaipen eta marka berri bana Inma Ruizentzat
Inma Ruiz atleta gernika-lumotarrak F65 kategoriako Aire Libreko Pistako Espainiako Master Txapelketa irabazi du, Palafrugellen (Katalunia).
Denboraldiko helmuga nagusietatik urrun egonagatik ere, Inma Ruiz atleta gernika-lumotarrak sasoiko dagoela frogatu du beste behin. Iragan asteburuan, Aire Libreko Pistako Espainiako Master Txapelketa lehiatu zuen Palafrugellen (Katalunia), eta emaitza gogoangarria ekarri zuen etxera bueltan: garaipen handia poltsikoratu ahal izan zuen F65 kategoriako eta milia distantziako lasterketan.
Zapatuan [urriak 17] egin behar izan zion Ruizek 1.609,34 metroko azterketari. Lau itzuli egin zizkioten pistari, eta parte hartzaileek multzo handi bitan banatuta lehiatu zuten proba: alde batetik, 35etik 45era arteko masterrak; bestetik, 50etik gorakoak. Lehen multzoko partaide batek hasi bezain pronto aurrea hartu zuen, eta gernika-lumotarrak “hasieratik” igarri zuen hura ez zela “bere erritmoa”; hala, bere lasterketa egiteko planteamenduari eutsi zion, alegia, “atzetik zetozenak jagonez” eta bere “erritmo propioa” zukutuz. Azkenean bigarren postua lortu zuen Ruizek, eta bere kategorian irabaztea ere bai. Garaipena ez ezik, Espainiako marka berria ere ezarri zuen, milia mailan: 06.13,64an gelditu zuen erlojua.

Lasterketa gogorra izan arren, “lasaitasunez” heldu zion Ruizek, azaldu duenez: “Atzetik ez nuen inor igarri, eta aurreko korrikalaria harrapatzea ezinezkoa zen; uztailetik pistan ibili barik egonda, erreferentziarik gabe heldu nion probari, eta azkenean ondo atera zitzaidan”. Sentsazio “oso baikorrak” eduki zituen, udan izandako traba fisikoak “ahaztuta”: “Kontraktura bat eta beste osasun arazo batzuk eduki ditut, baina badirudi atzean geratu direla“. Aurrerantzean, entrenamendu saioak fintzera eta “pista estalia zein kros lasterketetan parte hartzera” bideratuko ditu indarrak: “Zornotzakoan ezin izan naiz lehiatu, baina Getxokoa edota Laudiokoa begiz jota ditut; abiadura hartzeko unea da, beste markaren bat botatzearren borroka egiteko”.