Herrigunea eta itsasertza garbiago daude gaur
Bermeoko Nautika Eskolak Bermeo Coastal Clean Up zabor eta plastikozko hondakin bilketa egin du gaur [urriak 14].
Bermeoko Nautika Eskolak antolatuta, Bermeo Coastal Clean Up izeneko egitasmoan bildudira gaur [urriak 14], goizetik eguerdira bitartean, zentroko ikasleak. Erasmus+ programaren barruan kokatutako proiektua da, eta helburu bikoitza du: alde batetik, ingurumenarekiko ardura eta haren babesa sustatzea; bestetik, taldelana eta kooperazioa bultzatzea.
Nautika Eskolako kideak bisitari ugari hartu ohi dituzten herriko guneetan barrena gora eta behera ibili dira, topatu duten zaborra batuz eta hura poltsetan pilatuz. Hiru orduko bilketa saioa izan da, eta zenbait alderdiri erreparatu diote, eskolako arduradunek azaldu dutenaren arabera: “Denetariko hondakinak batu ditugu, baina bereziki plastikoak biltzean zentratu gura izan ditugu indarrak; erabat jakina da egun sortzen eta botatzen den plastiko kopurua egundokoa dela, baina hori maila lokaletik zelanbait apaltzea da gure jomuga nagusia”. Hori bai, plastikozko hondakinak ez dira ezelan ere batu dituzten bakarrak izan: “Hainbat eta hainbat zigarrokin bildu ditugu; askok pentsatu ez arren, lurrera gehien botatzen den zabor mota izan daiteke”.
Hogeita hamar ikasle inguruk osatutako tropela “lauzpabost lagunek osatutako taldetxoetan” banatu dute eta, eskolatik aterata, Talarako bidea egin dute. Talako parkea, hain zuzen ere, bermeotarrek maiztasun handiz bisitatzen duten udalerriko guneetako bat da, eta, beraz, “zabor eta pastikozko hondakin gehien” pilatu ohi diren eremua. Hura ondo garbituta, Aritzatxu hondartzarainoko bidea egin dute biltzaileek.

Fokua, itsasertzean.
Hala hondartzara bidean, nola Aritzatxun bertan, eduki dute “zer batu”: “Bereziki garrantzitsua da itsasertza jagotea, eta bertan topa litezkeen hondakinak batzea; Aritzatxu moduko eremu batean, marearen arabera, zabor gehiago ala gutxiago aurki daiteke, baina, gaur topatutakoa, behintzat, ondo batu eta pilatu dugu”.
Guztira, hiruzpalau zabor poltsa ederto bete dituzte ikasleek, eta Nautika Eskolako irakasleek bai bilketaren bigarren aldiaren, bai parte hartzaileen jarreraren “balorazio ona” egin dute: “Inork ez du bereziki gustuko zaborra edota hondakinak biltzen aritzea, baina ardura eta erantzukizun jarduera garrantzitsua eta; horrenbestez, ikasleentzako baliagarria izan daitekeelakoan gaude”.