Busturialdeko XIII. Enpresa Ideia Lehiaketan parte hartzeko epea zabalik dago
18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzendutako lehiaketan parte hartzeko epea azaroaren 6ra arte zabalik egongo dela jakinarazi dute antolatzaileek. Hala nola, sari banaketa azaroaren 26an burutuko dute.
Busturialdeko XIII. Enpresa Ideia Lehiaketa antolatu dute, beste urte batez, Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako gazteria zerbitzuek eta Urremendi Landa Garapen Elkartearen gazteria zerbitzuak Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera. Aditzera eman dutenez, proiektu edo proposamenak aurkezteko azken eguna azaroaren 6a izango da, eta sariak azaroaren 26an banatuko dituzte. Hala nola, Lana bilatzea, lana da eskualdeko gazteei laguntzeko programaren barruan kokatzen da lehiaketa.
Kultura ekintzailea sustatzea, Busturialdean enplegua eta aberastasuna sortzea, eskualdeko garapen ekonomikoa bultzatzea eta sustatzea eta enpresa-proiektu onenak saritzea bilatzen du, besteak beste, lehiaketak. Horregatik, 18 eta 35 urte bitarteko gazte eta gazte-taldeei dei egin diete antolatzaileek, beti ere Bizkaiko Lurralde Historikoan erroldatuta badaude eta negozio-ideia eta jarduteko gaitasun osoa badute, eta enpresa-ideia (enpresa edo ekoizpen-gunea) Busturialdean badago: “Zerbitzu edo produktu baten ideia sortzaileak izan daitezke, edo 2025ean edo 2026an sortutako negozioak/enpresak, baina derrigorrez Busturialdean kokatuta egon beharko dute”.
Gauzak horrela, azaroaren 6ra arte izango dute interesdunek proposamenak aurkezteko epea, eta horretarako “izena emateko fitxa, sustatzailearen datuak jaso behar dituen dokumentua eta bete beharreko baldintza guztiak” jasotzen dituzten oinarriak www.gaztedibusturialdea.eus webgunean daude eskuragarri.
Antolatzaileek aurtengo ekitaldian lau sari banatuko dituztela nabarmendu dute, bestalde: “Lehenengo sariagaz 3.000 euro eta urtebeterako aholkularitza zerbitzua emango dira, Torrealday Aholkularitzaren eskutik. Bigarrenagaz, ordea, 2.000 euro eta urtebeteko aholkularitza. Horiez gain, Lehen sektoreagaz lotutako ideia onena saria ere emango da, 1.000 euro jasoz. Azkenik, sari bereziagaz beste 1.000 euro jasotzeko aukera izango da: ekonomia urdina ardatz izanik”.
Proiektu irabazlea aukeratzeko epaimahaiak hainbat irizpide izango ditu kontuan, antolatzaileen hitzetan. “Ideiaren originaltasuna eta berrikuntza maila, talde edo norbanako ekintzaileak proiektua garatzeko dituen gaitasunak, enplegua sortzeko aukera eta horien kalitatea, negozioaren potentziala, garapen maila eta Busturialdean gauzatzeko bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa, eskura dauden baliabideen aprobetxamendua, jasangarritasuna eta proiektuaren gizarte-erantzunkizuna eta gizarte eragina hartuko dira kontuan”, azaldu dute.