"Denona dena denon artean" erabakitzeko
Laga Baketan Laga herritar platafomak elkarretaratzea egin du domekan [urriak 18], Lagan egin gura duten duna artifizial proiektuaren inguruko informazio "zehatza" eskatzeko eta erakunde inplikatuei "hura geldiarazteko" eskatu asmoz.
Argazkia: Laga Baketan Laga. Laga Baketan Lagak deituta, eskualdeko herritarrak Laga hondartzan elkartu ziren atzo eguerdian [urriak 18], hareatza horretan egin asmo duten duna eraldatze proiektua gelditu dezatela eskatzeko asmoz. Hainbat eta hainbat izan ziren plataformak eginiko deiari erantzun zioten herritarrak, izan ere, proiektuaren “espedientea, jarduera, organo sustatzaile zein arduraduna, egungo izapidetze egoera eta aurreikusitako hasiera data”, gaur-gaurkoz, “ezezagunak” dira. Egitasmoa bertan behera lagatea lehendabiziko helburua izanik ere, plataformakideek azpimarratu zuten haren gaineko informazio eza “erabatekoa” dela, eta erakunde bultzatzaileak ez direla “herritarren ahotsa” kontuan hartzen ari.
Lagan duna proiektua aurrera eroan asmo du Kostaren eta Itsasoaren Espainiako Zuzendaritza Nagusiak, baina momentuz ez dago “ezer” argitaratuta, horretarako diseinatutako legezko kanaletan: “Ezta Buletin Ofizialean ere”. Egun aparkalekua kokatuta dagoen orubean duna artifiziala eraikitzea da ekimenaren muina, horretarako harea hondartzatik bertatik erauzita. Plataformakideek argiki azpimarratu zuten, alde horretatik, arazoa ez dela “aparkalekuaren alde eta dunaren kontra edota dunaren alde eta aparkalekuaren kontra” egotea: “Kontua da ea zelan garatuko duten proiektua, zergatik eta zertarako egingo dute, eta zein diru iturrigaz finantzaturik”. Hala, proiektuaren “zehaztasun guzti-guztiak” publiko egin ditzatela gura dute: “Edozein herritarrek haren nondik norakoen berri eduki dezan eta, nahi izanez gero, prozedura administratiboak ireki ahal ditzan”.

Argazkia: Ibarrangeluko Udala.
Horren aurrean, bai aipatutako zuzendaritza nagusiari, bai proiektuaren inguruan “inplikatuta” dauden gainontzeko erakundeei —funtsean, Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia— zein ingurumen organismoei eskatu diete “informazio, eztabaida eta partaidetza mahai bateratua” eratzeko: “Erabaki dezagun denon artean denona dena; lan mahai bateratu hori, administrazio publikoko ordezkaritzaz gain, hondartzaren erabiltzaile diren herritarren ordezkaritzak eta ingurugiro erakundeenak osatuta egon beharko litzateke”.
Hori bai, bai legedia, bai herritarren borondatea “betetzen ez diren” bitarten, duna proiektua “lehenbailehen bertan behera uztea” ezinbestekotzat dute: “Herritarrek bozketa edo erreferendum bidez hautatu beharko lukete beren hondartzagaz zer egin, alegia, herritarren ahotsa entzungo eta errespetatuko duen prozedura demokratikoa eta parte hartzailea baliatuz; erakundeek prozesu horren emaitzak errespetatzea litzateke bidezkoena”.
Eragile guztiei “deia”.
Proiektuaren buru diren erakunde publikoen “konpetentziak, eskumenak eta betebeharrak argitzea” ere exijitu zuten domekan, eta horietako bakoitzak “herriaren esana” errespetatzea. Bestalde, “ingurumen, mugikortasuna, jarduera ekonomiko, geologia, irisgarritasun eta garraio publikoen” ikuspuntuak aintztetsiko dituzten “txostenak edota beharrezko dokumentazio guztia” aurkezteko ere eskatzen du plataformak. Ingurumen inpaktuari dagozkion txosten horietatik adierazgarrienetakoa eta plataformak fokua jarri diona harea mugimenduei eragiten diona litzateke.

Argazkia: Garazi Ziluaga.
Hain zuzen, harea mugimenduek “eragin zuzena” izan dezakete itsas mugimenduan eta hala floraren, nola faunaren babesean. Alde horretatik, plataformak harea mugimenduekin lotutako informazio zehatza eskatu zuen: “Jatorri eta erauzketa eremu zehatzak, eta horietako bakoitzetik atera beharreko harea bolumena; helmugako zonalde zehatzak, eta bakoitzan ipiniko litzatekeen bolumena; atera, garraiatu eta gordetzeko iragarritako ibilbidea, prozesua, baliatuko liratekeen errekurtso materialak zein makineria mota; erauzketa eta ekarpen eremuak nahiz egin beharreko ibilbideak zehaztasunez aurkitzeko eta identifikatzeko beharrezkoak liratekeen planoak; duna egiteko hare lekuz aldatzeko jardueraren beharraren eta komenigarritasunaren justifikazio teknikoa; eta sistemaren segimentu balantzean eragingo lituzkeen ordorioak”.
Kosta Zuzendaritzaz, Eusko Jaurlaritzaz eta Bizkaiko Foru Aldundiaz haragoko eragileentzako mezua ere badute: “Urdaibaiko Patronatuari, alderdi politikoei, Aztiri, Aranzadiri eta gai honetan bitartekari aritzeko edota ekarpenak egiteko gai diren beste edozein erakunderi dei egiten diegu: jardun dezatela konpromisoz eta erantzukizunez. Esan dezatela egia, eta hipokrisia saihestu; proiektua ezkutatzeko eta obra lanak ezkutuan abian ipintzeko grina horrek susmo txarrak pizten ditu. Joka dezatela etiko eta bidezko”.