Zuberoatik Ibarrurira, esentzia mantenduz
Urtaroz aldatuta etorri dira inauteriak Ibarrurira. Zuberoako inauterien bereizgarri dira maskaradak, eta Baso-Txoritxu Dantza Taldekoek horietako bat eurenera eroatea erabaki dute oraingo honetan. Maskaradan oinarrituta ospatu zuten Ibarruriko Dantzari Eguna atzo [urriak 11].
Aitzindari edo dantzari diren entseinaria, txerreroa, gathuzaina, zamaltzaina eta kantiniersa, buhame jaunak, jaun eta anderea, Kabana Handi edo nagusia, Pitxu… Hamaika pertsonaia elkartu ziren Ibarrurin, eta ikuskizun berezi bezain ederra eskaini zieten bertaratutako denei: “Zuberoako maskarada ekarri dugu Ibarrurira arte. Maskaradetan normala denez, maskaradak herririk herri izaten dira; Zuberoako herri batekoak beste herrietara joaten dira euren dantzak erakusten, eta herrietako egiten dizkiete barrikadak. Barrikadetakoek oztopatzen dituzte dantzak. Horiek egin ditugu Ibarrurin, auzoz auzo. Undan hasi, gero Burdixen, eta orain, hemen plazan iruditu dugu maskarada”.
Hain zuzen ere, aurreko aldietan Ibarruriko frontoian egin izan dituzte eguneko ekitaldi denak, baina, aurten, horiek auzoetara zabaldu dituzte. 10:00etan Unda auzoan hasi zuten dantzari eguna, eta gero, Burdixeraino joan ziren. Auzoetan zein eguerdian frontoian egin zuten ekitaldi nagusian, barrikadak, dantzak eta antzezpenak uztartu zituzten, “maskaradaren esentzia islatuz”.

Gaur egungo dantza taldeko kideek eta dantzari izandakoek, Ibarruriko Abesbatzaren kideek eta herritar ugarik parte hartu zuten eguerdiko ekitaldi nagusian. Dantzez gain, istorio eta bitxikeriak kontatu zizkioten publikoari.
Gero, 150 pertsona inguru elkartu ziren herri bazkarian, eta bazkalostean, Taxus taldeko kideekin bingo musikatua egin eta kantatzen eta dantzatzen aritu ziren. Horrekin batera, zezen mekanikoa ipini zuten frontoian, ume, gazte zein nagusien gozamenerako, eta eguna hasi modura, dantzan amaitzeko, Luhartz taldeko musikarien eskutik erromerian batu ziren.
Ibarruriko Dantzari Egunean batu ziren herritar denei eskerrak eman dizkiete antolatzaileek: “Aurten batez ere eskerrak eman nahi dizkiegu auzotarrei, hain ondo hartzearren eta maskaradak eskatzen zituen pausoei hain ondo erantzutearren”. Urtero egun horri “zentzua ematen” dien dantzari eta kantariez gain, oraingoan antzezle lanetan ibili direnei ere eskerrak eman dizkiete. Era berean, dantza taldean urte osoan zehar lanean dabiltzan ume, gazte zein gurasoen ahalegina nabarmendu dute: “Horrelako proiektu txiki bat hain handi egitearren eta herria bizirik mantentzearren eskerrak eman behar dizkiegu. Astero astero entseatzen etortzen dira”.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.