Naia Lasok bosgarren amaitu du Asunciongo munduko txapelketa
Park modalitateko finalean 78.83 puntugaz bosgarren postua lortuta, Naia Laso skater bermeotarrak ondo bideratuta du 2028ko Olinpiar Jokoetarako txartela.
Naia Laso Asunciongo World Roller Games txapelketanBAT Basque Team Naia Laso skater bermeotarrak bosgarren amaitu du Asunciongo (Paraguai) World Roller Games txapelketa, 17 urterekin munduko skater onenen artean dagoela berretsiz. Park modalitateko finalean lortutako 78.83 puntuak “oso garrantzitsuak” dira BAT Basque Teameko skatearrak 2028ko Los Angeleseko (AEB) Olinpiar Jokoetarako txartela lortzera bidean.
Finalaurrekoan aurreko jardunaldietan sortu ahal izan ziren zalantza guztiak argitu zituen bermeotarrak, eskumuturra zertxobait minduta izan arren lehen saiakeratik bere maila erakusteko gai izan baitzen. Horren isla da 78.01eko puntuazioa poltsikoratuta lortu zuela final handirako txartela.
Finalak utzitakoagaz “nahiko pozik” agertu da bermeotarra, Olinpiar Jokoetara begira asko puntuatzen duen munduko txapelketa izanik, hurrengo txapelketak “lasaiago eta presio gutxiagorekin” lehiatu ahal izango baititu. 78.83ko puntuazioagaz 2024an Italian lortu zuen hirugarren postua errepikatzetik urrun gelditu da: urrezko domina Mizuho Hasegawa 15 urteko skater japoniarrarentzat izan da, 91ko puntuazioagaz eta, zilarrezkoa eta brontzezkoa, berriz, Sky Brown britainiarrarentzat —89.5 puntu— eta Cocona Hiraki japoniarrarentzat —88.5 puntu—, hurrenez hurren.
Lasok egin gura zuen trikimailua egiteko aukera izan zuen finaleko bigarren saiakeran, eta horregaz “pozik” dago: “Trikimailu bat egin nahi nuen eta ondo atera zait, gero huts egin badut ere; horregaz pozik nago”. Halere, egin ahal zituen “truko gehiago” dituela jakinik, bere maila onena erakutsita podiumean amaitu ahal zuela deritzo.