Osakidetzako langileek ospitaleen atarietara eroan dituzte aldarrikapenak
Lehen Mailako Arretan egindako mobilizazioen ondoren, eta SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuen babesagaz, Osakidetzako langileek mobilizazioekin segitzen dute, eta gaur [urriak 14] ospitaleen atarietan elkarretaratzeetan bilbu dira, tartean, Bermeoko eta Gernika-Lumoko ospitaleen aurreetara eroan dituzte euren aldarrikapenak.

Argazkia: SATSE
Osakidetzari langileen aldarrikapenei eta beharrei erantzungo dien negoziazioa eskatu diote Osakidetzari: “Gure eskubideen eta lan-baldintza duinen alde borrokan jarraitzen dugu”. Sindikatuen hitzetan, gaurko elkarretaratze “jendetsuek” agerian utzi dute langileek artean dagoen “ezinegona” eta “bidegabekerien” aurrean, horiek “ahotsa altxatzen” badakitela. Adierazi dutenez, urriaren 30eko greban diskriminazioak onartzen jarraitzeko prest ez daudela erakusteko beste aukera bat izango dute: “Greba aukera bat da erakusteko erizaintza eta fisioterapia ez daudela prest diskriminazioak eta konparaziozko laidoak onartzen jarraitzeko. Parte-hartze, ahots eta babes-keinu bakoitzak bidezkoa den aldarrikapen bat indartzen dute”. Izan ere, SATSE sindikatuak salatu du lanbide-kategorien artean “bidegabekeria konparatibo argia” dagoela oraindik ere, eta “ezinbestekotzat” jotzen du Osakidetzak egoera horri amaiera emango dioten neurriak hartzea. Lehentasunezko aldarrikapenen artean dago zaintzak egiten dituzten profesionalei ezartzea berriki medikuen kolektiboari onartu dizkioten hobekuntzak.

Argazkia: SATSE
Sindikatuaren kideen ustez, “justifikaezina” da premiazko osasun-arreta bermatzeko ardura duten profesionalek “bestelako tratua” jasotzea: “Guardia egin ondoren, medikuek atsedena dute, eta erizainei oraindik ez diete eskubide hori onartzen. Guardiek eragin bera dute osasunean, atsedenean eta bateragarritasunean, lanbide-kategoria edozein dela ere”.
LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek langileei dei egin diete urriaren 30eko lehen greba-egunarekin eta mobilizazio-dinamikarekin bat egin dezaten. Kategoria guztientzako benetako hobekuntzak abian jar daitezen, Osakidetzako zuzendaritza “presionatzeko unea” dela adierazi dute. Izan ere, sindikatuen ordezkariek esan bezala, kolektibo guztiak “ezinbestekoak” dira Osakidetzak egunero funtziona dezan. “Pilota zuzendaritzaren teilatuan dago; benetako negoziazioaren bidez erantzun behar du, kolektibo guztientzako hobekuntzak mahai gainean jarriz”, adierazi dute LAB Sindikatuaren ordezkariek.
Jakinarazi dute hurrengo mahai sektoriala urriaren 19rako aurreikusita dagoela: “Bilera horretan, gatazka bideratzeko benetako borondaterik dagoen ikusi ahal izango dugu; izan ere, zuzendaritzak aurreko bileran zirriborroa aurkeztu besterik ez zuen egin”.
Osakidetzako kolektibo guztien lan-baldintzak hobetzea “borondate politikoko kontua” dela azpimarratu dute beste behin. Besteak beste, honako gai hauek jorratu behar direla gogoratu dute: ordainsariak hobetzea; lanaldia murriztea eta antolatzea; lizentzien eta baimenen arloan benetako aurrerapenak egitea; enpleguaren egonkortasuna eta kalitatea bermatzea; plantillak indartzea; belaunaldi-erreleboari aurre egiteko neurriak hartzea; lan-kargak murriztea; lan-osasuna eta kontziliazioa hobetzea; berdintasun-neurri eraginkorrak ezartzea; eta euskaraz bizitzeko eta lan egiteko bermeak eskaintzea. Era berean, Lehen Mailako Arreta “sendoa” izatea eta pribatizazioari “ateak ixtea” eskatzen ari dira.