Mareak Jaialdia: Bermeo kultur proposamen anitzez jantziko da
Hamabigarrenez antolatu dute MB2000 elkarteak, Bermeoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bederatzi kultur proposamen bilduko dituen jaialdia. Urriaren 20an hasi eta 24ra bitartean iraungo du, "diziplina eta estilo desberdinak" uztartuz.
Mareak Jaialdiaren hamabigarren edizioa hartuko du Bermeok, urriaren 20tik 24ra bitartean, udalerria hamaika kultur ekintzaz josiz. Hala, MB2000 elkarteak antolatzen du urtez urteko ekimena, Bermeoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz, eta esan dute aurten “bederatzi proposamen desberdin” dakartzala Mareak jaialdiak. Diziplina eta estilo desberdinak elkartzeko asmoz, dokumentala, musika esperimentala, ahozko narrazioa, literatura eta dantza garaikidea izango dira, besteak beste, Mareak Jaialdiaren arrakasta bermatzeko osagaiak.
Udal ordezkariek “mimo handiz prestatutako egitaraua” dela gogoratu, eta jaialdiak “tradizioaren eta abangoardiaren arteko lotura” landuko duela nabarmendu dute. Hala, herriko hainbat gunetan banatuko dira proposamenak: “Nestor Basterretxea aretoan, Arrantzaleen Museoan eta Kafe Antzokian izango dira saioak, eta Santimamiñek zein Irakaskintzako karpak ere hartuko dituzte ekitaldiak, hamabigarren edizio honetan”. Bestalde, antolatzaileek gogoratu dute egitaraua osatzen duten “jarduera gehienak doakoak” izango direla.
Bost egun iraungo ditu, eta Arcadia dokumentala izango da Mareak Jaialdiari hasiera emango diona; Nestor Basterretxea aretoan emango dute, martitzenean (urriak 20), 19:00etan. “Paul Wrightek zuzendutako lanak britainiarrek landa-ingurunearekin historian zehar izan duten harremana aztertzen du, artxiboko irudien bidez. Etxeko filmek, albistegiek eta dokumentu zaharrek landa-bizitzaren, herri-tradizioen eta gizarte-aldaketen bilakaera erakusten dute, Adrian Utley eta Will Gregory musikariek osatutako soinu-bandarekin batera”, zehaztu dute.
Eguaztenean (urriak 21), aldiz, Ameli kontalariaren ardura izango da arratsaldea girotzea, MB2000 elkartetik azaldu dutenez, ze, Arrantzale Museoa eszenatoki duelarik, Ongi Etorri ikuskizuna aurkeztuko du, 18:30ean. Esan dutenez, Amaia Elizagoienek eta Itziar Olaguek “euskal ondareko ipuinak, istorioak eta bitxikeriak” kontatuko dituzte, hitza eta musika uztartuz: “Biola, pianoa eta gitarra baliatuta, umorea, jolasa eta gorputz-adierazpena ere izango dira saioaren osagaiak”.
Bestalde, eguenan (urriak 22), Yohann Villanuak Fernando Pessoaren poema batean oinarritutako zine-kontzertua eskainiko du, Nestor Basterretxea aretoan, 19:00etan. Horretarako, gainera, Christophe Barennes pianistaren laguntza ere izango duela aurreratu dute antolatzaileek. “Poesia, musika eta irudiak uztartzen dituen saioak itsasoaren inguruko bidaia sentsoriala eskaintzen du, jazzaren, sambaren eta fadoren doinuekin”, gehitu dute.
Barikuan, ostera, bi proposamen plazaratuko dituzte, bi eszenatokitan. Alde batetik, 18:30ean, Arrantzaleen Museoan, Tristes pupilas liburuaren aurkezpen eta hitzaldia egingo du Jorge Luis Marzo arte-historialariak. Azaldu dutenez, XIX. mendeko itsasontzien branketan jartzen ziren emakume-irudien historia aztertzen du plazaratuko duen lanak,” irudi horien esanahiari zein itsas munduan emakumeek zuten lekuari buruzko gogoeta” proposatzen duen bitartean. Bestetik, 20:30ean Harria taldearen kontzertua izango da Kafe Antzokian, “folkaren, rockaren, psikodeliaren eta countryaren doinuak” euskal tradizio liriko eta musikalarekin uztartuz. Kasu honetan, azpimarratu dute sarrera 6 eurokoa izango dela.
MB2000 elkartearen berbetan, “zapatua izango da egun handia“. Horri eusteko, hamaika proposamenez jantziko da herria urriaren 24ean. Goizean, lehenik, Santimamiñera bisita gidatuan bilduko dira, Juan Carlos Lopez Quintanaren eskutik. Jakinarazi dute interesdunek izena eman beharko dutela, mb2000.elkartea@gmail.com helbidera idatziz. Horrez gain, arratsaldean, Zalantza baten itzala musika taldeak saioa eskainiko du Irakaskintzako karpan (Musika Eskola alboan), 19:00etan: “Laukoteak erritmo hipnotikoak, hitzak, sampler-ak eta doinu malenkoniatsuak uztartzen ditu, ohiko kontzertu-formatutik aldentzen den proposamen batean. Gainera, musikaren bidez, botere-harremanei buruzko gogoeta eta alaketa kolektiborako deia egingo ditu”.
Zapatuagaz, eta bide batez, jaialdiagaz amaitzeko azken hitzordua 21:30ean izango da, Kafe Antzokian. Lehenik, IRAUN dantza garaikideko pieza aurkeztuko dute Amaia Elizaran dantzari eta koreografoak eta Neønymus proiektuaren sortzaile Silberius de Ura musikariak. “Gorputza, ahotsa, teknologia eta soinu-tresna bereziak uztartzen dituen lanak berpizkundea du ardatz, eta inprobisazioari esker emanaldi bakoitza bakarra da”, esan dute. Ondoren, Sophia Djebel Rose artista frantziar-marokoarraren kontzertua egongo da, antzokian bertan. “Folkaren, ahots-esperimentazioaren eta musika abangoardistaren artean kokatzen da” haren proposamena; gitarra eta harmonioa oinarri hartuta, natura, mistizismoa eta poesia uztartzen dituela gaineratu dute, beti ere “ikuspegi feminista eta ekologikotik”.
Emakumeen indarra
MB2000 elkartetik esan dute emakumeen lana indartzeko helburua ere baduela Mareak Jaialdiak, nolabait: “Aurtengo kartela emakume batek egindakoa da, alde batetik. Bestetik, elkarteko gehienok ere emakumeak gara. Eta zelan ez, egitaraua ikusterik baino ez dago emakumeen presentzia altua dela ikusteko. Erakutsi nahi dugu, gizonezkoen proposamenak ere txertatzen baditugu ere, abaniko zabala dagoela emakumezkoen artean, eta asko eta asko direla kultur ekintza desberdianak plazaratzen dituzten emakumeak”.
Gauzak horrela, antolatzaileek herritarrak gonbidatu dituzte “kulturaz beste modu batera gozatzea ahalbidetzen duen ekimenaz gozatzera, ohiko bideetatik harago doazen proposamenak ezagutzera eta tradizioaren zein sorkuntza garaikidearen arteaz gozatzera”.