Hiru herri, udalerri bat txapelketa, amaitzear
Muxikako, Ajuriako, Ibarruriko eta Gorozikako pilotalekuak, irailaren 4az geroztik, eskualdeko pilotazaleen topagune izan dira. Estreinakoz lehiatu dute Hiru herri, udalerri bat izeneko esku pilota txapelketa herrikoia, eta lehia bere azken geralekura iristeko zorian dago: bihar [urriak 17] kategoria guztietako finalak jokatuko dituzte.
Kurtzeroko kirolguneko pilotalekua izango da finalen elkargune, eta antolatzaileek goizetik eguerdira bitarteko doako egitaraua prest dute, esku pilotaren zaleen gozamenerako. A eta B benjaminak, kimuak, umeak, gazteak eta nagusiak kantxaratuko dira, hurrenez hurren, 11:00etatik aurrera. Parte hartzaile gehienak eskualdekoak izango dira, Arkupe Pilota Taldeko kide asko taularatuko baitira; udalerriko ordezkaritza ere ez da faltako. Final “estuak, lehiatuak eta, seguru asko, ikusteko ederrak” izango dira: “Ez da batere erraza hautagaitzak aurreratzea, pilotari guzti-guztiak motibatuta eta lehiarako prest baitaude”.
Jarraipen aparta.
Gorozikan hasi zuten txapelketa, eta ondoren Ibarruriko, Kurtzeroko eta Ajuriako frontoietara bidaia egin zuen konpetizioak. Denetan ala denetan, tokiko “eragile, talde eta txokoek egundoko babesa” eman zioten Hiru herri, udalerri bat txapelketari: “Parte hartzea eta pilotaleku bakoitzean sortutako giroa bikaina izan da jardunaldiak joan, jardunaldiak etorri. Pilotariak handi bihurtu dira plaza bakoitzean, eta herriek, ostera, egundoko bizitasuna eta giro aparta eduki dituzte”.
Alde horretatik, aipatutako auzo eta herri elkarteentzako esker oneko berbak dituzte antolatzaileek: “Denek erabateko prestutasuna erakutsi dute: izan pilotarientzako mokadua prestatzen, izan ikusleak artatzen; bikain hartu dute txapelketaren proposamena”.
Aipagarria izan zen, esaterako, irail amaierako Kurtzeroko saioa: “Nekazal eta artisau azokagaz bat egin zuten partiduek, eta hark jendetza erakarri zuen”. Alde horretatik, finalen jardunaldiak bigarren eskuko azokagaz bat egingo du, asteburu honetan: “Kurtzeroko aparkalekuan egingo dute, alegia, frontoitik oso hurre. Hori eta azken jardunaldi honetan parte hartzaile guztientzako oroigarriak banatuko direla kontuan izanda, herritarrek finalei erantzun polita ematea espero dugu”.