Bermeoko Udalak euskara ikasteko eta gidabaimena euskaraz ateratzeko dirulaguntzak emango ditu
Bermeoko Udalak jakinarazi du dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik dagoela azaroaren 2ra arte, eta eskariak telematikoki zein Berhaz bulegoan egin daitezkela.
Argazkia: Pexels Bermeoko Udalak, euskara ikasten ari diren Bermeoko bizilagunei erraztasunak emateko asmoz, euskararen erabilera sustatzera bideratutako dirulaguntzak emango ditu. Hala nola, esan dute bi motako dirulaguntzak izango direla: alde batetik, euskara ikasten ari direnentzat; bestetik, gidabaimena euskaraz prestatu eta azterketa euskaraz egin dutenentzat. Biak ala biak eskatzeko aukera dagoeneko zabalik dagoela jakinarazi dute, eta esan dute azaroaren 2ra bitartean egongo dela horretarako aukera.
Alde batetik, euskara ikasteko dirulaguntzei dagokienez, iazko ikasturtean edo udan egindako ikastaroak lagunduko dituela zehaztu dute udal ordezkariek; hau da, 2025-2026 ikasturtean egindakoak. Esan dute laguntza horien helburua euskara ikasten ari diren Bermeoko bizilagunei erraztasunak ematea dela, “matrikula ordaintzea eragozpena izan ez dadin” euskara ikasteko: “Ildo horretan, dirulaguntza hauen onuradunak izango dira ikasturtean edota udan, homologaturik dauden euskaltegi edota barnetegietan, helduentzako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egiten dituzten Bermeoko biztanleak”.
Ze, dirulaguntzak jaso ahal izateko baldintza jakin batzuk bete behar direla ere eman dute jakitera udaletik: “Bermeon erroldatuta egon behar da, eta matrikula egiten den egunetik ikastaroa amaitzen denera arte emandako orduen %80 edo gorako asistentzia edukitzea eta ikastaroa amaitu izana eskatzen da”. Horrez gain, azaldu dute ikasle bakoitzak gehienez 300 euroko dirulaguntza jasotzeko aukera izango duela, ikastaro bakoitzeko. Ikastaro bat baino gehiago egin dutenek, gehienez, ikastaro guztiengatik 500 euro jaso ahal izango dituzte.
“Oinarrizko Errenta edo Gizarte Larrialdiko Laguntzarik jasotzen duten eskatzaileei, gehienez matrikularen %70eko dirulaguntza emango zaie eta dirulaguntzaren xede den ikasturte barruan langabezian daudenei, gehienez, matrikularen %60a”, gaineratu dute. Gainontzeko ikasleek, ordea, gehienez, matrikularen %50a eskuratu ahal izango dute. Bermeoko Udalak argitu du, gainera, euskara ikasteko ematen dituen dirulaguntzak bateragarriak direla HABEk ematen duen dirulaguntzarekin.
Bestalde, gidabaimena euskaraz prestatu eta azterketa euskaraz egin dutenen kasuan, 150 euroko dirulaguntza jasotzeko aukera izango dute, baldintzak betez gero. Bermeoko Udaletik nabarmendu dute dirulaguntza horren helburua herritarrei bizitzaren arlo guztietan euskara normaltasunez erabiltzen laguntzea dela: “Uste dugu garrantzitsua dela gidabaimena euskaraz prestatu eta ateratzen dutenei diruz laguntzea”.
Baldintzen ildoa jarraituz, honako baldintza hauek zehaztu ditu udalak: Bermeon erroldatuta egotea, gidabaimenaren prestakuntza euskaraz egitea, B mailako gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz eginda eta gaindituta izatea eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen eta Bermeoko Udalarekin zorrik ez izatea.
Hala nola, Bermeoko autoeskoletan gidabaimena euskaraz prestatu daitekeela gogoratu dute, teorikako liburua eta testak egiteko informatikako programa euskaraz daudelako; eta ondorioz, azterketa ere euskaraz egin daiteke. Hori horrela, udalak pertsona guztiak animatzen ditu gidabaimena euskaraz egitera, batez ere, gazteak.
Azkenik, dirulaguntza hauei buruzko informazio gehigarria nahi izanez gero, Bermeoko Udaleko Euskara Sailarekin harremanetan jartzeko deia egin dute udaletik, 94 617 91 22 telefonoa, euskera@bermeo.eus helbidea, edota bere webgunea ahalbidetuz.