Eako Irakurketa kluba familian ekimenaren hiru saio egingo dituzte urtea amaitu bitartean
Irakurketa kluba familian ekimenari jarraipena emango diote Ean, eta urritik abendura bitartean hiru saio egingo dituzte, bana hilabete bakoitzean.
Urriaren 30ean, azaroaren 27an eta abenduaren 18an 18:45etik 19:45era bitartean elkartuko dira liburutegian. 6-8 urte bitarteko umeei eta horien familiei zuzendutako proposamena da, eta umeek guraso banarekin parte hartu dezakete: “Irakurketaz eta literaturaz gozatzea izango da asmoa, eta bide horretan, gurasoen ezinbesteko parte-hartzea bilatuko da. Izan ere, gurasoak dira testu eta haurren arteko bitartekari nagusiak”.
Doako eskaintza bada ere, saioetan parte hartzeko aurretiaz izena eman behar da, komunikazio sareen bidez zabaldu duten galdetegian. Arduradunek zehaztu dute gehienezko kopurua gaindituz gero, izen-emate hurrenkeraren arabera osatuko dutela zerrenda, baina Ean erroldatutako umeek lehentasuna izango dute. Urriaren 21 (eguaztena) da izena emateko azkenengo eguna.
Esan dutenez, haurrekin literatura gozatzeko eta partekatzeko “baliabideak eskainiko” dizkiete gurasoei; bibliografia egokia ezagutzen, irakurtzeko espazioa eta denbora sortzen eta transmisiorako hainbat teknika bereganatzen lagunduko diete.
Irakurzaletasuna sustatzea, kalitatezko euskal bibliografia ezagutaraztea, guraso edota hezitzaile eta haurraren arteko irakurketa giroa sortzea, guraso edota hezitzaileak ozenki irakurtzen trebatzea dira ekimenaren helburu nagusiak, baita umeek giro lasaian gozatu dezaten lortzea, eta parte hartzaileen artean liburutegira joateko ohitura sustatzea ere.