Bermeoko hasierako Berbalagun taldeak finkatu dituzte
Ikasturte hasierarekin batera, Berbalagun egitasmoaren barruan hainbat talde abiatu dituzte Bermeon, aditzera eman dutenez, eta esan dute datozen asteetan talde berriak ere sortuko direla. Ekimenaren helburua euskaraz aritzeko aukera eskaintzea izanik, ordubetez, “giro eroso eta lagunartekoan” aritzeko espazioak sortu nahi dituzte.
Astean zehar hainbat hitzordu izango dira, Bermeoko toki desberdinetan. Astelehenetan, 18:30etik 19:30era, eta astearteetan, 12:30etik 13:30era, Lameran elkartuko dira parte-hartzaileak. Ostegunetan, berriz, 12:15etik 13:15era izango da hitzordua Rufi Aguyjen, eta ostiraletan, 17:00etatik 18:00etara, berriro Lameran.
Horrez gain, astearteetan euskal dantza errazak praktikatzeko bi talde ere sortu dituzte, Kultur Etxean bilduko direnak. Lehen saioa azaroaren 3an izango dela nabarmendu dute, 1.4 gelan. “Taldeetako bat 18:00etan hasiko da eta bestea 19:00etan, eta jarduerak astero egingo dira maiatzera bitartean”, azaldu dute.
Asteburuetan ere izango da herrian euskaraz aritzeko aukera, bestalde, ze, inguruetatik oinez ibiltzeko taldea hilean behin inguru elkartuko da, larunbat edo igandeetan. Esan dutenez, aurrerago jakinaraziko dituzte egun zehatzak.
Jarduera guztiak doakoak direla azpimarratu dute Bermeoko Berbalagunek, eta parte-hartzaileek euskaraz ordubetez aritzeko eta hizkuntza praktikan erabiltzeko aukera izango dutela ziurtatu dute. Interesa dutenek 607 609 580 telefono zenbakira deituta edo mezu bat bidalita eman dezakete izena.