Euskararen erabilera normalizatzeko plana egin du Gautegiz Arteagako Udalak
Euskararen egoera zein den aztertu ondoren, helburu estrategikoak zehaztu dituzte.
Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plan Estrategikoa osatu du Gautegiz Arteagako Udalak. 2027. urte amaiera arte egongo da indarrean, eta Patrik Saitua alkatearen berbetan, jarraitu beharreko norabidea zehazteko lagungarria izango da: “Udalaren barneko euskara plana da. Plan hauek ondo daude jakiteko non gauden eta nora joan behar dugun, eta bide horretan ze pauso eman behar ditugun; norabide bat edukitzeko garrantzitsuak dira”.
Arlo horretako lehenengo plana da udalarentzat. Udalak orain arte ez du euskararen erabilera normalizatzeko planik izan, eta 2026an hartu du erabakia plana diseinatu eta martxan jartzeko: “Agintaldi bakoitzean euskara plan bat edukitzea derrigorrezkoa da, eta guk ez dugu eduki eginda”. Eusko Jaurlaritzako teknikariekin lan egin dugu”. Hain zuzen ere, diagnostikoa egiteko eta plana diseinatzeko, Eusko Jaurlaritzaren Kemen metodologia eta Saregin aplikazioa erabili dituzte.
Lehenengo, udalean euskararen egoera zein den jakiteko, diagnostikoa egin zuten, eta ondoren, diagnostiko horretan oinarrituta, erronkak eta helburuak jasotzen dituen plana diseinatu dute: “Ikusi dugu eskatzen den gehiena betetzen genuela, nahiz eta euskara planik ez eduki; izan ere, normalean informazio guztia euskaraz ematen dugu eta gure arteko harremana ere euskaraz da; langileen artean hizkuntza nagusia euskara da. Era berean, hobetzeko ditugun puntu batzuk ere ikusi ditugu. Hurrengo planetarako hasiera bat suposatzen du, non gauden eta nora joan behar garen jakiteko”. Alkateak azaldu bezala, hobetu beharrekoen zerrendan dago lizitazioak euskaraz egitea: “Askotan, teknikoak izan diren dokumentuak, pleguak, adibidez, gazteleraz egin dira eta horiek euskaraz egon beharko dira”.
Adierazleen irakurketa kualitatiboa eginda, helburu estrategikoak eta bi urterako kudeaketa plana zehaztu, hizkuntza irizpideak idatzi eta erabilera planaren dokumentua osatu dute, baita Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren aginduzko txostena eskatu eta udalbatzan onartu ere.
Gautegiz Arteagako Udalak VII. Plangintzaldia amaitu arteko epealdian edukiko duen ikuspegia jaso dute planean: Gautegiz Arteagako Udala erakunde “erreferentea” izango da euskararen erabileran; euskara izango da lehen hizkuntza barneko eta kanpoko harremanetan, herritarren hizkuntza eskubideak “modu osoan eta hurbilean” bermatuz.
Eusko Jaurlaritzak onartutako hizkuntza irizpide orokorretan (HOEI) eta indarrean dagoen araudian oinarrituta jaso dituzte udalean hizkuntza ofizialak erabiltzeko jarraibide orokorrak. Erabilera planaren jarraipena egin ahala eta aldizkako ebaluazioetan, hizkuntza irizpideen betetze maila aztertu eta beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak ezarriko dituzte.
Hauek dira planean jasotako printzipio orokorrak: euskara izango da ohiko zerbitzu eta lan hizkuntza; herritarrek eskubidea izango dute udalarekin duten harreman oro haiek hautatutako hizkuntzan izateko, udalak neurriak hartuko ditu euskararen erabilera mugatzen duten oztopoak ezabatzeko; komunikazio argia eta inklusiboa sustatuko dira.
Helburu estrategikoak. Diagnostikoaren emaitzak aztertuta eta planaren bisioa aintzat hartuta adostu dituzte helburu estrategikoak. Kudeaketa arloan, euskararen kudeaketarako sistema egituratzea eta lidergoa sendotzea dute helburu, baita interes taldeei euskararen sustapen estrategia komunikatzea ere. Era berean, kontratuetako hizkuntza klausulen jarraipen egiteko sistema egituratu eta diru laguntza eta hitzarmenetan ere txertatuko dute.
Erabilerari dagokionez, zerbitzu zein lan hizkuntza izateko lan egingo dute. Txosten teknikoak eta juridikoak, prozedura administratiboak eta xedapen orokorrak euskaraz egon daitezen baliabideak jarriko ditu udalak. Langileentzako prestakuntza orokorra euskaraz izatea lortzea eta hizkuntza trebakuntza eskaintzea ere badira helburuak, baita baliabide informatikoak eta lan tresnak euskaraz erabiltzea ere.
Idazkietan bezala, barne zein kanpoko komunikazioan (idatziz zein ahoz) euskara bermatzea eta lehenestea jaso du planean. Hain zuzen ere, udal ordezkariak eta langileak “eredugarriak eta koherenteak” izango dira hizkuntza irizpideekin zein euskararen erabilera: “Ordezkari politikoen eginkizuna izango da udalaren jarduera guztietan hizkuntza irizpideak betetzea eta betearaztea”. Udalarekin harremanetan dauden herritarrekin, beste erakunde publikoekin, entitate pribatuekin eta abarrekin euskararen aldeko jarrera proaktiboa izateaz gain, udal ordezkariek erabilera planaren diseinu, garapen eta jarraipenean parte hartuko dute. Bestalde, langileen arteko harremana euskaraz izango da lan orduetan: “Langileak eredugarri izango dira euskararen erabileran, udaletxean entzuten den hizkuntza ere udalaren irudia baita”.