Euskal Herria eta Palestina: ibaitik itsasorako bi bide
Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak Euskal Herriko udaletxeen aurrealdeetan deituriko elkarretaratzeetako batek, Gernika-Lumokoak, ezusteko gonbidatu berezia eduki zuen: Rabab Abdulhadi aktibista, hezitzaile, irakasle eta zuzentzaile akademiko palestinarra.
Argazkia: Gernika-Palestina Deialdi Herritarra. Palestinar herria pairatzen ari den genozidioa jendaurrean salatzen segitzea, Palestinaren aldeko borrokaren berraktibazioa sustatzea eta euskal jendartearen alderdi politiko, sindikatu, eragile, sektore eta esparru ezberdinetako eragileen inplikazioagaz mobilizatzen jarraitzea izan ziren Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak hilaren 8an Euskal Herriko udaletxeen aurrean deitutako elkarretaratzearen jomuga nagusiak. Gernika-Lumoko Foru Plazako mobilizazioak, baina, azken orduan bertaratutako norbanako berezi baten protagonismoa ere eduki zuen: Rabab Abdulhadi ekintzaile palestinar historikoarena.
Euskal Herriaren eta Palestinaren arteko binomioa azpimarratu zuen Abdulhadik, bi herriek beren “identitatearen, espirituaren eta erabakitze eskubidearen” alde egindako borroka “amankomunean” baitute: “Duela hamarkadetatik, bai palestinarren eremuan, bai euskaldunenean borrokarako grina egon da: kolonialismoak faxismo itxura hartu izan du hemen; sionismoaren trazak, bertan. Edozelan ere, bi herriek beren autodeterminazio eskubide legitimoaren aldeko hautua berretsi izan dute urteak joan, urteak etorri”.
Rabab Abdulhadi: “Geure xedea palestinar herriaren kontakizunaren biziraupena da, eta kontatzen dena egia izan dadila bermatzea”
Justizia “intersekzionalki” ulertuz eta hura “arloka banatu ezin dela” azpimarratuta, ekintzaileak nabarmendu zuen Teaching Palestine izeneko proiektua abian dutela, eta elkarretaratzera joan ziren gernika-lumotarrei haren inguruan sakontzeko deialdia luzatu zien: “Palestinarrak izan zein ez, egitasmo horren jomuga Palestina benetan zer den azaltzea da, biharko belaunaldiek herri horren historia zinez ezagutu dezaten”.
Transmisioaren katea.
Ildo horretatik, euskaldunen herriari keinu egin gura izan zion Abdulhadik: “Badirudi aurrerantzean ikasgeletako historia liburuetan ezabatu edota itxuraldatu egingo dela Palestinaren gaineko kontakizuna. Geure xedea kontakizun horren biziraupena da, eta kontatzen dena egia izan dadila bermatzea. Zuok, euskaldunok, badakizue zertaz ari naizen: zuoi ere zuen historia, kultura, lurra, hizkuntza eta nortasuna erauzi gura izan zizkizueten, bortxazko opresioa bide harturik”.

Argazkia: Gernika-Palestina Deialdi Herritarra.
Hain zuzen, belaunaldi arteko transmisioak eta irakaspenak duten balioaren erakusle, ekintzaileak azaldu zuen Palestinan, “egoerarik muturrekoenetan” ere, urratu izan dituztela “ikasgaiak jasotzeko bideak”: “Erasoaldien ondorioz, han ez dago unibertsitate, institutu edota eskolarik. Beraz, dendetan edo komertzio txikietan eskola popular deritzenak sortu dituzte: guraso zein irakasleek beren herriaren historiaren eta bestelako ikasgaien berri izateko eratutako eskola klandestinoak”.
