Foruko kultur etxea eraberritzeko lanak hasi dituzte, energia-eraginkortasuna hobetzeko asmoz
SPHEERE programaren barruan kokatzen den Europar Batasuneko hiru proiektu pilotuetako bat da Foruko Kultur Etxea. Foruko Udalak jakinarazi du ia 400.000 euroko inbertsioa egingo dela lanok gauzatzeko.
Argazkia: Foruko Udala. Foruak Kultur Etxea eraberrituko du energia-eraginkortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko Europako proiektu baten bidez, udal ordezkariek jakitera eman dutenez. Eraikina SPHEERE proiektuaren barruan kokatzen den Europar Batasuneko hiru proiektu pilotuetako bat izateko hautatu dute, eta udal ordezkariek esan dute dagoeneko hasi direla lanok gauzatzen.
Jarduketaren bidez, “eraikina modernizatuko dute”, horretarako hainbat neurri energetiko ezarriz. Besteak beste, “eraikinaren inguratzailearen hobekuntza, energia fotovoltaikoa integratzea eta eraginkortasun handiko sistema energetikoak” ezarriko dituztela nabarmendu dute. Jarduketaren helburua argi adierazi dute, oro har: “Gure helburua da ia zero emisio dituen eraikin baterantz aurrera egitea”.
Proiektuak 400.000 euro inguruko inbertsioa izango du, eta Europako funtsen bidez finantzatuta egongo da, udal ordezkarien berbetan. Azaldu dutenez, SPHEERE ekimenaren bidez “energia-birgaitzean oinarritutako irtenbide industrializatuak, zirkularrak eta eraginkortasun energetiko handikoak” garatuko dira.
Aurreratu dute lanok aurretik Foruko udal gobernuak bultzatutako parte-hartze prozesu baten emaitza ere badirela. “Prozesu horren bidez, herritarrek kultur etxearen etorkizunari buruzko proposamenak eta ikuspegia helarazi ahal izan zituzten”, gehitu dute. Kultur etxea, hala, udalerriko gizarte-bizitzarako “funtsezko” gunea dela nabarmendu dute. Hori horrela, azpimarratu dute lanok iraun bitartean Kultur bulegoa zabaldu dutela Udaletxean, kulutra zerbitzuak (liburutegia, ikastaroak eta ekintzak) ez eteko asmoz, eta “ordutegi berdinagaz”.
Aukera handia
Foruko Udaletik ziurtatu dute Forua bezalako udalerri txiki batek Europako ezaugarri horietako proiektu batean parte hartzea “aukera handi bat” dela “jasangarritasunean, berrikuntzan eta ekipamendu publikoen hobekuntzan” aurrera egiteko.
Era berean, adierazi dutenez, udalaren egoera ekonomikoak horrelako proiektu bati aurre egiteko aukera ematen du. Testuinguru horretan, Foruko EAJk EH Bilduren “abstentzioa kritikatu” du, eta kultur etxearen birgaitzea udalerriarentzat aukera garrantzitsua dela defendatu du, eta jarduketarekin, EAJk “Foruaren garapen jasangarriarekin eta herritarren ongizatea eta aukerak sustatuko dituen kudeaketarekin duen konpromisoa” berretsi du.