Adimen artifiziala, giza eskubideak eta bake kultura hizpide izango dituzte
Gernika Gogoratuzek jakinarazi du 'Adimen artifiziala, giza eskubideak eta bake kultura: Gizartea eraldatzeko erronkak eta aukerak' jardunaldia burutuko dutela azaroaren 6an, Bilbon. Aurretiaz izena ematea beharrezkoa dela gehitu dute.
Gernika Gogoratuzek eta Moviltikek, Eskubidezekin batera eta Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren laguntzaz, Adimen artifiziala, giza eskubideak eta bake kultura: Gizartea eraldatzeko erronkak eta aukerak jardunaldia antolatu dute. Ekitaldia azaroaren 6an egingo dela jakinarazi du Gernika Gogoratuzek, Bilboko Kastanoseko Udaltegian, 09:00etatik 15:00etara.
Jardunaldiaren helburua gizarte-erakundeek “adimen artifizialak eskaintzen dituen aukerak ezagutzea eta teknologia hori modu kontziente, arduratsu eta giza eskubideekin zein bakearen kulturarekin bat datorren eran erabiltzeko irizpideak lantzea” izanik, parte-hartzaileek taldean dagoeneko dauden esperientzia eta ikaskuntzak abiapuntu hartuko dituzte, eta adimen artifizialarekin elkarreragiteko hainbat maila aztertuko dituzte. Besteak beste, oinarrizko elkarrizketatik hasi eta iturri propioekin lan egiteraino, laguntzaileak, automatizazioak eta agenteak ere landuko dituzte.
Bestalde, adimen artifizialaren erabilerak izan ditzakeen “ondorio politiko, etiko eta antolakuntzakoak” ere aztertuko dituzte. Horren barruan, fidagarritasuna, alborapenak, datuen erabilera, autonomia, jasangarritasuna, azpiegiturak, boterea eta gobernantza izango dituzte hizpide.
Gernika Gogoratuzen arabera, jardunaldiaren jomuga da parte-hartzaileek adimen artifizialaren inguruko “aukerak, mugak, galderak eta irizpideak” identifikatzea, bakoitzak bere erakundean edo eguneroko jardunean eman beharreko hurrengo urratsak bideratu ahal izateko.
Jardunaldia Asier Gallastegik dinamizatuko duela aurreratu dute, bide batez. Gauzak horrela, nabarmendu dute doakoa izango dela, baina aldez aurretik izena ematea ezinbestekoa izango dela, dagokion izen-emate fitxa bidalita.