“Hainbat espetxetan, gose grebak egin izan dira, baina ez janaria edota eskubideak lortzeko, boligrafo eta koadernoak eskatzeko baino”
Hezkuntza zentroak, genozidio prozeduraren eskemetan, israeldarrek suntsitu zituzten “lehendabiziko guneak” izan ziren, baina palestinarrek sobera frogatu zuten, zerbait baldin badira, “herri adimentsu, grinatsu eta sortzailea” direla: “Ez hori bakarrik: hainbat espetxetan, gose grebak egin izan dira, baina ez janaria edota eskubideak lortzeko, boligrafo eta koadernoak eskatzeko baino. Horrek asko dio irakaspenaren eta transmisioaren inguruan: gose grebak, ikas materialaren truke; gose grebak, ikastearen alde”.
Historia “garaileek” idatzi ohi dutela sarri esaten den arren, Abdulhadik nabarmendu zuen gazteei irakasteko bideak asko eta asko direla, gehienak, hain zuzen, ikasgeletako edukiekin “lotura zuzenik” gabekoak: “Gaur hemen egotea; elkarrekin gai hauei buruz mintzatzea; nondik gatozen, non gauden eta nora goazen irudikatzea; eguneroko konpromiso ekintza txikiei eustea; elkar komunikatzea; historia eraikitzeko modu ugari daude, keinu txikienetatik abiatuta. Hala Palestina, nola Euskal Herria etengabeko alerta egoeran dauden herri bi dira, eta ñabardurarik ñimiñoenak ere guztiz baliagarriak dira, erresistentziari eutsi ahal izateko”.
Datuen dialektika gogorra.
Abdulhadik, genozidioaren dimentsio “isilezina” plazaratu eta 2023. urteaz geroztik Gazak pairatu duen egoera argitu asmoz, zenbait datu mahaigaineratu zituen: urte horretako urriaren 7az geroztik, alegia, hiru urte inguruko tartean, 74.382 palestinar erail dituzte Gazako zerrendaren bueltan, eta horietatik 22.000 inguru haurrak edo adinezko txikikoak dira. Iazko “ustezko” su etenetik, 1.493 palestinarrek galdu dute beren bizitza.
“Biolentzia fisikoa eta, funtsean, genozidioa ankerkeria kate luze baten azken lubakia baino ez dira”
Edozelan ere, bortizkeria, indar erakustaldi edota neurrigabeko biolentzia hori guztiori sionismoaren “porrotaren isla” baino ez dela nabarmendu zuen: “Era posible guztietan saiatu dira palestinarren memoria, historia eta eragina ezabatzen: errepresioagaz, lurraldeen kolonizazioagaz, baliabideen mozketagaz, zentsuragaz, gosetea arma hartuta, kultur isolamenduagaz eta abar; biolentzia fisikoa eta, funtsean, genozidioa ankerkeria kate luze baten azken lubakia baino ez dira”.

Argazkia: Gernika-Palestina Deialdi Herritarra.
Gernika eta Gaza “txanpon berberaren aurpegia eta ifrentzua” direla azpimarratu zuen; Euskal Herria eta Palestina, liburu beraren orrialde jarraitu bi. “Hemen gaude, Bakearen Museoaren aurrean, bakea ezinbestekoa dela aldarrikatzeko, baina bene-benetako bakea, ez inposatutako bake faltsua”.
“Beren senideen gorpuak ehorzteko aukera izatea zauriak orbaintzeko modua da hainbat toki zein kulturatan, eta eskubide hori ere erauzi gura dute kolonoek”
Hildakoez mintzatu zen, haiei zor zaien memoriaz eta memoria hori ezabatu guraz: “Hainbat eta hainbat palestinarrek ez dakite ezer beraien hurkoen gorpuen inguruan, 1937. urtean Gernikan zeuden herritarrek legez. Horiek ez dira kointzidentziak: galdegin, osterantzean, Mexikoko, Libanoko, Argentinako nahiz Txileko herritarrei. Beren senideen gorpuak ehorzteko aukera izatea zauriak orbaintzeko modua da hainbat toki zein kulturatan, eta eskubide hori ere erauzi gura dute kolonoek. Historia ziklikoa da sarritan, eta duintasun gurari berak elkar lotzen ditu herriok”.