Urdabai Biosfera Erreserbako "ingurumen-babesa ahultzea" egotzi dio ELAk Eusko Jaurlaritzari
Eusko Jaurlaritza eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Zerbitzuen zuzendaritza Ingurumen Zerbitzua "desegiten" ari direla salatu dute ELA sindikatuko ordezkariek. Jaurlaritzari leporatu diote "arkitekto urbanisten plazak bikoizteko" ingurumena babesteko plazen heren bat kentzea erabaki izana.
Argazkia: ELA sindikatua Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Zerbitzuen Zuzendaritza eta Eusko Jaurlaritza Urdaibai babestu beharko lukeen Ingurumen Zerbitzua “desegiten” ari direla salatu du ELA sindikatuak. Zerbitzuaren desagerpena “jarraitua” izan da azken hilabeteetan eta, salatu dutenez, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren “legezko babes-estandarrak jaisteari uko” egin dioten ingurumen-teknikariak baztertzeko “laneko jazarpen-praktikak” ere egon dira.
Sindikatukoen aurreikuspenen arabera, “datozen asteetan” amaituko da zerbitzua desegiteko prozesua, ingurumena babestera bideratutako hiru plazetako bat amortizatuta: “Zehazki, ELAko ordezkari sindikal batek betetzen duen plaza amortizatuta”. Jaurlaritzak arrazoi bakarra argudiatu diela diote: “Pandemiaren ondorengo suspertze ekonomikoa, sustatzaileen finantza-eskuragarritasun handiagoarekin eta etxebizitzetan ostatu turistikoak emateko proiektu ugarirekin batera”. ELAkoek “zalantzazko” argudiotzat jo dute eta Jaurlaritzari egotzi dizkiote bai Urdaibai Biosfera Erreserbako ingurumen-babesa “ahultzea”, bai ingurumena babesteko plazen heren bat kentzea, “arkitekto urbanisten plazak bikoizteko”.
Hala, Jaurlaritzaren lehentasuna “tokiko biztanleen beharrei erantzutea” izan behar dela nabarmendu dute, betiere, ekosistemen paisaia eta ingurumen balioa errespetatuz: “Dagoeneko turistifikazio masiboaren ondorioak jasaten ari den lurralde batean, ezin zaie lehentasuna eman turismo-ostatuen proiektu gehiagori. Urdaibaiko biztanleei etxebizitza-irtenbide bat emateko, beren lurraldea kontserbatu behar da, eta ez da higiezinen eta turismoaren espekulatzaile gutxi batzuen intereserako salgai jartzen jarraitu behar”.
“Edozein ingurumen-helbururen aurka” doan argudioa eta “jazarpen sindikalaren neurria” salatzeaz gain, Ingurumen Zerbitzua desegiteko asmoak etetea eskatu dute: “Urdaibai babesteko premiazkoa da Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Zerbitzua eraisteko ahaleginak eta erreserbaren sorrerako asmoa defendatzen duten langileen aurkako errepresalia oro saihestea“.